NAIZ

Bakaikuko Udala batuta, 110 udalerri izanen ditu UEMAk

Arratsalde honetan Bakaikuko Udalak osoko bilkura eginen du, eta bertan, UEMAko kide izateko eskaera onartzea espero dute. Maiatzaren 18an eginen du mankomunitateak Batzar Nagusia, Lesakan, Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, eta ordutik aurrera izanen da Bakaiku 110. kidea.

Bakaiku Sakanako herria da eta 343 biztanle ditu.
Bakaiku Sakanako herria da eta 343 biztanle ditu. (UEMA)

Lakuntzako eta Zegamako udalek martxoko udal osoko bilkuretan erabaki bezala, Bakaikuk ere UEMAko kide izatea erabakiko du arratsalde honetan, apirileko Udaleko osoko bilkuran. UEMAk maiatzaren 18an Lesakan eginen duen Batzar Nagusian onartuko ditu hiru herrien eskaerak, eta 110 udal izatera iritsiko da mankomunitatea. Guztien artean 345.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Bakaiku Nafarroa Garaiko udalerria da. Sakana eskualdean dago eta 343 biztanle ditu. EH Bilduren esku daude Bakaikuko Udaleko zazpi zinegotziak. Bakaiku eta Lakuntza gehituta, Nafarroako 18 herri izanen dira UEMAko kide. Horietarik bost, zehazki, Sakana eskualdekoak dira: Etxarri Aranatz, Arbizu, Arruazu, Lakuntza eta Bakaiku.

Kaleko erabileran eragin nahi du

Euskaldunen indizea %71,25 da Bakaikun. Nafarroako udalerri euskaldunenetakoa da, baina besteak beste euskararen kaleko erabileran eragin nahi du Udalak, horretarako herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzean urratsak eginez, UEMArekin batera.

Maiatzaren 18an Udalerri Euskaldunen Eguna izanen da Lesakan, egun osoko egitarau oparoarekin. Tartean, goizean, UEMAren batzar nagusia izanen da, eta mankomunitateak orduan onartuko ditu Bakaiku, Lakuntza eta Zegamako udalen eskaerak. Ofizialki, beraz, egun horretatik aurrera izango dira UEMAko kide.