
«Play-offak partidaz partida jokatzen dira eta garrantzitsuena hurrengo partida irabaztea da». Horra Mikel Odriozolaren hitzak ostiral gauera begira, 20.30etan Illunbeko Amenabar Arena pabiloian jokatuko baitu Gipuzkoa Basketek ACB Ligara igotzeko play-offetako hirugarren neurketa Estudiantesen aurka.
Madrilen itxura ona emanagatik, kanporaketan 2-0 atzetik dira donostiarrak eta, ondorioz, ez daukate kale egiteko tarterik. Egia da bigarren partida irabaztear izan zirela donostiarrak, 37 segundoren faltan 80-84 aurretik baitziren. Tamalez, epaileen erabakiek, Jayson Grangerren aztikeriak –eta talentuak– eta donostiarren beraien akatsek azken emaitza 86-84 izan zedin bideratu zuten.
Oso gutxitan gertatu da 2-0 aurretik doan taldeak kanporaketa 2-3 galtzea, baina saskibaloiak ezer ederrik baldin badauka zernahi gerta daitekeela da. Gipuzkoa Basketek larrutik bizi izan zuen baieztapen hori pasa den igandean, baina era berean, atsekabetik pozik handienera pasatzea ere badago. Begiratu bestela NBAko Ekialdeko Konferentziako Finaleko aurreneko norgehiagoka. New York Knicks 108-92 ari zen irabazten zazpi minuturen faltan, partida azken minutura markagailua 121-112 zela sartu da eta Indianak 125na berdintzea lortu du hasteko, gero luzapenean 135-138 nagusi izateko.
Lehiakor lehen ere
Ez da ahaztu behar ere Gipuzkoa Basket ACB Ligara igotzeko kanporaketetan beti oso lehiakor izan dela. Duela bi urte, adibidez, egun ACBn jokatzen ari den Leyma Coruñari 1-3 irabazteko gauza izan zen, eta iaz Burgosko Tizona taldearen aurka 3-2 galdu zuela, azken neurketa bietan txanponaren aurkia eta ifrentzua ezagutuz. Laugarren partida, Illunben jokatu zena, Xabi Orozek azken segundoan sartutako hiruko baten erabaki zuen moduan, kitarako neurketa Tizonak 76-73 irabazi zuen azken baloi jabetzan Alex Barcello taldeko izarrari Arnau Parrado hegalekoak baloia ostu ziolako.
Zernahi gertatu liteke ostiralean –eta igandean, laugarren partidarik balego–, Estudiantesek eskarmentu handiko jokalariak dituen arren –Jayson Granger, Kravic eta Patricio Garino bereziki–, igo beharraren presioa ere bere sorbalda gainean duelako ere. «Estudiantes talde aparta da, guk ere talentua eta talde ona dugu. Lortu dezakegula transmititu behar da».
Bestalde, ikusi egin behar Josip Vrankic jokatzeko moduan ote dagoen. Orkatilako bihurritu baten erruz aurreneko bi neurketetan ez zuen jokatu, baina aukeratxo bat ba omen du kroaziar jatorriko kanadarrak. Uztaipeko jokoa indartzeko dena beharko du Mikek Odriozolaren taldeak, izan ere.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

