NAIZ

Silvio Rodriguez euskaraz, Jon Maiaren eskutik: ‘Nostalgia’

Silvio Rodriguez abeslari eta musikari kubatarra, estreinakoz, euskaraz ausartu da. Jon Maiaren eskutik egin du, azken honen ‘Kantu berri bat gara’ lanaren ‘Nostalgia’ kantan. NAIZ Irratian entzun ahal izan da lehen aldiz, astelehen goiz honetan.

Lau hamarkadetako ibilibide luze bezain oparo baten ondotik, Silvio Rodriguez kantautore kubatarrak Jon Maiaren gonbidapena onartu eta euskaraz kantatu du ‘Nostalgia’ izeneko kantuan, Gorka Hermosaren doinuekin egina. NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan aurkeztu dute lana Maiak eta Hermosak.

Abestiaren izenak ongi definitzen duen moduan, nostalgiari, iraganari, abesten dio Rodriguezek euskarazko lanean. «Batzuetan, oharkabe, nostalgiaren beso gozotan galtzen naiz; eta ume, itzuli, aitonaren txori; usaindun jertse granate hartara, barrez»

«Nostalgiak batzuetan mina ematen du, baita plazera», azaldu du Maiak NAIZ Irratian. «Nire aitonarekin argazki batzuk dauzkat, besoetan, tuxri-beltzean, jertse granate batekin. Argazki horretatik abiatuta, nostalgiak eramaten nau aitonarengana. Bere txori usaindun jertse hartara eramaten nau nostalgiak».

Jon Maia Bigarren Kafean, ‘Nostalgia’ kantua aurkezten

Loading player...

Rodriguezena mundu mailako ahots ezagunenetako bat da. Eta Euskal Herrian ez da ezberdin. Hainbatetan izan da kubatarra emanaldi handi eta hunkigarriak eginez. ‘Te doy una canción’, ‘Ojala’, ‘Oleo de mujer con sombrero’, ‘El necio’ eta beste hainbat eta hainbat kantu historiko ia ereserki bilakatu dituen abeslari handia oraingoan euskaraz kantatzen entzun dezakegu Jon Maiarekin batera ‘Kantu berri bat gara’ lanean. «Ia gurekin, ez daudenen, ahotsak gogoratzen ari naiz orain», kantatzen du.

Gaizki lo egin duela onartu du Maiak. Hala gertzatzen zaiola kantu berri bat partekatu behar duen bakoitzean. Baina iritsi da abesti berezi hau plazaratzeko ordua. «Abestiak eraikuntza masiborako armak dira eta kanta honek ere egin dezala bere ekarpena».

Euskararentzat, opari bat

‘Nostalgia’ kantak efemeride bat sortu du. Silvio Rodriguez euskaraz entzun ahal izatea. Eta Maiaren ustetan, «euskararentzat opari bat» da. Modu horretan planteatu zion kolaborazioa kubatarrari. «Badakigu Euskal Herrian mila jarraitzaile dituela, belaunaldi ezberdinetan. Gainditzen du diskoaren dimentsioa». Ideia horrekin bat dator Gorka Hermosa: «Kantu hau da modu oso polit bat euskarari betirako opari bat egiteko».

Zentzu horretan, Rodriguezen «eskuzabaltasuna» nabarmendu du, bere Ojala estudioetan ahotsa grabatu eta «inongo beharrik gabe» proiektu honetan parte-hartzeagatik. «Seguro baduela Euskal Herriarekiko sentimenduren bat».

Bertsolari, idazle eta abeslariak kontatu duenez, estudiora Silvio Rodriguezen ahotsa iritsi zenean, Kuban grabatuta, Olaia Inziarte zegoen, zeinek ‘Kantu berri bat gara’ lanean ere parte-hartuko duen. «Bizkotxo bat egiteko gogoa ematen dit», hausnartu zuen abeslari nafarrak.

«Ametsak betetzea»

Lan berri hau erronka izan da Maiaraentzat, baina baita ere «ametsa betetzea». «Entzuten duguna gara. Irakurtzen duguna gara. Silvio entzun izan dut txiki-txikitatik. Amaren magnetofoian, bere atmosferan murgilduta. 12 urterekin izebak oparitu zidan Silvio eta Pablo Milanesen zinta bat», ekarri du gogora, nostalgia kutsu batekin.

Gakoetako bat edo gako nagusia «ausartzea» izan dela nabarmendu du Maiak. «Zeinek esango zidan niri, umetan nire logelan Kortatu edo Benito Lertxundi edo Silvio Rodriguez entzuten nituenenan haiek nik idatzitako zerbait abestu edo nirekin abestuko zutenik. Nik ez dizkiot nire buruari mugak jartzen. Horrela iritsi nintzen Silviorengana».

45 urtez Euskal Herrian

Abeslari kubatarra azkenekoz Euskal Herrian, 2019an izan zen, Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin batera antolatutako bira berezi batekin 60. urteurrena ospatzeko. Maiatzaren 9an Bilboko Euskalduna jauregian izan zen. Hurrengoa, Jon Maiaren eskutik?

Baina aspalditik dator Rodriguez eta Euskal Herriaren arteko lotura. Rodriguezek 1978ko abuztuaren 19an jo zuen Iruñean, Ziudadela bezalako gune ireki batean. Sarrerak 50 pezeta balio zuen.

Diskoaren aurkezpen prentsaurrekoa asteazkenean, azaroaren 8an, izango da Bilboko Kafe Antzokian.