
Loraldia Festibalaren hamaikagarren edizioak «argi eta garbi» utzi du agerian euskal kulturan sormena «inoiz baino biziago dagoela», antolatzaileen hitzetan. Publikoaren aldetik «erantzun bikaina» izan dela azaldu dute, ikusle kopurua «nabarmen» hazi baita eta Lorazain komunitatea «inoiz baino indartsuago» agertu baita.
«Euskal sormen garaikidearen topagune bihurtu da Bilbo, eta Loraldia jada ezinbesteko hitzordu bilakatu da euskal kulturzaleentzat. 19 eguneko jarduera biziaren ondoren, Loraldia Festibala 2025ek orain arteko ediziorik arrakastatsuena itxi du», azpimarratu dute, eta jaialdia euskal kultura eta sorkuntzarako topagune bilakatu dela ziurtatu, «kalitate artistikoaren, proposamenen aniztasunaren eta publiko berrien belaunaldiaren aldeko apustua eginez».
Datuei erreparatuz, 2025eko Loraldian guztira 141 artistak parte hartu dute, eta horien %41 emakumeak izan dira, jaialdiak euskal kulturaren eremuan genero oreka sustatzeko apustua egina baitu. Lurraldetasuna da Loraldiak zaintzen duen beste irizpideetako bat eta edizio honetan Euskal Herri osoko sormen eta sortzaileak izan dira, %24 bizkaitarrak, %45 gipuzkoarrak, %6 arabarrak, %7 nafarrak eta %12 Ipar Euskal Herrikoak.
Edizio honetan, gainera, Loraldiak beste kultura batzuekin zubiak eraikitzeari ekin dio eta, horrela, parte-hartzaileen %6 Euskal Herritik kanpokoak izan dira, besteak beste, Quebec eta Kataluniatik etorriak.
Ikuslegoaren datuei begira, aurten 5.000 pertsonatik gora bildu dituela nabarmendu dute, «beste behin ere aurreko edizioetako markak hautsiz, eta Bilboko hainbat gune bete-bete eginez».
Lorazain komunitateak ere «hazkunde handia» izan duela aipatu dute: «4.000 lagunetik gora dira dagoeneko euskal kulturaren aldeko babes aktiboa ematen dutenak».
Esperimentaziotik tradiziora
Edizio honetan diziplina artistiko anitzek bat egin dute: musika, antzerkia, literatura, bertsolaritza, performance, dantza eta ikus-entzunezko sorkuntzak. Programazioak esperimentaziorako eta berrikuntzarako gunea ere eskaini du. «Hain zuzen ere, Loraldia Festibalaren nortasunaren parte da tradizioa eta abangoardia uztartzea, eta aurten ere helburu horri eutsi diogu», adierazi dute.
Loraldia festibal bat baino gehiago dela ere iritzi dute, «kultur mugimendu bat da, euskal sormenaren aldeko jarrera aktiboa aldarrikatzen duena. Aurtengo datuek erakusten dute euskal kultura eta sorkuntza bizirik daudela, baina etorkizunerako erronkak ere baditugu: belaunaldi berrien inplikazioa areagotzea, sormenaren zirkuituak sendotzea eta nazioarteko harremanak sakontzea», ohartarazi dute.
Azkenik, eskerrak eman dizkiete babesle eta laguntzaileei: «Sormenak eta euskal kulturak netorkizuna badute, zuek hor zaudetelako da».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
