NAIZ

Silvio Rodriguezekin elkartu da Jon Maia Habanan eta Euskal Herriari dion maitasuna eskertu dio

Silvio Rodriguez abeslariarekin elkartu da Jon Maia Habanan. Iazko azaroan zumaiarraren eskutik ‘Nostalgia’ abestia euskaraz kantatu zuen kubatarrak, eta orain Ojala estudioetara gonbidatu du. Euskal Herriari dion «maitasunagatik, eskuzabaltasunagatik eta umiltasunagatik» eskerrak eman dizkio Maiak.

Silvio Rodriguez eta Jon Maia, astelehenean Habanan.
Silvio Rodriguez eta Jon Maia, astelehenean Habanan. (@maia_jon)

«Batzuetan, oharkabe, nostalgiaren beso gozotan galtzen naiz; eta ume, itzuli, aitonaren txori; usaindun jertse granate hartara, barrez», kantatu zuen azaroan, euskaraz lehen aldiz, Silvio Roldriguez Kubako abeslari ezagunak, Jon Maiaren eskutik, Euskal Herriarekin ordura arte izandako harremana are gehiago estutuz. 

Oraingoan, berriz, elkarrekin izan dira Maia eta Rodriguez, baina Habanan, Kubako hiriburuan. Jon Maiak X sare sozialean partekatu duenez, musikari kubatarrak Ojala estudiora gonbidatu zuen astelehenean. «Kantuen artisau erraldoiari» honako mezu hau helarazi dio: «Eskerrik asko, Silvio, atzo Habanako Ojala estudioetan goxo eta luze hartzeagatik, zure eskuzabaltasunagatik, zurea bezalako ahots unibertsal batek euskaraz kantatzeagatik».

‘Nostalgia’ abestiari buruz ari da. 2023ko azaroan NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan estreinatu zen kantu honetan Silvio Rodriguez da Maiak idatzitakoa abesten duena, Gorka Hermosaren musikarekin.

Jon Maiak saio horretan bertan azaldu zuenez, lan hau «ametsa betetzea» izan zen beretzat, baina baita erronka ere. «Zeinek esango zidan niri, umetan nire logelan Kortatu edo Benito Lertxundi edo Silvio Rodriguez entzuten nituenenan haiek nik idatzitako zerbait abestu edo nirekin abestuko zutenik. Nik ez dizkiot nire buruari mugak jartzen. Horrela iritsi nintzen Silviorengana», esan zuen.