
BASE jauzia ulertzeko moduak ertz asko ditu. Ez ditugu denak zerrendatuko, baina bada bat mundu horretatik kanpo daudenei ulertzen zaila egiten zaiena. Istripua. Azken albiste esanguratsua kirol horretan espezialista zen Carlos Suarezen heriotza izan da.
Arrisku handiak hartzen dituztelako, eroak al dira? Galdera hori maiz entzun dugu. Baina joan den apirilaren 11n Aiguille Verten (4.122 m, Mont Blanc mendilerroa) lehenbiziko BASE jauzia egin zutenek bestelako iritzia dute.
Eric Jamet eta Antoine Pecher frantziarrak izan dira jauzi historiko hori egin dutenak. Alpinistak eta mendi gidariak izateaz gain, kirol horretan espezialista handiak dira. Protagonistek diote Aiguille Verten egin berri dutena mendiko benetako jarduera bat dela. Bai, “aitzakia” bat bilatzen dute mendian abentura ezberdin bat egiteko. Jauzi horrek eskarmentuari indar berezia ematen omen dio, batez ere gailurra lortu eta ondorengo jaitsierak zenbaitetan ez direlako batere atseginak.
Hartzen duten arriskuaren inguruan, berriz, bi espezialistek baieztatu dute oso kalkulatua dela. Horrekin esan nahi dute, lehenik eta behin, beren buruekin oso seguru daudela. Aldez aurretik den-dena neurtzen dute. GPSan ibilbidearen datuak sartu, jauziaren zehaztasuna aztertu… Frantziarrek diote distantzia horizontalaren eta bertikalaren arteko harremana bikain kontrolatu behar dela; izan ere, eite hori erabakiak hartzeko giltza da.
Aiguille Verteko jauzia honen inguruan aurreratu behar dugu Jametek eta Pecherrek «wingsuit» edo hegal jantziaz egin dutela. Baina aurretik laumilakoa eskalatu behar izan zuten. Alpinistak Couvercleko aterpetik irten ziren, eta Whimper korridoreak eraman zituen tontorrera. Denera, 2.900 metroko igoera.
Igoera horretan jauzia egiteko jantzia motxilan sartuta eraman behar zutenez, mendi gidariek diote zama ondo neurtu behar izan zutela. Oro har, onartu dute minimalistak direla; horregatik, eskalada patxadaz hartu zuten, besteak beste, segurtasuna bermatu ahal izateko. Gailur horretatik BASE jauzi bat egitea ezinezkoa denez, Sans Nom ertzetik 200 bat metro deseskalatu zituzten. Hantxe bertan, Y korridorearen eta Naia kanalaren artean jauzia egiteko leku egoki bat (3.900 m) aurkitu zuten. Zalantzarik gabe, eite horrek indar handia du espezialista guztientzat: «Badira ingurumari honetan kristala bilatzen dutenak. Guk, horren ordez, irteera on eta segurua bilatzen dugu. Haran Zuritik ikusita, ibilbide agerikoa da, baina praktika honek zalantza ugari sortzen dizkizu; errusiar mendi emozional baten itxura handia du. Guk, bederen, uste dugu “wingsuit”-a benetako mendi jarduera bat dela. Mendian gaudenean, argi dugu gizakientzat egina ez den unibertso batean gaudela. Jauzi egiten dugunean, berriz, egoera muturrekoa bilakatzen da. Finean, hegaldi hauekin eskarmentu sinestezina bizitzen dugu mendian. Jauzia egin aurretik argi izan behar da irteera erabat bertikala dela eta puntu batetik bestera hegan egiteko aukera duzula. Chamonix helmuga genuen. Ikerketa kartografikoan eta planeatze kalkuluetan oinarritu ginen, eta ohartu ere jauzi hori aurrera eramateko aukera zegoela».
Puntu horretan, berriz, laser telemetroa bizkar-zakutik atera eta jauziaren dimentsioa neurtu zuten. Emaitzarekin gustura geratu ziren; izan ere, datuek argitu zieten irteerak bertikaltasun nahikoa (eta eroria) zuela hegan egiteko. Bestelako datuak prozesatu eta prest ziren helburuari ekiteko. Alabaina, eguzkiak giroa berotu arte, hiru ordu itxaroten egon ziren. Baldintza termiko egokiak izan zituztenean, Mont Blanc, Grandes Jorasses eta Drus mendiek eskaintzen dituzten ikuspegiekin, jauzi egin zuten.
Bi minutu eta 30 segundo. Hori izan zen frantziarren hegaldiaren iraupena zazpi kilometroko ibilbidean. Hartutako abiadura, berriz, 150 eta 200 kilometro orduko bitartekoa. Aiguille Verteko gailur mitikoa zapaldu eta gero, jauziaren ibilbidea ere berezia izan zen erabat: Charpoua, Drus, Flammes de Pierre, Montevers eta Chamonix.
Chamonixeko helmugara iritsi baino lehen, 200 bat metroko garaieran, paraxuta zabaldu zuten: «Intuizio kontu bat besterik ez da. Eskarmentuaren laguntzarekin gure begiak abiadurarekin eta inguru horrekin ohitzen dira. Jausgailua noiz ireki oso ondo kalkulatuta dugu».
HAUSNARKETAK
Aiguille Verteko jarduera horrek ez du inor ezustean harrapatu. Bikote horrek 2.000 hegaldi inguru egin ditu. Eskarmentua, behintzat, ezin zaie zalantzan jarri. Azken urteotan espezialista hauek munduko mendi ezberdinetan jauzi erakargarrienak bilatzen izan dira. Desnibel handikoenak, tartean. Duela bi urte, adibidez, Freneyko zutoinetik hegan egin zuten. Courmayeurren izan zuten helmuga. Munduan egin den desnibel handiena izan zen: 3.250 metro.
Etxetik kanpo, nabarmentzekoak dira Trangoko Dorreetan sinatutakoak. 2022an Dorre Nagusitik (6.231 m) eta Izenik Gabeko Dorretik jauzi egin zuten; azken horretan, “Eternal Flame” bide ikonikoa eskalatu eta gero.
Amaitzeko, Jametek eta Pecherrek hainbat mezu bidali nahi dizkiote publiko orokorrari. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dute egiten duten jarduera arriskutsua dela eta akatsek ez dutela lekurik. Mendiak eskalatzen dituztenean, jakin badakite arrisku objektiboak kontuan hartu behar dituztela.
BASE jauzien kasuan, aldiz, sentsazioa dute den-dena kontrolpean dutela: «Alpinistak eta mendi gidariak gara, eta arrisku gehiago izaten dugu eskalatzen, jauzietan baino. Mendian aurrera egiteko tresna oso baliagarria da. Kanpotik ikusita, izugarria dirudi, baina barnetik bizitzen baduzu ez da hainbesterako. Gu gara arriskua; izan ere, gizakiak gara eta akatsak egiten ditugu. Onartzen dugu zirraragarria dela, batez ere abiaduraren sentsazioarekin oso lotuta zaudelako».
Frantziar hauek ibilbide luzea egiten ari dira, eta argi dute, momentuz, norabide horretan jarraituko dutela. Uste dute «wingsuit»-aren urrezko garaian daudela. Alpeetan jauzi berriak bilatzeaz gain, aurreratu dute heldu den udazkenean Himalaiara joango direla. Hain zuzen ere, Annapurnaren aldatsetara. Ikusi dutenez, inguru hartan 5.000 metroko desnibela duen jauzi bat egin daiteke.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
