
Dagoeneko amaitu dira Araian kokatuko den eta Lautadako eskualde osoari zerbitzua emango dion lehen konpost-planta eraikitzeko lanak. Ekimena Asparrenako Udalarena izan da eta guztira 1,6 milioi euro inbertitu dira bertan, 618.000 euro Next Generation europear funtsetatik jasotakoak eta beste 700.000 euro espainiar Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandakoak. Horretaz gain, beste 300.000 euro inbertitu dira makineria eta bilketarako ibilgailua erosteko.
Une honetan, Asparrenako Udala Foru Aldundiaren erantzunaren zain dago, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena onartua baitago baina sinatzea falta delako. Horregatik, Udalak eskaera egin dio foru erakundeari, 350.000 euroko ekarpena behar bezala gauzatu dadin. Era berean, harremanetan dago Kuadrillako beste herriekin, udal-ordenantzak eguneratu eta hondakinen bilketa zerbitzuaren kontratua berritzeko.
Inma Albizu Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, konpost-planta hondakinak kudeatzeko Udalak abian jarritako prozesuaren emaitza da. «Hasiera batean, udalerrian eta Asparrena zein Donemiliaga industrialdeetan kokatutako ostalaritza guneetan sortzen diren bio-hondakinak kudeatzeko tresna bezala abiatu zen, baina laster ikusi genuen azpiegitura horrek eskualde-izaera izan zezakeela». Izan ere, orain arte udalerri bakoitzak bere aldetik kudeatu izan ditu hondakin organikoak, konpost-gune komunitarioak eta edukinontzi marroiak ezarriz. Orain, ordea, eskualde mailan kudeatuko dira hondakin horiek.

Lautadako Kuadrillak zortzi udalerri hartzen ditu (Asparrena, Donemiliaga, Zalduondo, Barrundia, Agurain, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Burgelu, eta aurreikusitako tamaina egokia litzateke «udalerri horiei zerbitzua emateko hurbiltasun eta autosufizientzia printzipioei jarraituz».
Bertan kudeatutako bio-hondakinak konpost bihurtuko lirateke, nekazaritza lurretan ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, tokiko enplegua sortuko litzateke, baita garraio-kostuak murriztu ere.
JARDUNALDIAK
Azpiegitura eraikitzearekin batera, Asparrenak Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian herritarren artean gaikako bilketa sustatzeko.
Horrela, maiatzaren 21 eta 22an “Herri garbiak, hondakin bakoitza bere tokian” izeneko jardunaldiak antolatu zituen. Inma Albizu zinegotziak azaldu duenez, «gure udalerrian arazoak ditugu gaikako bilketa edo klasifikazioarekin, eta jardunaldien bitartez herritarrak kontzientziatu nahi izan ditugu».
Lehenbiziko egunean ingurumenean, hondakinen bilketan eta ekonomia zirkularrean adituak diren hiru hizlari izan ziren eta bigarren egunean, Foru Aldundiko teknikari bat, Lautadako Kuadrillako lehendakaria, Gustavo Fernandez, eta Asparrenako alkatea, Txelo Auzmendi. Orain arte emandako urratsak, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak azaltzeaz gain, beste udalerri batzuen esperientziak eta emaitzak aztertu zituzten. Azkenik, bizilagunen ekarpenak, iradokizunak eta kezkak jaso zituzten.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
Buscan a una joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
