
Hezeguneentzako Mediterraneoko Aliantzak «alerta gorria» ezarri dio Urdaibain Guggenheimek duen museo proiektuari, Guggenheim Urdaibai Stop! plataformak iragarri duenez. Sare honek 18 herrialdetako 30 kontserbazio eta ikeketa erakunde eta talde batzen ditu eta «Mediterraneoko hezeguneak eta ibaiak babesteko, leheneratzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko lan egiten duten gizarte zibileko erakundeei eta ikerketa erakundeei laguntza ematen diete, eta testuinguru horretan hasi da Urdaibaiko hezegunea babesteko lankidetza», gehitu dute.
Era berean, Mediterraneoko Aliantzako kideek, ia 80 talde kontserbazionisten babesarekin, hiru gutun sinatu dituzte Trantsizio Ekologikorako espainiar Ministerioari (MITECO), Unescoko Idazkaritzari –Urdaibai Biosfera Erreserba izendapena duelako– eta RAMSAReko Idazkaritzari –Nazioarteko Garrantzia duen Hezegunearen izendapena du– zuzenduta, proiektua gelditzeko berehalako neurriak hartzeko eskatuz. «Hiru kasuetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserba jasaten ari den mehatxuaren berri ematen zaie, baita erakunde horietako bakoitzak duen erantzukizuna ere eman beharreko babesean», argitu du plataformak.
Horrekin batera, Urdaibaik hezegune gisa hegaztientzat duen «itzelezko balioa» kontuan izanik, zientzialarien adierazpen bat argitaratu da Urdaibairen etorkizunarekin kezkatuta dauden zientzialari eta ikertzaile guztientzat. Zientzialarien Adierazpena deituriko testu honek hezegunearen etorkizunagatik «kezkatuta dauen zientzialari eta ikertzaileak» ditu hartzaile. Hori horrela, museo makroproiektuak eragingo lukeen «biodibertsitatearen galera handia» plazaratu dute; plataformak adierazi duenez, 150 atxikimendu baino gehiago jaso ditu momentuz adierazpen horrek.
Kanpaina Aliantzaren sareetan edo plataformaren sareetan jarraitu ahal izango dela argitu dute. SEO Birdlife-ren webgunean, bestalde, espiritu berdina duen eskaera bat sinatu dezakete hiritarrek.
Entzute prozeduraren 2. fasea hasiko da
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) barruan, bigarren fase bat ireki dela iragarri du Bizkaiko diputazioak asteartean. Herritarrek parte har dezakete eta datorren ekainaren 3ra arte egongo da aktibatuta. Bizkaiko Aldundiaren webgunean eta Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez, orain arte identifikatu diren 17 proiektuen inpaktu potentziala baloratu ahal izango dute interesdunek.
Eta, noski, gai nagusien artean Guggenheimek eskualdean, eta Biosfera Erreserbaren baitan, museo berri bat eraikitzeko duen proiektu polemikoa dago.
Prozedura hau zuhurtziaz hartu da orokorrean, eta mota desberdineko kritikak sortu ditu museo berriaren proiektuaren aurka daudenen artean. Halere, Guggenheim Urdaibai Stop! plataforma parte hartzen ari da eta, are gehiago, herritarrei parte hartzera deitu die.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta eskualdeko hogei udalek elkarrekin sustatu duten ekimena da. Hauek dira udalak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Mundaka, Nabarniz eta Sukarrieta.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»
