Nora Unanue Aldazabal

Beste bi lehiaketa ofizialerako taldeak hautatu ditu Euskal Selekzioak

Euskal Herriko Euskal Pilota Federazioak «harrotasunez» iragarri du Euskal  Selekzioaren parte-hartzea denboraldiko lehen bi nazioarteko txapelketetan, Gernikan emandako urrats handiaren ostean. Hauek dira hautatutako jokalariak.

Euskal Pilota Selekzioa Gernikako aurkezpen ekitaldian.
Euskal Pilota Selekzioa Gernikako aurkezpen ekitaldian. (Monika del Valle | FOKU)

Euskal Herriko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) ofizialki iragarri du Euskal Pilota Selekzioak parte hartuko duela datorren denboraldiko lehen bi nazioarteko txapelketetan, eskupilotako Nazioarteko Konfederazioaren (CIJB) egutegi ofiziala jasota: Munduko One Wall Txapelketa eta Europako Junior Pilota Txapelketa. Hautaketa honek pauso sendoa dakar selekzioaren nazioarteko presentzia eta ofizialtasunaren bidean, Gernikako Jai Alai pilotalekuan arrakasta handiz ekainaren 2an egindako aurrerapausoan sakonduz.

Lehen hitzordua, Munduko One Wall Txapelketa, Leeuwarden-en (Herbehereak) jokatuko da abuztuaren 26tik 30era artean. Bertan Euskal Selekzioak gizonezko eta emakumezko nagusien kategorietan lehiatuko du. Ekhi Ziarrusta eta Patri Espinar izan dira hautatzaileak. Gizonezkoetan Egoitz Amantegi, Mikel Beldarrain, Lur Ziarrusta eta Mikel Aurrekoetxea pilotariak Ziarrustaren agindupean izango dira. Emakumezkoetan, berriz, Patri Espinarrek Miren Larrarte, Olatz Arrizabalaga eta Laia Salsamendi hautatu ditu Herbeheretan jokatuko den txapelketan lehiatzeko.

Bigarren hitzordua, Europako Junior Pilota Txapelketa izango da Ath-en (Belgika) irailaren 3tik 6ra, non euskal pilotari gazteek 19, 17 eta 15 urtez azpiko kategorietan hartuko duten parte. Aukera paregabea euskal harrobiaren nazioarteko garapenerako. Gazteen hautaketarako, Egoitz Amantegi eta Iñaki Esnalek izan dute erabakia. Gizonezkoetan, hautatutako 19 urtez azpikoak honako hauek dira: Ibai Arroitajauregi, Manex Etxeberri Pacheco eta Dorkaitz Meabe. 17 urtez azpikoei dagokienez, Ibon Erauzkin eta Unai Zufiria. Eta gaztetxoenen artean, 15 urtez azpikoetan, Aner Goikoetxea eta Xuhar Iparragirre izango dira Belgikan.

Emakumezkoen kategorietan, 17 urtez azpikoen ordezkariak Uxue Lopez de Okariz eta Malen Lamadrid izango dira, eta 15 urtez azpikoetan, berriz, Onintza Galdos, Alize Sagardui, Larraitz Galardi eta Intza Arruti aterako dira kantxara elastiko berdea soinean.

Hautaketa eredua

EEPF-k adierazi du hautaketa prozesua kirol merituetan, aukera berdintasunean eta euskal pilotaren internazionalizazioan oinarritu dela. Federazioak hautatutako pilotariak eta euren klubak zoriondu ditu eta zorterik onena opa die nazioarteko erronka hauetan.

Euskal Selekzioaren presentzia ofiziala nazioarteko txapelketa hauetan beste urrats izugarria da euskal pilotaren nazioarteko aitortza eta garapenerako, eta pilotazaleen artean ilusioa piztu du, Gernikako txapelketan erakutsi zen moduan.