
«Zorionak Nadia, to the Basque Country», esan zuen WSLko esatariak, nesken finaleko amaiera iragartzen zuen klaxon hotsa entzun zenean. Atzo amaitu zen Hegoafrikako Ballito hondartzan Challenger Series itzuliko bigarren txapelketa. Mutilen kategorian Luke Thompson nagusitu zen.
Erostarberekin batera beste bost euskal surflari lehiatu ziren; Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak, Yago Dominguez getxotarra, eta beste bi zarauztar, Keoni Lasa eta Adur Amatriain. Horietako inork ez zuen bigarren erronda gainditzea lortu.
Aurtengo CS zirkuitua osatuko duten zazpi txapelketetatik hirugarrena uztailaren 26an hasiko da Kalifornian, Huntington hondartzan. Han izango dira, berriz ere, lehen mailara igotzeko lehian diren CS itzuliko 80 mutil eta 48 neskak.
Itzelezko garaipena
Euskal surflari batek CS mailako txapelketa bat irabazten duen lehen aldia da. Iaz finalerdietara iristea lortu zuen Erostarbek CS mailako bi txapelketetan eta aurtengo denboraldia lehen mailan hasi zuen, nahiz eta denboraldi osteko mozketaren ostean berriz ere CS mailara jaitsi. Sekulakoa da; azken bi urteetan ezinezkoak ziruditen mugak gainditu ditu zarauztarrak.
Esaterako, 2023an eta 2022an final-laurdenetara iritsi zen Erostarbe Ballitoko txapelketan, eta emaitza onak zirela azaltzen genuen atal honetan, baina zarauztarrak atzo lortutakoak orain arteko guztiak gainditu ditu.
Aurtengo denboraldia 2026ko apirilean amaituko da, hasi zen leku berean, alegia, Australiako Newcastle hondartzan, eta horren ostean, CS rankingeko lehen hamar mutilak eta zazpi neskak lehen mailara igoko dira. Iaz postu bakar bategatik ez zuen lortu Erostarbek lehen mailara igotzea, baina Johane Defay lehiakideak utzitako hutsunea bete ahal izan zuen bost txapelketetan.
Balliton bikain aritu zen zarauztarra. Bi metroko olatuetan bizkarkako bira indartsuak egin zituen eta finalean ere maila altua erakutsi zuen, nahiz eta une batean akats larri bat egin zuen. Txanda amaitzeko zortzi minutu falta zirela zarauztarra buru zen eta lehentasuna zuen, baina olatu txar bat hartu eta erori egin zen; hala, lehentasuna Yolanda Hopkins aurkariaren esku utzi zuen. Zorionez, portugaldarrak ere ez zuen ongi baliatu lehentasuna eta olatu txar bat hartu zuen. Horri esker, lehentasuna berreskuratu bezain laster Erostarbek olatu on bat hartu eta puntuazio altua jaso zuen.
Ballitoko garaipenari esker 17 postu egin ditu gora Erostarbek eta laugarren postuan kokatu da. Hirugarren postuan Balliton garaitu zuen lehiakidea aurkitzen da, Yaolanda Hopkins; bigarren postuan, Sally Fitzgibbons australiarra dago, eta aurreneko postuan, Francisca Veselco portugaldarra.
Mutilen kategorian, berriz, Luke Thompson hegoafrikarra George Pittar australiarrari gailendu zitzaion finalean. Bi surflariek postu asko igo dituzte Ballitoko emaitzari esker; izan ere, Pittar CS rankingean 19 postu igo eta hirugarren kokatu da, eta Thompsonek, berriz, 43 postu egin ditu gora eta bigarren postua eskuratu du. Rankingeko aurreneko tokian Jacob Wilkox australiarra dago.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

