Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Nazio berpizte bat» bultzatzeko prest da Ernai

Udako kanpaina aurkeztu berri du Ernai gazte antolakundeak, «Ekin eta bultza askatasunera». Txiki eta Otaegiren fusilamenduen efemeridearen karira, «nazio bulkada» indartzeko baliatu nahi dute dinamika.

Ikasturte honetako mobilizazio batean Ernai independentzia aldarrikatzen, artxiboko irudia.
Ikasturte honetako mobilizazio batean Ernai independentzia aldarrikatzen, artxiboko irudia. (Idoia Zabaleta | FOKU)

«Nazio berpizte bat behar da, beste termino batzuetan». Baieztapen potoloa da, baina horixe da egungo erronka nagusia Ernai gazte antolakundearen iritziz. «Ekin eta bultza askatasunera» lelopean aurkeztu dute udako kanpaina, eta 1975ko dataren oihartzunei jarraiki, efemeride hori baliatu nahi izan dute egungo testuinguru politikoaren azterketa egiteaz gain, aurrera begira jartzeko. Hitzordu berri baten berri emateko ere baliatu dute: Irailaren 14an, Donostian.

«Txiki eta Otaegi hil zituzten, baina ez dute sekula herri honen askatasunaren nahia isilaraztea lortuko. Eta orain gu gara herri honek merezi duen etorkizunagatik borrokan jarraitzen dugunak, gaur egungo gazteei inoiz baino indartsuago bultzatzea egokitzen zaigu», adierazi dute sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Amaiur Egurrola bozeramailearekin elkartu gara gehiago sakontzeko asmoz.

«Pasa den ikasturtea mugitua izan da, hedapenerako eta komunitatea biltzeko eman duena. Baita independentziaren aldarria lehen lerroan kokatzekoa ere», egin du balorazioa antolakundeko bozeramaileak.



1975 urteak efemeride asko baditu ere Txiki eta Otaegiren fusilamenduei egin die erreferentzia: «Ez dugu irakurketa historizista bat egin nahi, baina bi figura hauen izaerari erreparatu nahi diogu: Txiki eta Otaegi bi gazte militante ziren, bi gazte independentista, frankismoaren garai latzenenetan herri hau askatasunera eramateko hautua egin zutenak». Garaiko nazio askapen mugimdenduari «bultzada» eman zioten gazte belaunaldi bateko kide zirela biak aipatu du, «molde berriak ekarri zituen gazteria bat izan zen», gehituz.

«Gure belaunaldiak bizi duen fase politikoan ezker independentismoak trantsizio bat egin du mugimendu bezala»


«Ezin da konparatu, alde nabarmenak daude, baina antzekotasun batzuk ere identifikatu daitezke eta paralelismo batzuk egin daitezke», ohartarazi du Egurrolak aurrera jarraitu aurretik. 1975ean fusilatua zituzten gazteek ez zuten gerra bizi izan, bai ordea gerraostetik frankismorako bidea; «garaian eraberritzeko zaila zen nazio pultsu bat biziberritzea egokitu zitzaien», azpimarratu du. Eta horri lotuta, egun Ernaiko militanteak direnen belaunaldia ere fase politikoa guztiz aldatzen ari zen garaian politizatutako belaunaldia dela azaldu du: «Euskal Herrian gatazka politikoa beste termino batzuetan egon zen azken hamarkadetan, fase aldaketa oso bat eman da azken urteetan, gatazka politiko armatua lehen lerroan egotetik trantsizio bat eman da, gure belaunaldia hor bizi da, non ezker independentismoak ere trantsizio bat egin duen mugimendu bezala».

Oinarrizko bi aldarri

Duela 50 urte baino lehenagotik abiatutako eta gaur oraindik aktualak diren «oinarrizko bi aldarri» egon direla kontatu du Ernaiko bozeramaileak: Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminaziorako edota erabakitzeko eskubidea. Horrek ere lotzen ditu Ernairen arabera, eta horri ere egin nahi diote bultza. «Gaur egun ziklo politiko berri baten inguruan hitz egiten badugu, da uste dugulako oinarrizko bi aldarrikapen horietan aurrera urratsak emateko aukera daukagula». Eta gazte antolakundeak egiteko garbi bat duela uste du: «Borroka hori gaur egungo terminoetara ekartzea, gaurkotzea eta mugimenduaren misio historikoa izan den horretan aurrera urratsak ematea». «Lekukoa» hartzeko egungo gazteriak duen «determinazioaz» mintzatu da Egurrola.

Erabakitzeko eskubidearen inguruko «giro bat» nabaritzen dutela azaltzen du eta hori «alor ezberdinetan» sumatzen dutela. Alde batetik erabakitze eskubidearen aldeko adarri esplizitua egiten duten mugimenduak daude, eta bestetik, beraien aldarri esplizitua edo zentrala izan gabe Euskal Herrian kokatzen diren borrokak, gutxieneko pentsioa Euskal Herrian erabakitzeko aldarria edota pasa den ikasturteko greba feminista orokorra jarri ditu adibidetzat: «Mugimendu feminista Estatu egitura propio bat izan ahal den zerbaitetaz ari da, instituzioa eta herri mugimendua elkartuko dituena, eta proposamen material bat egiten du zaintza sistema nola antolatu definitzen duena».

«Borroka horiek Euskal Herrian zein forma hartzen duten eta guk horrekiko zer eskaintza egiten dugun pentsatu behar dugu»


Borroka sozialak eta nazio aitortzaren borroka nola korapilatu nazio askapen mugimenduak hastapenetatik izan duen erronka izan da, eta gazte perspektibatik ere egiteko bat badutela aitortu du bozeramaileak: «Esaten denean bestelako politizazio eremu batzuk daudela, feminismotik, transmaribibollo borrokatik, ekologismotik… aldarrikapen hauek nondik datozen eta Euskal Herrian zein forma konkretu hartzen duten eta guk horrekiko zer eskaintza egiten dugun pentsatu behar da». Erronka anbiziotsu bat jarri dio Ernaik bere buruari, identitate independentista eta pertenentzia sentimendu hori gazteen artean zabaltzea. Horretarako, herri moduan irekitzen ari den ziklo mobilizatzailean paper garrantzitsua jokatzen du antolakundeak Egurrolaren ustez, eta data bat ere aurreratu du: Irailaren 14an mobilizazio nazionala egingo dute Donostian.

«Inkestei erreparatu eta independentziaren aldarria ahuldua dagoela esaten da askotan, eta bai, izan daiteke, nazio pultsua ahulduta dagoelako, trantsizio momentu batean kokatzen garelako herri gisara, gure eginbeharra da pentsatzea nola ekarriko dugun nazio pultsu hori erdigunera», defendatu du. Eta zentzu horretan, gazte independentistak berpizkunde horri bultzatzeko prest daudela baieztatu.