NAIZ

Donostiako Udalak euskararen erasoari jarritako helegitea baztertu du Auzitegi Nagusiak

EAEko Auzitegi Nagusiak bukatutzat eman du Donostiako bi udaltzainen auzia. Iragan irailean, epaileak ez zuen postu horietarako euskararen profila eskatzea onartu. Udalak helegitea jarri zuen, «euskararen kontrako eraso zuzentzat» jo zuelako erabakia, baina baztertu egin dute errekurtsoa.

Euskararen kontrako epaiak salatzeko elkarretaratzea, ELA eta LAB sindikatuek eta Kontseiluak deitua Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, iragan urrian.
Euskararen kontrako epaiak salatzeko elkarretaratzea, ELA eta LAB sindikatuek eta Kontseiluak deitua Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, iragan urrian. (Jon URBE | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak Donostiako bi udaltzainen lanpostuarekin lotutako Udalaren helegitea tramiterako ere ez onartzeak irmo bilakatzen du bi postu horiek baliogabetu zituen epaia. Euskararen B2 profila eskatzen zuen Udalak postu horiek betetzeko, baina joan irailean hiriko auzitegi batek ebatzi zuen euskara «ezin dakiekeela» udaltzain guztiei exijitu. 

Berehala iritsi zen epai horren aurkako herri erantzuna, eta Eneko Goia alkateak Udalak helegitea jarriko zuela iragarri zuen prentsaurrekoan, «euskararen ofizialtasunaren kontrako eraso zuzentzat» jo zuelako erabaki judiziala.

Efe agentziak azken sententzia hau eskuratu du eta esan du jada ez dagoela errekurtsorik jartzerik. Auzitegi Nagusiak ez du «interes objektiborik» ikusi eta kasua sakonki aztertu gabe baztertu du Udalaren helegitea.

Norbanako baten kexa abiapuntu

Aurretik, auzitegi honek berak epaia baieztatu zuen. Norbanako batek jarritako errekurtsoa izan zen honen sorburua. 2022ko abenduan Tokiko Gobernuko Batzordeak adostutako akordio baten kontra egin zuen, udaltzain postu hauetarako euskara jakitea eskatzen zelako.

Errekurtsoa jarri zuen pertsona honen aburuz, euskarazko B2 profila eskatzeak lanpostu publiko hauetara baldintza beretan iristeko «oinarrizko eskubidea urratzea» dakar. Auzitegiak erabat babestu zuen jarrera hori, eta lan publikoan euskara ez dakitenak «ezin direla diskriminatu» defendatu zuen.

Nabarmendu zuenez, «herritarrak euskaraz artatuak izateko ez dute udaltzain guztiek euskaraz jakin beharrik».