NAIZ

Gazte literatura itzultzeko Minaberri beka sortu dute EIZIEk eta Iruñeko Udalak

Iruñeko Udalak eta EIZIE euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak Minaberri beka sortu dute, urtero gazte literaturako lan adierazgarri bat euskarara ekartzeko. Itzulpena Txalapartarekin argitaratuko da.

Minaberri itzulpen beka urtero esleituko da.
Minaberri itzulpen beka urtero esleituko da. (IRUÑEKO UDALA)

Gazte literatura euskarara ekartzeko egitasmoa abiatu dute Iruñeko Udalak eta EIZIE, euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak. Iruñeko Udalak ohar bidez adierazi duenez, beka 30 urte baino gutxiago dituzten itzultzaileei dago zuzendua eta urtero esleituko da. Beka eskuratzen duenak 3.000 euro jasoko ditu eta mentore baten laguntza izango du itzulpena gauzatzeko.

Egitasmoaren helburua gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea da, «kalitatezko lanak» eskainiz eta euskaraz sortzen direnez gainera nazioarteko literaturako obrak hizkuntza horretan irakurtzeko aukera irekiz.

Lehen edizio honetan parte hartzeko, EIZIEk hautatutako Laurie Halse Andersonen ‘Speak’ liburuaren zati baten euskararako itzulpena aurkeztu behar da ekainaren 17rako. Euskarazko itzulpenaren beste beka, sari edo lehiaketa batean sarituak suertatu direnek ezingo dute parte hartu. Beka proposamenak goitizen bidez aurkeztu beharko dira EIZIEra (ohiko postaz edo posta elektronikoz). 

Epaimahaia itzulpengintzaren alorreko adituek osatuko dute, euren artean EIZIEko eta Txalaparta argitaletxeko kide banak. Azken honek argitaratuko du itzulpena.

Beka honen bidez, EIZIEk itzulpengintza sustatzeaz batera itzultzaileen trebakuntzan, itzulpenen kalitatean eta irakurzaletasunean ere eragin nahi du. Hori dela eta, Minaberri bekaren bidez euskarara ekarriko diren lanak hautatzerakoan aintzat hartuko dituzte gazte literaturako nazioarteko sariketa ospetsuenak diren Hans Christian Andersen eta Astrid Lindgren sariak. Urtero, hautaketa batzorde batek sariketa horietan saritu diren lanak aztertu eta egokien irizten duen lana proposatuko du Minaberrirako.

Bekaren izena Marijane Minaberriren omenezkoa dela ere azaldu dute Udaletik. Idazle baxenafartarrak ibilbide luzea egin zuen haur eta gazte literaturan, eta itzulpengintzan, poesian eta antzerkian ere ibili zen.