«Operazio politiko bat egon da Euskal Herria atzera begira jartzeko»
Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Guardia Zibilak «ongietorrien» sustatzailetzat jo zituen eta espetxe mehatxu handi bati aurre egin behar izan zioten. Akordio batera iritsi ondoren, ez dira kartzelara sartuko, eta ontzat jo dute tratua, «konponbide prozesua blindatzeko» balio duelakoan.

Antton Lopez Ruiz, Carlos, Kai, Saez de Egilaz, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Pipe San Epifanio eta Haimar Altuna ezker abertzaleko kideak eta “ongietorrien auziko” akusatuak ez dira kartzelara sartuko, Fiskaltza eta akusazio partikularrekin -PP, Dignidad y Justicia eta AVT- akordio batera iritsi ondoren.
Hala ere, Guardia Zibilak eta Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko instruktoreak hainbat urtez jazarri dituzte. Akusazio politikoengatik euskal herritarren aurka egin den azken makroepaiketa astelehenean hasi eta amaitu zen Auzitegi Nazionalean akordio horrekin, eta, epaiketaren ondoren, Haimar Altunak eta Oihana San Vicentek GARArekin hitz egin zuten.
Epaiketak ez du ordubete ere iraun, baina prozesuak, urteak. Nola eragin dizue?
Oihana San Vicente: Prozesua oso luzea izan da; 2020an atxilotu gintuzten eta, beraz, bost urte luze izan dira. Horrelako epaiketak, Madrilen, Auzitegi Nazionalean, ez dira errazak. Maila pertsonalean esango genuke gogorra izan dela; mugituak atera gara, eta, hala ere, pozik gaude barruan gertatutakoarekin eta lortutako akordioarekin.
Akordio horrek esan nahi du sei pertsonok ez zaretela kartzelan sartuko baina onartzen duzuela bi urteko zigorra «biktimak umiliatzeagatik», «terrorismoaren gorazarre delituagatik» eta «talde kriminal» bateko kide izateagatik. Zaila izan da erabaki hori hartzea?
Haimar Altuna: Bagenekien epaiketa konplexu baten aurrean geundela. Batetik, fiskalaz gain, hiru akusazio partikular zeudelako. Baina nagusiki konplexutasun horri erantzuten zion gure etorkizunaz gain bazeudela beste helburu batzuk.
Bazegoen saiakera bat umiliazio delitua garatu eta bestelako doktrina bat finkatzeko, non benetan arriskuan geratuko liratekeen euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak eta oinarrizko printzipio demokratikoak. Akordioarekin hori etetea lortu dugu.
Akordiorik egon ez balitz eta kondena orokorra izan balitz, zer suposatuko zuen Euskal Herriarentzat sei pertsona orain bat-batean espetxeratuak izateak?
H.A.: Zorionez, Euskal Herria beste pantaila batean dago; zorionez, asko aurreratu dugu elkarbizitzaren norabidean eta baita konponbide oso batek behar dituen hainbat gaitan ere; nahiz eta oso kontziente garen oraindik badagoela zer egin.
Akordio honek bide horretan jarraitzeko bermeak eskaintzen dizkigu, bai biktima guztiek beharrezkoa duten aitortza eta erreparazioari begira, bai behingoz preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea emateari begira.
Dignidad y Justiciak, AVTk eta PPk egindako akusazioek bederatzi urteraino luzatzen zuten zigor eskaera. Zuen ustez, zein helburu politiko du gehiegizko eskaera penal horrek?
O.S.: Auzi hau sei kideren kontrako auzi bat baino gehiago zen, eta guk egiten dugun irakurketa da operazio politiko bat dagoela martxan azkenengo urteetan, umiliazio delituaren garapen posibleari begira.
Gainera, pultsio bat dago Euskal Herria atzera begira jartzeko, azken 10-15 urteetan gure herrian elkarbizitzan eta konponbidean aurreratu duguna oztopatzen saiatzeko. Hori ere bazegoen jokoan epaiketa honetan.
Bazegoen operazio politiko bat Estatu espainoleko sektore batzuena, oztopatu nahi dutenak Euskal Herrian herri gisa egiten ari garen elkarbizitza eta konponbiderako prozesu hori. Akordioarekin, inor ez espetxeratzea lortu dugu, baina baita saiakera politiko horri harresi berri bat jartzea ere.
Garcia Castellon epailea, bestalde, instrukzioa legeaz haratago hedatzen saiatu zen. Zuek hasiera-hasieratik salatu duzue «lawfare» kasu bat izan dela.
H.A.: Hitzaren kontzeptua berria izan daiteke, baina Euskal Herrian beti ezagutu ditugu judizializazio saiakera ekimen ezberdinak bestelako helburu politikoak lortzeko. Auzi honetan hori bazegoen, ez bakarrik herri gisa egiten ari den bidea oztopatzeko, baizik eta gaur Espainian ematen den testuinguruan eragiteko ere bai. Eta horretarako euskal herritarrak beti jomugan egon gara. Kasu honetan, epaiketaren konplexutasuna adierazten duen beste elementu bat da nola leporatu izan dizkiguten harrera ekitaldi horiek.
Auzitegi Nazionala egon da horiek banan-banan ikertzen eta ez da inolako zigorrik egon.
Honekin judizialki beste urrats bat egiten saiatu dira, aurrekari berri bat ezartzeari dagokionez.
Biktimen elkarteek salaketak aurkeztu zituzten sistematikoki artxibatzen ziren ongietorriengatik, harik eta Guardia Zibilak «estrategia politiko, bortitz eta kriminal» baten barruan sartu zituen arte. Horrek ez al du frogatzen kasua arrazoi politikoengatik berpiztu zela?
Garrantzitsua da esatea prozesu honen hasieran Guardia Zibila egon zela. Informe ezberdinek bultzatuta iritsi ziren gure atxiloketak eta bost urte iran duen prozesua.
Umiliazio delituaren garapenaren atzean Estatu sakonaren elementu ezberdinak daude, bai polizialak, bai mediatikoak, bai judizialak. Horiek jarraitzen dute kriminalizatzen Euskal Herria egiten ari den bidea; errepresioa erabiltzen jarraitzen dute oztopatzeko herri gisa elkarrekin eta ezberdinen artean egiten ari garen bidea.
Zuek behin eta berriz esaten zenuten ekintza horietan ez dagoela deliturik eta, gainera, «iraganeko kontua» direla. EPPK-k 2021eko azaroan amaitu zuen auzia, «modu pribatu eta diskretuan hartuak izan nahi dugu» esanez, eta ezker abertzaleak biktimen ahotsa entzun duela adierazi du.
H.A.: Prozesu honetan gehien harritu eta astindu gaituen elementuetako bat izan da batzuek zer modu gordinean erabiltzen duten biktimen mina eta sufrikarioa.
Zorionez, Euskal Herrian horretan asko aurreratu dugu. Askotan esaten dugu kontzeptuaz gain elkarbizitza hitza bera ere edukiz bete beharra dagoela: elkar entzutea, elkar errespetatzea.
Ildo horretan, azken urteetan ezker independentismoak mantendu du biktima ezberdinekin harreman iraunkor bat.
Askotan modu diskretuan egin da, beraien zaintza bermatu ahal izateko, bestela erasoak izateko arriskua dutelako, eta hori oso gauza gordina da eta salatu beharko litzatekeena.
Gure konpromisoa bide horretan mantentzen dugu eta ez gara hitz egiten ari biktima bat edo bitaz. Multzo esanguratsua da eta gero eta harreman eraikitzaileagoa da.
Epaiketa hau euskal normalizazio politikoan aurrerapausoak ematen ari diren unean dator. Ezker abertzalea higatzen duten auzi judizialekin bultzada hori geldiarazteko asmoa dagoela uste duzue?
O.S.: Gure ustez, saiakera hori badago. Ezker independentismoak azkenengo urteetan egin bezala, gure konpromisoa berretsi dugu, ondorioen konponbidea bururaino eramatea eta herri gisa egitea. Azkenengo hamar urteetan ezker independentismoak urrats asko egin ditu; batzuk publikoak izan dira eta beste batzuk pribatuak. Gure ustez, preso eta iheslarien kolektiboak berak izugarrizko ekarpena egin dio bide honi eta ez gaitu inork mugituko, sinesten dugulako benetan bide hau egiten jarraituko dugula aliantza zabaletan.
Epaiketa hau ezker abertzalearen aurkako makroprozesu zerrenda luze bati gehitu behar zaio. Urteetako estrategia judizialek huts egin ondoren, posible ikusten duzue zuen jarduera politikoa kriminalizatzeko azken ahalegina izatea? Ziklo bat ixten da honekin?
H.A.: Hala nahiko genuke, baina duela gutxi ezagutu genuen iheslarien kolektiboaren aurkako judizializazio saiakera bat. Eta, alde horretatik, oso kontziente gara etor daitezkeela beste saiakera batzuk estatu sakona osatzen duten eremu ezberdinetatik. Baina Euskal Herria beste egoera batean dago, asko ikasi dugu bide honetan eta gero eta ulergaitzagoak egiten dira horrelako saiakerak. Beraz, aukerak emango dizkigu herri bezala erantzuteko. Gainera, akordio honekin lortu dugu, eta sententzian horrela jasotzen da, presoen aldeko dinamika eta etxeratzearen aldeko dinamika zilegia dela bermatzea.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual

