NAIZ

Renfek Gipuzkoako aldirietako tren zerbitzua murriztu du

AHTren lanen ondorioz, Renfek Gipuzkoako aldirietako tren zerbitzua nabarmen murriztu du. Atzo hasi ziren murrizketak, eta erabiltzaileak atzerapenengatik kexu ziren. Eguzki talde ekologistak salatu du AHTn milioiak xahutzen ari direla eta ohiko zerbitzua kaskartzen.

Donostiako Renferen geltokia.
Donostiako Renferen geltokia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Renfe enpresa publikoak zenbait ordutegi aldatu ditu Gipuzkoako aldirietako zerbitzuetan atzotik, Adif erakunde publikoa abiadura handiko trena ezartzeko lurraldeko trenbide sareko azpiegituran egiten ari den obrak direla eta. Zerbitzuan murrizketa nabarmenak egin dituzte eta atzo atzerapenengatik kexu ziren erabiltzaileak, Aiurri atariak argitaratu zuenez. Momentuz, zerbitzuaren murrizketak ez du epemugarik.

Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak zalantzan jarri du AHT inoiz martxan jarriko dutenik eta salatu du haren azpiegituretan «milioiak xahutu eta xahutu» jarraitzen dutela, herritarrek lanera edo ikastera joateko darabilten zerbitzua «etengabe degradatzen» ari den bitartean.

Renfek atzo jakitera eman zuenez, Irun-Brinkola aldirietako ordutegi berria sartu zen indarrean atzo, eta horrela, ordutegi eskaintza murriztu egin da, bide bakarra eta abiadura muga ezarri direlako Hernani eta Donostia artean eta Andoain-Irun tartean. Horrek, bidaien denborak luzatuko ditu eta zerbitzua egokitzera behartu du. Ordutegi berriak Renferen webgunean kontsulta daitezke.

Eskariari aurre egiteko Brinkola eta Irun arteko tren batzuek edukiera bikoitza izango dutela ere jakinarazi zuen Renfek. Horrez gain, aldirietako bidaiariek distantzia ertaineko trenak erabili ahal izango dituzte. Distantzia luze eta ertaineko trenetan maiztasuna ez da aldatuko bi noranzkoetan, baina bidaia denborak areagotu egingo dira, 8-10 minutu batez beste.

Lanek dirauten artean, 11.30eko Donostia-Gasteiz eta 16.45eko Gasteiz-Donostia Intercity trenen ohiko ibilbidea autobusez egiteko aukera egongo da.

Atzerapenak

Renfek eskainitako aukerak, ordea, ez dira nahikoa orain arte ematen zen zerbitzua ordezkatzeko eta atzo bertan atzerapenak salatu zituzten erabiltzaileek.
Eguzki taldeak salatu zuen Itsasondoko eta Ormaiztegiko geltoki eta nasetako lanak 1,6 milioi eurotik gorakoak direla eta zalantzan jarri zuen AHT «inoiz inora iritsiko» denik.

Horregatik, gogor kritikatu zuen herritarrek egunero lanera edo ikastera joateko darabilten zerbitzuaren «etengabeko degradazioa». Halaber, azpimarratu zuen murrizketa hauteskundeen ostean egin dela.