Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Elkar ukitzen duten poemak, Ane Zubeldiaren ‘Kontra’ liburuan

Zer da kontra egotea? Zer kontra egitea? Talka zuzena baino marruskadura baldin bada kontra egotea? Izenburua ematen dion ‘kontra’ kontzeptua hartuta, estreinako poema liburua idatzi du Ane Zubeldia Magriñak (Hondarribia, 1994). Hizkuntzarekiko kezka edota ardura batetik abiatu zen idazten.

Ane Zubeldia, bere lehen poema liburua eskuetan duela.
Ane Zubeldia, bere lehen poema liburua eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Liburu honetan kontra egotea ukitzea da», halaxe baieztatu du Ane Zubeldiak asteazken goiz honetan, bere lehen poesia liburuaren aurkezpenean. Susa argitaletxearekin plazaratu du, ‘Kontra’ izenburupean.

Hizkuntzarekiko kezka eta ardura bat izan ziren liburuaren abiapuntu aurkezpenean azaldu duenez: «Geroz eta mundu polarizatuago batean bizi gara, eta nire sentsazioa zen hizkuntzaren beraren erabilera gogorra egiten zitzaidala batzuetan, eta gogortasun horrek eragiten zidan nolabaiteko min bat, hori arakatzeko gogoa».

Eta sentsazio horretatik berehala etorri zitzaion izenburua, zer da kontra egitea? Nola gaude gauzen kontra? Marruskaduraren ideiari tiraka etorri zitzaion hurrengo urratsa: «Munduaren parterik handiena marruskadurak egin du eta ez talkak. Kontra egotea ez da bakarrik aurrez aurre talka egitea, baizik eta ukitzea. Eta hori arakatu dut, nola egon kontra elkar ukitzen dugunean».

Ane Zubeldia Magriñaren lehen poema liburua bada ere, idazlea literaturaren munduan aspalditik dabilela kontatu du Leire Lopez Susako editoreak: Mejillon Tigren dabil Eider Adeletxekin batera, Lekoren Liberoamerikan ere argitaratu ditu literatur lanak, eta itzultzailea da Ane Garcia izenarekin –izan ere, Zubeldia eta Magriña bere amonen abizenak dira–.

«Musikan eta dantzan ibiltzen da, eta horrek badu isla liburuan», adierazi du Lopezek. 46 poema ditu liburuak, lau ataletan banatuta, eta izenburuak «liburua laburbiltzen laguntzen duten horietakoak» direla azaldu du. ‘Dantza ariketak’ atalean dantzari egindako aipamen zehatzen bat dago, baina batez ere dantzak sor ditzakeen «galdera formalak» ekartzen ditu liburura idazleak, «dantzak kontaktuarekin duen harremana». Bigarren atalaren izena ‘Frikzioa’ da, hirugarrenarena ‘Paisaia bera, behin eta berriro’: «Paisaia hori mugaldeko paisaia da batzuetan, Hondarribia ingurukoa, edo Portugal ere izan daiteke, ez da paisaia bukoliko bat, paisaiak galderak egiten dizkio poemetako ni-ari, pentsatzen jartzen du eta biolentziak ere zeharkatzen du paisaia hori, adibidez Bidasoa ertzean hilda agertzen den gaztearen poemak», azaldu du editoreak.

Laugarren eta azken atalak ‘Ukitzea beti da’ du izena. Maitasuna, heriotza, lagunak, frikzioa, isiltasuna, iraganaren aztarna, poesiari eta epikari buruzko gogoeta, klima aldaketa, gorputzak igerian, gizonak arrantzan, oporrak, orkatila bihurrituak… biltzen ditu Zubeldiak liburuan. Lopezen hitzetan liburuan «bilaketa formal bat» ere badago, eta bi adibide aipatu ditu: hitzak elkarri lotuta elkarrekin beste zentzu bat har dezaten edo barraz banatzea, haien artean distantzia handiagoa jartzeko. Hala ere, ohartarazi du formarekin egindako jolasak ia ez direla nabaritu ere egiten, «modu organikoan daudelako txertatuta».

Nolakotasunaren garrantzia

Aitortu du liburuaren hasieran ere izan duela zalantza bat: beharrezkoa da zerbait esatea? «Ez nire burua zalantzan jartzetik, baizik eta zer esan daiteke hainbeste gauza esaten diren momentu batean, eta batez ere nola esan gauza horiek ez dezaten areagotu dagoeneko inguratzen gaituen diskurtso eta hizkuntza gogor horren corpusa», adierazi du.

«Ez dakit liburu hau idatzi nahi nuen, baina nahi nuen liburu hau idatzi dudan moduan idatzi», onartu du. Zein da modu hori? Lasaitasunez, kontenplaziotik, ingurua behatzetik. Zubeldiak kontatu du txikitatik egin duela dantzan, eta bertan ikasitakoa idazketara ekarri duela: «Dantzak erakutsi didan arreta horrekin, beste gorputz batzuen kontra, beste gorputz batzuekin frikzioan egoteko arreta hori idazketara ekarri nahi izan dut».

Kontenplazioz idatzi duela esaten duenean, berarentzat hori zer den argitu du: «Poema askotan behaketa bat dago, ez da inoiz neutrala, baina itxuraz ez dauka horrenbesteko garrantzirik paisaiaren barruan dagoen pertsona horren bizitzak edo bizipenek. Baizik eta paisaia horren barruan zer ikusten duen». Eta gaineratu du, ahalegina egin duela paisaietan diskurtsoa irakurtzeko.

Claudia Borrasek egin du azaleko irudia, eta aurkezpeneko hitzartzean ere eskerrak eman dizkio argazkilariari. Baita abuztuan sortzeko leku bat eskaini zion Azala espazioari ere, bertan ikusi baitzuen «argiago» nola multzokatu eta eman azken forma.