NAIZ
Aduna

Emakumeen aurkako «esplotazioa eta zapalkuntza» gaitzetsi dituzte Adunan

Astelehen honetan gizonezko bat atxilotu zuten Adunan, bertako klub batean langileen eskubideen aurkako eta prostituzioaren inguruko delituak leporatuta. Elkarretaratzea egin dute astearte honetan Udalak eta herritarrek.

Emakumeei babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete Adunan.
Emakumeei babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete Adunan. (Iñigo Uriz | Foku)

Adunako klub batean 18 emakumek jaso duten sexu esplotazio eta zapalkuntza salatzeko elkarretaratzea egin dute Adunako herritarrek eta Udalak astearte honetan. «Onartezina» dela adierazi dute Adunako Udalak eta herritarrek. Erasoa jasan duten emakume guztiei babesa adierazteaz gain, gaitzespen irmoa helarazi dute. «Adunan, ez dugu onartuko emakumeen aurkako esplotazio eta zapalkuntzarik. Ez Adunan eta ez inon», adierazi dute.

Espainiako Poliziak klub bateko jabea atxilotu zuen astelehen honetan, askatu dituzten 18 emakumeri sexu-esplotazioa egitea egotzita. Atxilotuaren bikotekidea ere ikertzen ari dira, espainiar Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzatik baieztatu zutenez. Langileen eskubideen aurkako eta prostituzioaren inguruko delituak leporatzen dizkiote. Astearte honetan aske utzi dute gizona, epaiketa noiz egingo zain.

Ikuskapenean, agenteek hamabost pertsona aurkitu zituzten, horietatik hamaika prostituzioan ari ziren emakumeak, zerbitzari eta arduradun lanetan ari ziren bi langile eta bi bezero. Operazioan, agenteek emakumeen zerbitzuei buruzko karpeta bat ere aurkitu zuten, ezizen batekin.

Emakumeek adierazi zieten klubak eguneko 24 orduetan irekitzen zuela, eta bertan lan egin ahal izateko «plaza» bat kontratatu behar zutela lokalean, gutxienez 21 egunerako. Denbora horretan, lanaldi bakoitzeko 20 euro ordaindu behar zituzten.

Gainera, ordu erdiko zerbitzu bakoitzeko 10 euro ordaindu behar zituzten (60 euro kobratzen zituzten), eta ordubeteko zerbitzuengatik 20 euro ordaindu behar zituzten (120 euro kobratzen zituzten). Bezeroek gonbidatzen zituzten kopei dagokienez, klubak ere % 50 eramaten zituen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere «gaitzespenik irmoena» adierazi du. Era berean, foru erakundeak «gertutasuna eta elkartasuna» adierazi die biktimei, baita haien senideei eta gertuko pertsonei ere, gaur arratsaldeko elkarretaratzearekin bat eginez.

«Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean».