Andoni Arabaolaza

Everesten egin diren igoerek ertz ezberdinak ukitu dituzte

Ohiko ehunka gailurrez gain, Piotr Krzyzowski poloniarrak munduko mendi garaiena eta Lhotse oxigeno gehigarrik gabe eta bi egunean lotu ditu. Phunjo Lamak, berriz, Everesten abiadurako errekor femenino berria ezarri du: 14 ordu eta 31 minutu.

Himalaiako ohiko denboraldiak edo udaberrikoak aurrera jarraitzen du, baina denbora gutxi geratzen da euriteen sasoia heltzeko eta mendizaleak etxera itzultzeko.

Bitartean, Everestetik, hots, foku guztiak bereganatzen dituen menditik, hainbat berri jasotzen ari gara. Batez ere, Nepalgo isurian dagoen kanpaleku nagusitik. Bide klasikoari dagokionez, hasierako gorabeherak konpondu ondoren, mendiko langile nepaldarrek kanpaleku guztiak hornitu eta soka finkoak gailurrera eraman zituzten.

Leiho on bat iritsi bezain pronto, agentzia komertzialetako bezeroak helburuaren bila irten ziren. Eta dagoeneko ehunka dira lortutako tontorrak. Ohi den bezala, ia denak oxigeno artifizialaren eta gidarien zein soka finkoen laguntzarekin igo dira. Oso-oso gutxi dira botilak bizkarrera eraman ez dituztenak. Besteak beste, Shirbaz Khan, Skalzang Rigzin, Lenka Polackova eta Piotr Krzyzowski.

Azken hori aipatu dugunez, esan behar dugu mendizale poloniarrak egin berri duena azpimarratzeko modukoa dela. Protagonista horrek bere sare sozialetan aipatu du Everest eta Lhotse lotu dituela oxigeno gehigarria erabili gabe eta bi eguneko jardunean. Horretaz gain, gehitu du ez duela inolako laguntzarik izan, hau da, gidari eta langile nepaldarrena. Tresneria guztia (denda, janaria…) bizkarrera eraman eta Lhotseko gailurra maiatzaren 21ean erdietsi zuen. Ondoren, Everesteko laugarren kanpalekura jaitsi eta 23an mendi horren kota garaiena zapaldu zuen.

Poloniarrak lehen aldia zuen Nepalgo zortzimilakoetan (Himalaian), baina eskarmentu handia du Karakorumen; izan ere, bost zortzimilako igo ditu.

Poloniarrak adierazi du bazekiela inguru oso komertzial batera joan dela. «Egoera hori hala da, eta onartu egin nuen. Kanpaleku nagusira iritsi nintzenean, glaziarrean eraikitako hiri bat ikusi nuen: makina bat denda, jangela erraldoiak, kafetegiak, VIP mendizaleentzat denda pribatuak… Nire asmoen inguruan galdetu zidatenean, erantzun nien bakarrik nengoela eta soilik Lhotse eskalatu nahi nuela. Ezustea hartu zuten; bederen, haien begiek hori adierazten zuten».

Errekorrak

Iragan astean NAIZen bertan aipatu genuen Kami Rita Xerpak Everesten lortutako gailurrak: hogeita hamar. Ia denak mendizaleak gidatzen ari zen bitartean.

Bada, errekor gehiago sinatu dira. Phunjo Lamak, adibidez, munduko mendi garaienean abiadura marka berria ezarri du. Ohiko bidea eta tontorra lotzeko 14 ordu eta 11 minutu behar izan ditu. Nepaldarrak abiadurako errekor femeninoa erdietsi du; aurrekoa, Hong-Kongeko Adatsang Yin-Hungek duela hiru urte lortu zuena, hamaika ordutan hobetu du.

Beste emakumezko nepaldar batek ere protagonismo berezia izan du. Purnima Shresthari buruz ari gara. Bada, denboraldi honetan mendizale nepaldarra hirutan izan da Everesteko gailurrean. Hori egiten lehen emakumea bihurtu da. Informazioek ez dute gehiegi argitzen, baina badirudi tontor horiek lanean ari zela erdietsi zituela.