NAIZ

%100eko jarraipena izan du Tolosako hiltegiko lehen greba egunak

Greba mugagabea abiatu dute Tolosako hiltegiko langileek eta, ELA sindikatuak zabaldutako datuen arabera, %100eko jarraipena izan du lehen egunean. Langileei azken hilabeteetako nominak zor dizkie Industrias Cárnicas del Oria enpresak eta kobratu arte jarraituko dute lanuztearekin.

Tolosako hiltegiko langileak greba mugagabea egiten ari dira.
Tolosako hiltegiko langileak greba mugagabea egiten ari dira. (ELA)

Tolosako hiltegiko langileak greba mugagabea egiten ari dira gaurtik hasita. Lehen eguna izan den honetan jarraipena %100ekoa izan dela adierazi du ELAk. Otsailaren 24arekin abiatu dute lanuztea, Industrias Cárnicas del Oriaren kudeaketa salatzeko. Halaber, Tolosako Mankomunitateari aferan esku hartu dezala eskatu diote, langileek hainbat hilabete daramatzatelako soldatak kobratu gabe.

Izan ere, sindikatuak jakitera eman duenez, hiltegia kudeatzen duen enpresa esleipendunak ez dizkie langileei nominak ordaindu azken hilabeteetan. Are gehiago, ELAk azaldu du enpresaren zein sindikatuaren ordezkariak hartu emanean ibili badira ere, ez dutela erantzukizuna haien gain hartzeko asmorik agertu. Hori dela eta, sindikatuak Tolosako Mankomunitateari galdegin dio zerbitzua kudeatu dezala, baita azken hilabeteotan langileek jaso gabeko soldatak ordaintzeko ere.

Eskaria erakunde publikoari egin izanaren arrazoia da, ELAk adierazi duenez, hiltegiak ematen duena zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa pribatua izan hura kudeatzeaz arduratzen dena. Halaber, adierazi dute langileek Industrias Cárnicas del Oria enpresak zor dizkien nominak kobratzen ez dituzten bitartean ez direla lanera itzuliko.