Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

‘Rebelde’, Josu Urrutikoetxearen bizitza jasotzen duen serie dokumentala

Ordubeteko lau kapituluk osatzen dute Josu Urrutikoetxearen bizitza jasotzen duen ‘Rebelde’ serie dokumentala. Irrintzi Films etxeak ekoizturiko lan honetan egungo egoera ulertzeko Euskal Herriaren historiaren azken 50 urteak ere jaso nahi izan dituzte.

Josu Urrutikoetxea, sakeleko telefonoari begira.
Josu Urrutikoetxea, sakeleko telefonoari begira. (IRRINTZI FILMS)

Josu Urrutikoetxearen bizitza jasotzen du ‘Rebelde’ produkzioak. Irrintzi Films ekoizetxearen lana da eta webgunean ikusi ahal da streaming bidez. Frantsesezko azpitituluak Lorentxa Beirye eta Aitzol Gogorzak egin dituzte. Hasiera batean ohiko dokumentala egitea zen asmoa eta Hendaian aurkezpen bat egitera heldu ziren 2022ko ekainean. «Ez ginen pozik geratu. Josuk esan nahi zuen guztia ezin zen dokumental batean atera. Historia oso garbi du buruan eta ez da errepikatzen. Oso zaila da bere diskurtsoa moztea eta editatzea», dio lanaren ekoizpenean jardun den Juan Luis Napalek.

Gauzak horrela, elkarrizketa berria egitea erabaki zuten. Sei ordu eta erdiko grabazioa izan da. «Lau ordura moztea lortu dugu», azpimarratu du Napalek. Horrela, ordubeteko lau kapituluko seriea ekoiztu dute, kronologikoki antolatuta.

Urrutikoetxeak garrantzi handia ematen dio haurtzaroari zein ihesean eman zituen lehen urteei –lehen kapituluan bilduak–, egungo egoera azaldu ahal izateko. Jordi Evoleri emandako elkarrizketan ere hori nabarmendu nahi izan zuen. Baina ez zen apenas azaldu. «Hori ezin duzu utzi bost minututan. Edo hamar minututan. Ordubeteko kapitulu batean jaso dugu. Elkarrekin horrelako zerbait egitea erabaki genuen. Eta pozik gaude emaitzarekin», dio Napalek.

Josu Urrutikoetxea pasadizo bat kontatzen. (IRRINTZI FILM)
Josu Urrutikoetxea pasadizo bat kontatzen. (IRRINTZI FILMS)

«50 urteko historia ordu batean kontatzea ezinezkoa zen», berretsi du Napalek. Bide batez, seriean morborik ez dagoela azpimarratu du. «Gertatutakoak kontatzen ditu, baina ez da morboan sartzen. Bere bizipena da, ez besterik».

Bizitakoa kontatzeko beharra zuen Urrutikoetxeak. Honekin batera, Euskal Herriko historiaren azken 50 urteotako bere ikuspegia azaldu nahi zuen. «Elkarrekin doaz. Egoera horiek guztiak bizi dituenetako gutxienetakoa da. Zoritxarrez gutxi daude. Dokumentalean berak esaten du, asko hil dira gaixorik, asko zahartzaroagatik eta asko erail egin dituztelako. Gutxi dira aro horiek guztiak bizi izan dituztenak eta lehenengo eskutik kontatu ahal dizkigutenak».

Memoria historikoaren ariketa bat

Azken finean, memoria historikoaren ariketa gisa planteatu dute. «Memoria historikoaz hitz egiten dugunean 1936ra goaz. Baina gertuko memoria historikoa ere ezin dugu ahaztu. Berak, behin eta berriz esaten duenez, gazteriarengana heldu nahi du. Zergatik bizi diren gaur egungo Euskal Herrian kontatu nahi die gazteei. Gazte askok ez dakite, adibidez, hemen intsumisioa izan zela. Ez dakite erakundea zergatik sortu zen. Nondik gatozen eta nora goazen kontatu nahi die».

Gazteengana heltzeko beharbada formaturik errazena ez dutela aukeratu argi dute. Dena den, gaztetxe batzuetatik harremanetan jarri direla eta interesa piztu dela dio Napalek. Zenbait herritatik ere deiak jaso dituzte. «Egia esan, ez dakigu oso ongi nola egin. Lehenengo kapitulua proiektatzea eta gero jendeak etxean besteak ikustea planteatu digute. Ekaineko ostiraletan kapitulu bana ematea ere proposatu digute. Baina oso zaila da lau kapituluak proiektatzea», azaldu du.

Aukeratu duten formatua plataforma bat osatzea eta bertan streaming bidez dokumentala ikusi ahal izatea da. Dokumentala astebetez alokatzea izan da hautaturiko formula. Dena den, dokumentala gorde ahal izateko eskariak ere jaso dituzte eta aztertzen ari dira pen-drive batean eskaintzea.