Kazetaria / Periodista

Guardia Nazionala Los Angelesen zabaltzearen aurkako epaia atzera bota du auzitegi batek

San Frantziskoko epaile bateren ebazpenaren ondoren, Kaliforniako gobernadoreak iragarri du Guardia Nazionala Los Angeleseko kaleetatik erretiratuko dela ostiral honetan. Ordu batzuen buruan, ordea, apelazio auzitegi batek erabakia atzera bota eta Donald Trumpen administrazioaren alde egin du.

Kaliforniako Guardia Nazionala, Los Angeleseko kaleetan.
Kaliforniako Guardia Nazionala, Los Angeleseko kaleetan. (Robyn BECK | AFP)

San Frantziskoko Charles Breyer epaileak hartutako erabakia ordu batzuen buruan atzera bota du apelazio auzitegi batek eta Guardia Nazionala Los Angelesen zabaltzea baimendu du, agintea Donald Trumpen administrazioari itzulita.

Breyer epaileak Kaliforniak egindako salaketari arrazoi eman eta gero, Gavin Newsom gobernadoreak esan du gaur eguerdian (Euskal Herrian gaueko bederatzietan) ez zela Guardia Nazionaleko kiderik egongo Los Angeleseko kaleetan. Ordu horretarako agindu du jujeak bere agintea indarrean sartzea. «Guardia Nazionala erabiltzea ICEren sarekadatarako bihar (ostiralagatik) eguerdian amaituko da» esan zuen Newsomek ebazpena ezagutu eta berehala. 

Migratzaileak atxilotzeko sarekaden aurkako protesta batzuetan indarkeria izan zela aitzakia hartuta, Donald Trumpek Kaliforniako Guardia Nazionala federalizatu zuen asteburuan, hau da, estatu horretako gobernadorearen ardurak hartuta bere agintepean jarri zuen. Hasierako bi mila kideen ostean, beste mila bidali ditu Los Angeleseko kaleetara asteon.

Gavin Newsom gobernadoreak astelehenean bertan iragarri zuen auzitegietara joko zutela, eta atzo gauean (gaur goizaldean Euskal Herrian), haren argudioen alde egin zuen epaileak. Breyer-ek bereziki kritikatu zuen erabakiari berrikusketa judizialik ezin zitzaiola egin defendatzea Washingtonek. «Presidenteak matxinada dagoela esaten badu, matxinada omen dago. Zertan da hori monarka batek egiten duenetik?», galdetu du.

Apelazio auzitegiak, ordea, Breyer-en erabakia blokeatzeko agindu du, CBS telebista katearen arabera.

Charles Breyer epailea Watergate eskandaluan fiskala izan zen, eta haren anaia AEBko Auzitegi Goreneko epaile izandakoa da. Newsom v. Trump ebazpenean argi eta garbi adierazten zuen Trumpen agindua legez kanpokoa izan zela: «Prozeduraren hasierako fase honetan, auzitegiak ebatzi behar du ea presidenteak bere ekintzetarako Kongresuak agindutako prozedurari jarraitu dion», idatzi zuen epaileak 36 orrialdeko aginduan. «Ez dio jarraitu. Bere ekintzak legez kanpokoak izan ziren, batetik bere legezko ahalmenaren esparrua gainditzen zutelako, bestetik Estatu Batuetako Konstituzioaren Hamargarren Emendakina urratzen zutelako. Beraz, Kaliforniako Guardia Nazionalaren kontrola Kaliforniako Estatuko gobernadoreari itzuli behar dio berehala».

«Akusatuak (Trumpen Gobernuak) aldi baterako DEBEKATUA du Kaliforniako Guardia Nazionaleko kideak Los Angelesen hedatzea», idatzi zuen epaileak, eta ondorioz, «Kaliforniako Guardia Nazionalaren kontrola Newsom gobernadoreari itzultzeko AGINTZEN zaie». Agindua berehala indarrean sartu beharrean, biharamunera arte atzeratu zuen, helegitea aurkezteko epea emateko Gobernuari. Trumpen administrazioak berehala aurkeztu zuen, eta aldeko erabakia jaso.

Los Angeleseko istiluak mugatuak eta toki txiki batzuetan baino ez dira izan, inolaz ere ez 1992an hiria erdi sutan jarri zutenak bezalakoak. Baina Trumpen agintepean dagoen borroka azalarazi du, migrazioaren aurkako oso agenda gogorra daukan Trumpen Gobernu federalaren eta haren aginduak betetzeko prest ez dagoen Kalifornia eta beste estatu demokrata batzuen agintea.

Borroka horren irudi esanguratsuenetako bat atzo Los Angeleseko Wilshire eraikin federalean gertatu zen. Kristi Noem barne segurtasuneko idazkariaren prentsaurreko batean galdera bat egitera zihoala Alex Padilla Kaliforniako senatari demokrata indarrez gelatik atera, zorura bota eta esku-burdinak jarri baitzizkioten, kameren aurrean. «Hau egiten badiote galdera bat daukan senatari bati, pentsa zer egingo dieten etxaldeetako langileei, laborariei, sukaldariei, eta Kalifornian eta herrialde osoan jomugan dituzten beste etorkin ez-biolentoei. Edo hitz egitera ausartzen den edozein estatubatuarri».

Guardia Nazionala, marineak eta Armada protagonista izan diren astea amaitzeko, biharko Donald Trumpek aspaldiko desfile militar handiena prestatu du Washingtonen. Ofizialki, AEBko armadaren 250. urteurrena ospatzeko da, baina presidentearen urtebetetze eguna ere bada. Presidentearen geroz eta jarrera autoritarioago horren aurka, ia bi mila protesta deitu dituzte Estatu Batuetan zehar «Erregerik ez» lelopean.