
Chillida Lekun egindako ekitaldi batean, Euskal Herriko Unibertsitateak aurrerantzean izango duen identitate bisual berritua aurkeztu du astelehen honetan. Maiatzean iragarri zutenez, euskarazko nomenklatura soilik erabiliko dute aurrerantzean.
Ekitaldian Joxerramon Bengoetxea errektoreak nabarmendu duenez «sinpletasunez eta dotoreziaz», komunitate oso baten atxikimendu sentimendua bermatu nahi da. Bengoetxeak eta Juana Goizueta errektoreordeak argi utzi dutenez, unibertsitatea sortu baino lehen Chillidaren «artelanarekin» batera agertu zen ‘Euskal unibertsitatea bai’ aldarriari eutsi nahi diote gaur egun ere.
«Garrantzitsua da sustraietara begiratzea nondik gatozen ez ahazteko eta aurrera egiten jarraitzeko», gehitu du Bengoetxeak. Eta horretarako «nortasun propioa duen eta bereizten eta ordezkatzen gaituen unibertsitatea izan nahi dugu». Ildo horretan, gehitu du EHUk lideratu behar duela euskal unibertsitate sistema: «unibertsitate europarra, euskalduna eta propioa, campus anitza eta zabala; mundura zabalik dagoena».
Estitxu Garai Bizkaiko Kanpuseko errektoreordea eta markagintza eta estrategia prozesuetan aditua denak etapa berri bat irekiko duen prozesu honetan parte hartu du. Azaldu duenez, identitate bisual berriak etorkizunera begiratzen dio baina sustraietan errotuta dago. Gainera, euskal kulturarekiko eta hizkuntzarekiko lotura indartzeko helburuarekin egin dute diseinua.
Paleta kromatiko korporatiboaren erdigunean berdea egongo da, ‘uniberdea’, kolore bizia eta naturarekin lotura zuzena duena, «bizitasunez betea». Honekin, «amalurra inspirazio dituzten» beste kolore batzuk aukeratu dituzte: egunsentia, zerua, argia eta behe lainoa. Unibertsitatearen berezkoak diren EHU Serif eta EHU Sans mantenduko dituzte.
Chillidaren ikurrarekin siglak bakarrik erabilita lan grafikoa «indartu egiten dela» azaldu du Garaik. «Egungo joerekin sintonian eta izengintzaren inguruan azken urteotan egindako lanari jarraituz garatu da marka berria», borobildu du errektoreordeak. ‘Eman ta zabal zazu’ Jose Maria Iparraguirreren bertsoa ez dute baztertu, baina tamainagatik irakurterraza denetan erabiliko da markan.
Ereserki izan nahi duen kanta
Joxerramon Bengoetxeak esan duenez, ez da bakarrik eraberritze bisual bat izan, akustikoa ere bai. Horretarako EHuren etorkizuneko ereserki izateko asmoz sortutako pieza aurkeztu dute. Musika Luca Fenalli musikari eta matematika irakasleak konposatu du eta hitzak Jone Uria bertsolari eta matematika irakasleak jarri dizkio.
Bengoetxearen hitzetan, unibertsitatearekiko «konprometituak» dauden pertsonei esker sortu da eta Aurreskuarekin eta Gaudeamus igitur ereserki akademikoarekin batera EHUren ekitaldietan leku bat izan dezan espero du.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial
