NAIZ

Kubak AEBetako «zerrenda terroristara» itzultzeak eragin «oso kaltegarria» duela aitortu du

Kuba berriz ere «terrorismoaren herrialdeen« zerrendan sartzea erabaki du AEBk, Donald Trumpen Gobernu berria abiatu bezain laster. Kantzelaritzak onartu du «oso kaltegarria» izango dela ekonomiarako. Joe Bidenek Kuba zerrendatik atera zuen duela astebete eskas.

Elkarretaratzea Bilbon 2022an, Kubari ezarritako blokeoaren aurka.
Elkarretaratzea Bilbon 2022an, Kubari ezarritako blokeoaren aurka. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Kubako Gobernuak AEBk «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartzeko hartutako erabakia kritikatu du astearte honetan eta bere ekonomian eragin «oso kaltegarria» izango duela nabarmendu du.

Kantzelaritzak ohar batean adierazi duenez, Donald Trump AEBko presidente berriaren neurriak «ez du harritzen», eta errepublikanoak «enperadore baten koroatze gisa heldu du agintera».

Bezperan, Joe Biden presidente ohiak urtarrilaren 14an Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendatik ateratzeko agindua bertan behera utzi zuen. Handik gutxira, Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak neurria gaitzetsi zuen sare sozialetan, «iseka» eta «abusua» izan zelakoan.

Bidenek erabaki hori hartu zuen preso kubatar batzuk askatzea ahalbidetzeko, Vatikanoaren bitartekotza zuen prozesu baten parte gisa. Egun horretan bertan, Kubak iragarri zuen 553 pertsona aterako zituela kartzelatik.

«Estatu Batuetako Gobernuak kubatar herriaren aurka egindako eraso berri honek agerian uzten du, beste behin ere, neurri horien benetako helburua, krudela, gupidagabea eta Kubaren aurka menderatze aldera aplikatzen diren beste hainbat neurri», gaineratu du Kubako Kanpo Harremanetarako Ministerioak.

Kuba «herrialde terroristen» zerrendan sartu zuten 2021eko urtarrilean, Trumpen azken erabakietako batean, lehen agintaldia amaitu aurretik. Etxe Zurian izan zuen aurreko mandatariak, Barack Obamak, atera egin zuen, hiru hamarkada baino gehiago bertan eman ondoren.

Izendapen horrek berekin dakar herrialde horri armak saltzeko debekua, esportazioen kontrol handiagoa, kanpo-laguntzaren murrizketak, bisatuetarako baldintza handiagoak eta Kubako nazioarteko finantza-transakzio gehienak de facto izoztea.