Trumpen koroatzea gauzatuko da Washington kapitulatuan
Trumpek AEBetako presidente kargua hartuko du gaur, bigarrenez. Duela zortzi urte ustekabean munduko boteregune nagusira heldu zen milioidunak bigarren aukera izango du planeta guztia aztoratzeko, baina gauzak aldatu dira denbora tarte honetan, baita lagun gisa haren ondoan eseriko direnak ere.

Washingtonen eguerdia denean, eta arratsaldeko seiak Euskal Herrian, Joe Bidenek Estatu Batuetako 46. presidente izateari utziko dio. Donald Trump, 45. lehendakaria izandakoa, 47. bihurtuko da, Kapitolioaren barruan karguari zin egiterakoan. Duela urtebete baino pixka bat gehiago «diktadore» izateko asmoa adierazi zuen Trumpek, ñabardura eginez: «Baina egun baterako baino ez». Gaur da egun hori.
Fenix hegaztiaren antzera errautsetatik berpiztu eta Washingtonerako itzulera irudikatzeko toki paregabea zirudien National Mallek. AEBeta- ko Kongresua muino txiki batean dago, eta mendebaldera Potomac ibairaino hedatzen den National Malletik begira –edo Etxe Zuritik, Pennsylvania etorbidearen amaieran–, ikusgarri altxatzen da Kapitolioa.
Liderrak ehunka mila laguni hitz egiteko txoko ezin hobea da. Duela zortzi urte, bere burua barregarri utzi zuen Donald Trumpek, Obamak baino jarraitzaile gehiago bildu zituela esatean. Goitik hartutako irudiek agerian uzten zuten batak eta besteak erakarritako jendetzaren aldea, askoz gutxiago izan ziren errepublikanoari ongietorria egitera joan zirenak. Aurten, orduko arantza ateratzeko aukera paregabea zeukan Trumpek, baina eguraldiak asmoa hondatu dio. Ezingo dio zin egin bere karguari Kongresuaren kanpoaldean, National Malleko lau kilometroetan dozenaka edo ehunka mila jarraitzaile dituela.
Kapitolioa, boterearen sinbolo bezala, indarrez hartzen saiatu zen liderrak jarraitzaileei kosta ahala kosta Etxe Zuriari eutsiko ziola esan eta helikopteroz umiliatuta alde egin behar izan zuen buruzagiak, konkistatzaile baten modura sartzekotan zela Washingtonen. Eta hala izango da, baina Kongresuaren barruan eta milaka jarraitzaileren oihurik gabe. Gero ere izango da ekitaldietarako astirik, atzo bertan Capitol One Arenan izan zuen garaipenaren jaialdia bezalaxe.
Oligarkia errenditua
Trumpengandik gertu izango dira munduko gizonik aberatsenak: Elon Musk, Jeff Bezos eta Mark Zuckerberg; Tesla, X eta Space X, Amazonen ugazaba eta Meta-ren jabea. AEBetan itzali berri den TikTok aplikazioaren burua ere zeremonian egotea espero da. Aaron Rupar-ek azaldu du zergatia: «Trumpek TikTok gorroto zuen (Txina zela-eta), hauteskundeak irabazten lagundu zion arte (berak ere onartu duen legez), eta orain salbatu egingo du garaipenaren itzulia egiteko. Hala, X, Tiktok, Instagram eta Facebook, denak beretzat lanean izango ditu. Alde itzela dago orainaren eta 2017 urtearen artean».
Joe Bidenek oligarkia berri batez ohartarazi zuen bere agurreko mezuan. Steve Bannon AEBetako eskuin muturraren ideologo nagusiak Elon Musk gorroto du, eta beste azalpen bat eman dio: «Erreguka ari dira, erregutzaile bezala egongo dira hor (Trumpen ekitaldiko lehen lerroan), ez oligarka bezala. Guk ez geneukan botererik, alderdi errepublikanoko klase politikotik kanpo geunden, Fox katea kontra zuen. Eta plataforma teknologiko horietatik debekatuta egon zen hemezortzi hilabetez. Nik eta gehienok ikusten duguna da Trump presidenteak oligarkak bezatu dituela. Errenditu dira, esan dute ‘kito mugak, kito kontrolak’. Errenditu direnean bihurtu dira oligarka». II. Mundu Gerraren amaieran Japonia inperiala McArthur jeneralaren aurrean errenditzearekin konparatu dute sare sozialetako buruek.
Kontrastea ezin argigarriagoa izango da: urteotan eliteetatik apartean Trumpen erretolikari eutsi dioten langile zuri eskuindarrek, MAGA mugimenduko milaka ultra horiek, ezingo dute luzaroan itxarondako uneaz gozatu liderraren garaipena boterearen sinbolo den gunean ikusteko (zuriak dira egunotan Washingtonen ikus daitezkeen ia Trumpzale guztiak, latinoren bat edo beste salbu.
Trumpen kamisetekin dauden afro-amerikarrak merchandising-a saltzen ari direnak dira). Aldiz, duela zortzi urte, duela lau urte bizkarra eman zioten milioidunetako asko, ia garaipen egunera arte albora begira egon direnak, sukalderaino sartuko dira Etxe Zurian. Ez gaur bakarrik, datozen urteetan egun erabateko otzantasuna ageri duten Trumpen administrazioan oligarka horiek ahalegin eragin handiena izaten saiatuko dira. Eta ezin ahaztu, eliteen aurkako diskurtso interesatua izan arren, JD Vance presidenteordea Silicon Valleyko “kume” badela, lau urte barru Bulego Obalean esertzeko prest dagoena.
Bidenabar, Vance Han Zheng Txinako presidenteordearekin bildu berri da Trumpen kargu hartzearen bezperan. Presidente berriak tradi- zioarekin hautsi (kargu-hartzea herrialdearen barrura begiratzeko ekitaldia izan ohi da, nazioarteko liderrik gabe) eta munduko bi herrialde populatuenetako presidenteak gonbidatu ditu ekitaldira, Xi Jinping eta Narendra Modi. Ez dira egongo Washingtonen, baina presidenteordea bidaliko du Txinak eta Atzerri Ministroa Indiak.
Gonbidatuen zerrenda aski esanguratsua da. Gonbidatu ez dituenengandik hasita: Europa zaharreko liderrik ez, ez Keir Stamer, ez Emmanuel Macron, ez Olaf Scholz, ez Ursula von der Leyen ere. Erresuma Batuko, Frantziako, Alemaniako zein Espainiako eskuin muturreko ordezkariei bidali die gonbidapena: Nigel Farage, Eric Zemmour, Santiago Abascal eta Tino Chrupalla AfDko buruzagia (Alice Weidel hautagaiak joaterik ez duelako). Bistan da, Italiako Giorgia Meloni, Argentinako Javier Milei eta El Salvadorreko Nayib Bukele bertan izango dira, ez, ordea, Mexiko edo Kanada auzo-herrietako ordezkaririk.
Zerrendari begirada bat botatzea argigarria da Trumpek AEB norantz eta nola gidatu nahi dituen arrastoa hartzeko.
Berehala jo
Aldaketa sakonak egin asmo dituzten liderrak leun hasi ohi dira, aurkariek egindako karikatura eta ereindako beldur-haziek oinarririk ez dutela argi uzteko. Demokratek sosegua maite dute, neurriak ia oharkabean hartzeko itxura izatea, bizitzan asaldura handirik gabe jarraitzearen ustean iristea aldaketak. Garaiak aldatu dira, baina. Duela gutxi zinemagile ezagun batek zioen mendi-bide baten plano-sekuentzia batekin hasi nahi zuela filma; planteamendua egiten hasi eta berehala eten zioten Netflixeko arduradunek. Beren ikusleen datu guztiak dakizkite, eta horren arabera, zerbait gertatu behar omen da lehen minutu eta erdian. Trumpek ere maite du ezusteko erabakia hartzea, baina are gehiago indarra adieraztea, eta horretan, ez du irudimenerako tarte handirik utziko. Demokraten kontrara asaldatu nahi du, eta argi esan du horretara doala. Lanaren erdia, Trumpen arabera, aurretiaz beldurra zabaltzetik dator, denek sinestetik ez dagoela aurka egiterik. Galdu itxaropen oro.
Ezin uka, konfiantzaz gainezka datoz Donald Trump eta bere taldea. Alderdi Errepublikanoa erabat menperatuta dauka, eta 2017an bizkarra eman zioten enpresariek milioika dolar eman dizkiote dohaintzetan gaurko ekitaldirako. Demokraziaren dinamika sekula ez du ondo maneiatu Trumpek, baina uneotan inoiz baino argiago ikusten du bere burua oposiziorik gabe, lehen eguneko diktadorea izateko prest. Bere akats eta kontraesan guztiekin, monarkien aurka herritarrek eraikitako Errepublika baten sinbolo diren Estatu Batuak ataka zailean daude.
Egia da, hondoa jota eta neurri handi batean isilik daude demokratak. Senatari batek aitortzen zuen 2017ko kontrastea: «Groenlandiako astakeria horiekin asaldatu eta erantzun egiten genuen. Orain nahiago dut isilik egon, eta botoa eman didatenen alde lan egin. Nire estaturako ideiarik bat datorrenean borrokatuko dut».
Hori da partidako minutu zehatz honetako egoera. Baina Trumpek berak eraikitako irudia da. Bi milioi boto eta 1,5 puntuko aldea baino ez zuen lortu. Bere hautagai askok porrot egin zuten; herritar askok Trump bere estremismo guztiarekin onartzen dute, baina ez MAGA mugimenduko gainerako ahoberoak. Trumpek badaki hori, eta horregatik ez du denborarik galdu nahi. Batetik, esan bezala, indarra eta ezustea maite dituelako: musulmanei mugak itxiz 2017an, atxiloketa indiskriminatuak eta deportazioak eginez orain. Gaur bertan, bihar bertan.
Astearte goizean Washingtongo Middle School batean izango naiz 13-14 urteko neska-mutikoekin. Ez dakit betiko ikasle guztiek etortzerik izango duten, eta zer gertatuko den azken hilabete edo urte parean El Salvador, Honduras edo Guatemalatik iritsitako umeekin. Inork ez daki. Washingtonen argi samar dirudi bertako poliziak ez diola lagunduko Tom Homan mugako tsarrari bere asmo kriminaletan. Baina horretarako pozarren dauden sheriffak daude AEBetako gainerako leku gehienetan. Chicago izena filtratu dute, mundu guztiaren arreta bertan egoteko. Homanek herrialde guztian iragarri ditu razziak. Estatubatuarrek horretarako bozkatu zuten, azken batean.
Demokratek hamar egun barru hautatuko dute alderdiko zuzendaritza berria. Politika likidoaren sasoi honetan, gutxieneko diziplina bati eusten jakin dio alderdiak, errepublikanoek ez bezala. Gaur, modurik instituzionalean agertuko dira, “kargua” pertsonaren gainetik dagoela erakusteko. Luzaroan jokatutako karta da, AEBetako sistema aski indartsua dela frogatu nahian. Edozeinek une batez herrialdea gidatuta ere, aski mekanismo badaudela sinesten dute behar besteko kontraboterea egon dadin.
Laster ikusiko da hori guztia. Joe eta Jill Biden izango dira Trumpen kargu hartzean, baita Barack Obama, George Bush eta Bill Clinton ere (ez, ordea, Michelle Obama). Deitu protokolo, deitu sistema. Baina demokratek eurek faxista deitu zioten pertsona sartuko da Etxe Zurira.
Eta sistemak faxismoari aurre egingo badio, kalean, bulegoetan eta boterearen tenpluetan aurre egingo dioten pertsonak daudelako izango da. Antolatuta, eta indar guztiz bere agenda autoritarioa ahalik bizkorren inposatzera datorren boterearen aurka borrokatzeko prest.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
