NAIZ

Gerrak ez du atseden hartzen, ezta su-etenaren aldeko ahaleginek ere

Su-etenerako negoziazioak hil ala biziko atakara iritsi dira. Israelgo prentsan baikortasuna ageri da, baita Qatarko Al Jazeeran ere. Erakunde palestinarrak «aurrerapausoak» aitortu ditu eta ezer ez da ofiziala, baina, den-dena zintzilik dago; gerrak etenik ez duela da ziurtasun bakarra.

Haur palestinarra, ur bidoia eramaten, Beit Lahian, Gazako iparraldean.
Haur palestinarra, ur bidoia eramaten, Beit Lahian, Gazako iparraldean. (AFP)

Israelgo ‘Haaretz’ egunkaria irakurrita edo Qatarko Al Jazeera ikusita, sentipen batek indar hartu du azken orduotan: su-eten akordioa «inoiz baino gertuago» egon daiteke. Bateko eta besteko adierazpenak, CIAko buruaren presentzia, Egipto eta Qatar «akordioaren detaileetan eta logistikan» jadanik lanean hasiak diren informazioak, oraindik konfirmatu gabeak izan arren, norabide horretan aurreratzen ari direla adierazten dute.

Fase ezberdinetan gauzatuko omen da akordioa, Egiptoko eta Qatarko talde teknikoak akordioaren kontu operatiboak aurreratzen hasiak dira eta, iturri ezberdinek adierazi dutenez, lehen fasean Hamasek su-eten iraunkor baten eskaera bertan behera utziko luke. Nonbait, halakorik egongo ez delako, akordioaren lehen fasean behinik behin. Horren ordainetan, Hamasek denboran hilabete bat baino gehiago luzatuko den su-etena eskatzen du, nolabaiteko arnasa eta normaltasuna ekarriko lukeena, nazioarteko komunitatea behin betiko akordioaren beharraz konbentzitzen lagunduko lukeena.

Lehen fasea adostu

Osama Hamdan, Hamas erakundeko goi arduraduna dena, Kairora joan zen atzo, negoziazioen azken saioan parte hartzeko. Haren hitzetan, eztabaiden «gako garrantzitsuetako bat» Rafah oldarrez hartzeko Netanyahuren mehatxua da. Aurrerapausoak eman direla baieztatzeaz gain, Egipto eta Qatarko bitartekariak zoriondu zituen, «lan ona egiten ari direla» nabarmenduz. Baina zuhurra izan beharra zegoela errepikatu zuen, «AEBek hau gelditu behar dela erabakitzen badu, bihar bertan gertatuko delako». Hartara, elkarrizketen beste gakoetako bat AEBetako benetako posizioa zein izango den finkatzea izango dela aurreratu zuen.

Atzo bertan ‘Haaretz’ egunkari israeldarrak, Armadaren iturriak aipatuz, milioi eta erdi palestinar desplazatu hartu dituen Rafah hiriaren aurkako operazio militarra erabakita dagoela argitaratu zuen. Ordutara, baina, Antony Blinken AEBetako estatu idazkariak Israel ohartarazi zuen, Rafahren kontrako oldarraldiaren aurka, eragingo lukeen hildako kopurua «onargarria baino haragokoa» izango litzatekeela.

Bistan da, aldeen arteko ezberdintasunak leuntzen bitartekariek ez dutela lan makala. Ezagunak dira baten eta bestearen eskaeren arteko ezberdintasunak: Israelek bahitu guztien askapena eskatzen du, behin-behineko su-eten baten truke. Hamasek, aldiz, gerraren behin betiko amaiera sartu nahi du ekuazioan. Eta kontuak horrela, aurrerabidea urratsez urrats, fase batekoak hurrengo fasekoak lagunduz, etorriko dela dirudi. Zurrumurruak egiaztatuko balira, lehen faserako akordioa espero da, bahitu batzuk preso palestinar batzuen truke, eta hilabete pasako su-eten baten forma hartuko luke. Eta gero, gerokoak.

Baina bistakoa da, halaber, akordioak etsai handiak eta baldintzapen indartsuak dituela. Israel barneko egoera da bat. Hango gizartea eta politika polarizatuta daude, eta toxikoki adierazten diren ezberdintasunek paralisira bultza dezakete. Batetik, Rafah erasotzeko erabakia dago, ez AEBek, ez Europako Batasunak, ezta Israelgo gizartearen parte handi eta mobilizatu batek ere onesten ez dutena.

Netanyahuk dio Hamasekin akordioa egin edo ez, Rafah hartuko dutela. Gerrari amaiera ematea ez duela sekula onartuko su-etenerako akordioaren baldintza bezala. Bere gobernu koalizioko kide diren eskuin muturreko ministroek publikoki esan diote, Rafah oldarka hartzen ez badu, zentsura mozioa berehala aurkeztuko dutela. Itamar Ben-Gvir, Segurtasun Nazionalerako ministroa, eta Bezalel Smotrich, Finantza ministroa, nabarmendu dira bereziki afan horrekin. Argi adierazi dute Rafah inbaditzea nahi dutela eta gerra ez amaitzea, hori dela Netanyahuri boterean jarraitzeko ezarri dioten prezioa.

Egoera petral horretan eragiteko, AEBek William Burns, CIAko burua, Egiptora eta Israelera bidali dute. Kairoko elkarrizketek eta Tel Aviveko zatiketek sortzen duten kezkaren adierazle da, baita zerbait mugitzen ari den susmoa ere.

Protesten olatua goraka

AEBetako unibertsitateetan genozidioaren aurka altxatu diren protesten olatuak gora egiten segitzen duen unean, Europara jauzi egin duen honetan (Berlinen, Dublinen... eta Euskal Herrian ere protestak iragarri dituzte unibertsitateetan), edo agian elkar elikatzen diren gertakari bezala, Tel Aviven Netanyahuren aurkako protestak handitzea ekarri du.

Atzo bertan, tentsio biziko giroan, milaka eta milaka israeldar atera ziren hiriburuko kaleetara, Lehen Ministroaren dimisioa eskatzen eta gerra gerarazteko egin beharrekoa egin dezala aldarrikatzen.

Protestetan bat egin dute Netanyahuren aurka aspalditik mobilizatuta dabiltzanak eta Hamasek bahitutako israeldarren senideen elkarteek. Baita israeldar diasporan ezkerreko jarrera duten gazte judu ugarik ere. Senideak, astero-astero kalera irteten dira protestetara, haien seme-alabak, anai-arrebak, aitona-amonak, etxera bizirik ekarriko lituzkeen su-etenaren inguruko akordioa eskatzera. Babes gero eta handiagoa dute, ahots eta luma gero eta gehiagok bat egiten dute haiekin Israelgo hedabideetan, gazte gero eta gehiago hurbiltzen dira beren elkarretaratzeetara. Nonbait, denek dakitelako, su-etenik ezean, are Rafah militarki erasoko balitz, beren senide bahituak hiltzeko arrisku larrian egongo liratekeela, suaren lehenengo lerroan.

Hildakoak, zenbatezin

Egoera eta aurreikuspen guztion artean, etenik ez duena gerra da. Heriotza gehiagoren kronikak zenbatezinak dira, txikizioa nonahikoa da, artilleria eta aire erasoek ez dute atsedenik hartzen. Palestinako Osasun Ministerioak ohar bidez adierazitakoaren arabera, 30 hildako gehiago zenbatu ziren atzo, horietako asko Khan Yunisko ekialdean den Fukhariko meskitaren kontrako aire bonbardaketetan.

Baina Gazan bakarrik ez, Zisjordanian ere egun odoltsua izan zen atzokoa. Tulkarem ondoko Deir Al-Ghusun herrian Israelgo Armadak egindako sarekada batean sei palestinar hil zituen, eta biktimen kopurua gora joatea espero zen, birrindu zituzten etxebizitzen hondakinen artean lurperatuak egon zitezkeela uste baitzuten.

Bestalde, Palestinako Osasun Ministerio berak beste ohar batean aditzera eman zuenez, Adnan al-Barash sendagilea, Al-Shifa ospitaleko ortopedia sailaren burua, Israelgo kartzela batean hilda aurkitu dute. Duela lau hilabete preso sartu zuten, lan egiten zuen ospitalearen kontrako operazioan soldadu israeldarrek kargurik gabe atxilotu ondoren. «Torturatuta hil dute», adierazi zuen ministerioak, nazioarteko erakundeei Al-Barash sendagilearen heriotzaren inguruan berehalako eta urgentziazko ikerketa bat abiatu dezaten galdeginez.