NAIZ

Gorka Roca Torre epaiketa berri batera deitu dute Baionan euskara defendatzeagatik

Euskararen alde Baionako Suprefeturako horman ‘Geldi euskara zapaltzea’ idazteagatik atxilotu eta auziperatua izan da Gorka Roca Torre euskaltzalea. Irailaren 10ean egingo diote epaiketa, Baionan. Orain bi hilabete 500 euro ordaintzera zigortu zuten antzerako ekintza batengatik.

Baionako Suprefeturan egindako tindaketa.
Baionako Suprefeturan egindako tindaketa. (HERRIBILTZA)

Euskararen aldeko ekintza bat burutzeagatik irailaren 10ean Baionan epaitua izango da Gorka Roca Torre euskaltzalea. HerriBiltzatik igande honetan jakinarazi dutenez, iragan den ostiralean Bernat Etxepare lizeoko ikasleek «frantses Estatuak euskara zapaltzen» duela salatzeko mobilizazio eguna ospatu zuten, eta deialdiarekin bat egin zuten HerriBiltzako kideek ere.

«Bernat Etxepare lizeoko ikasleek zapalkuntza hori ez dugula onartu behar diote, eta zapalkuntza horren parean euskal herriak bere hizkuntza babestu behar duela aldarrikatzen dute», nabarmendu dute, eta ostiral arrastirian bost euskaltzalek ekintza bat burutu zutela gaineratu dute: «Baionako Suprefeturaren horman, frantses Estatuko agintariei zuzendutako mezua idatzi ginuen: ‘Geldi euskara zapaltzea’».

Kontatu dutenez, beranduago, Baionako Herriko Etxearen ondoan ekintza horretan parte hartu zuelakoan atxilotu egin zuten Gorka Roca Torre eta Baionako komisaldegira eraman zuten. «24 orduz bertan atxiki ondoren larunbat arrastirian askatu zuten», zehaztu dute, baita larunbat goizean Baionako suprefeta bera komisaldegira plenta edo kereila pausatzera joan zela ere.

«Hori dela eta, Gorka auziperatu dute eta irailaren 10ean Baionan epaituko dute. Atxiloketa eta epaiketa bidegabe hauek salatzen ditugu, eta ikasleekin batera ‘Geldi euskara zapaltzea’ frantses Estatuko agintariei adierazten segituko dugu», ziurtatu dute.

Aurtengo martxoan Roca Torreri 500 euroko isuna ezarri diote euskararen lehentasuna aldarrikatzeko eginiko tindaketengatik. Era berean DNA laginak emateari uko egin izanagatik hilabete bateko kartzelaldiarekin -betetzeko beharrik gabe- zigortu zuen Baionako Auzitegiak.

Irailaren 10erako auzirako deialdi berri honetan ere aipatzen da Roca Torrek froga hauek egiteari uko egin ziola.