
Asteazken goiz honetan ardiz bete da Ordizia, Alde Zaharretik abiatu eta Kale Nagusia zeharkatu dute bost artaldetan banatuta 1.500 ardi inguruk beren artzainekin batera. Urteroko legez Artzain Eguna ospatu dute eta horren baitan Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita Dimako Garena jatetxeko sukaldariak izan dira Idiazabal gazta denberoraldiari irekiera emateaz arduratu direnak, gazta berria moztuta.
Ordiziako Udalak gogorarazi du, ohitura den bezala, artaldeen pasabideak hiriguneko transhumantzia irudikatzen duela eta artzainen lanari balioa ematen diola. Maiatzaren 1etik aurrera egingo dute artzain eta artaldeek mendiko larreetara itzulera, Aralarko larreen irekierarekin.
Adur Ezenarro alkateak udaletxean egin den ekitaldian nabarmendu duenez, «latxa ardirik gabe ez genuke ez artzainik, ez esnerik, ez Idiazabal gaztarik, ez eta gure goi mendietako paisaiarik ere». Idiazabal gaztaren «bertuterik handiena horixe da, geurea dela, geurean errotuta sortzen dela, eta horregatik, usaintzen eta dastatzen dugun bakoitzean gure burmuinean eragiten duen eztanda ikaragarria bilakatzen da», erantsi du.
Ekitaldian zenbait sari ere banatu dira. Gaztaren erregulartasunaren saria Egozkueko (Nafarroa) Loperena gaztandegiko Marta Perez Loperena artzainari ere eman diote, eta gaztandegien kategorian Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak jaso du saria.
Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketarekin abiatu da goiza Garagartza plazan, eta horrekin batera Carlos Ibarrondo Eusko Labeldun bildotsak burruntzian prestatzen hasi da, ondoren herritarrekin dastatzeko. Prestatutako pintxoekin bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da aurten.
Gaztaren sustapena eta hedatzea
Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak omenaldi txiki bat egin dio ETB2ko ‘Vascos por el Mundo’ saioari, Idiazabal gazta «munduko toki guztietako euskaldunei hurbiltzeagatik eta produktuaren sustapenean egindako lanagatik». Txikienek ere izan dute artzaintzaren mundura gerturatzeko aukera, ‘Artzainen herri kirolak’ jolasak izan baitira Nikolas Lekuona plazan.
Aurten, latxa arrazako aharien erakusketa-lehiaketak 20 bat artzain bildu ditu Garagartza plazan. ELE elkarteko errapeen erakusketa-lehiaketa ere bertan izan da, eta mamia egiteko eta ardiak eskuz eta mekanikoki mozteko erakustaldia ere egon da.
Ordiziako Udalak azoka hau berriro antolatu du ELE Gipuzkoa ardi-latxa elkartearen, Lurgintzaren, Idiazabal Jatorri Izendapenaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntzarekin.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
