
Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain aurten Challenger Serieetan lehiatzen diren arren, eta beraz, joan den astean Hegoafrikako Ballito Pro txapelketan parte hartu arren, maleta eta materiala aldatu eta arrapaladan Girondera (Frantziar Estatua) zuzenean joanda, Qualifying Serieseetako Lacanau Pro txapelketan sasoi ezinhobean daudela erakutsi dute. Ohi denez, euskal surflari ugari bildu dira ekitaldi honetan, eta horien artean bigarren eta hirugarren izan diren Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri ahizpak eta hirugarren bukatu duen Adur Amatriain nabarmendu dira.
Emakumezkoen multzoan, zerrenda nagusietan duten postuari esker, Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri Lacanaun lehiatzen hasi ziren zuzenean 32 onenen kanporaketan, 64 eta 48 onenen txandak saihestuz. Txapelketa hau jokatu aurretik, Annette Qualifying Serieetako Europako zerrendan laugarren postuan zegoen, eta Janire bederatzigarrenean.
Bere lehen txandan, Janirek gogor lan egin behar izan zuen seriearen amaieran bi olatu on hartzeko (8.17 eta 6.33) eta lehen postuan aurrera egiteko, Camilla Kemp alemaniarra (7.17 eta 6.13) orpoz orpo zuela eta Charlotte Mulley britainiarra (10.63) eta Lilya Ambert (8.93) urrutixeago.
Annettek, bere aldetik, bere lehen txandatik abisatu zuen Lacanau Pro honen aldeko apustua egingo zuela, pasa den astean QS-ko Hegoafrikako Ballito Pro txapelketan garaipena lortu ondoren. Oso puntuazio onak lortu zituen, onenak 8.33 eta 8.50 izan ziren, Nahia Milhau frantziarraren (10.67), Rachel Presti alemaniarraren (10.08) eta Rose Calvez Guadalupeko surflariaren (9.23) aurretik.
Final-zortzirenetan Janirek Milhau-ren aurka jokatu behar izan zuen, eta txandako azken olatura arte itxaron behar izan zuen 5.83 puntu eskuratzeko, seriearen lidertzan jarri eta 10.33 punturekin aurrera egiten jarraitzeko. Nahia Milhauk 10.20 puntu lortu zituen, eta Bahia Fredianik eta Tessa Thysenek 8.24 eta 4.86, hurrenez hurren.
Annettek final-zortzirenetan ez zuen arazo handirik izan aurrera egiteko. 10.67ko azken nota sinatu zuen, eta hurrengo fasera 8.37 puntu jaso zituen Teresa Bonvalot portugaldarrarekin igaro zen. Camilla Kemp alemaniarra (5.30) eta Lua Escudeiro portugaldarra (3.47) at geratu ziren.
Olatu faltagatik pare bat eguneko geldialdiaren ondoren, larunbatean final-laurdenak jokatu ziren. Janirek indarrak neurtu zituen berriro Teresa Bonvalotekin. Bi surflari olinpikoak ederki borrokatu ziren, baina oraingoan Zumaiakoak bikain aritu zen egin bere kalitatea erakutsiz, lehenengo 8.17ko olatuarekin eta ondoren 7.17ko olatuarekin, portugaldarrak (5.57 eta 4.73) gainditu ezin izan zuen 15.34ko nota zoragarria pilatzeko.
Annettek, berriz, nahikoa izan zuen bost olatu zamalkatzearekin eta final-laurdenetan 9.73 puntu batzearekin Nahai Milhoni gailentzeko. Frantziarrak 10 olaturekin saiatu behar izan zuen, baina bere 7.93a ez zen nahikoa izan.
Finalerdietan Gonzalez-Etxabarri ahizpen arteko borrokaldia iritsi da gaur goizean. Orain arte bien arteko norgehiagoketan, Janirek sei garaipen zituen alde eta Annettek bi, eta gaur ahizpa nagusiak beste garaipen bat gehitu dio bere zerrendari. Epaileek hobeto puntuatu dituzte Janireren olatuak, guztira 12.73rekin, eta horrekin Janirek Annette azpiratu du, 8.23ko balorazioa izan baitu gazteenak. Beste finalerdian, Anat Leliorrek (11.77) Iparraldeko Sarah Leiceaga surflaria menderatu du (7.83).
Finalean borroka oso estua izan da. Surflari israeldarrak lehen kolpea eman du 3.50eko olatuarekin, baina zazpigarren olatura arte itxaron behar izan du behin betiko txanda irabazteko. Janirek 4.83 puntu lortu ditu bere laugarren olatuan, eta borrokan jarraitu du Leliorrek 6.00 lortu duenean ere. Gipuzkoarrak 4.07ko puntuazioa poltsikoratu du bederatzigarren olatuan, eta oso gertu geratu den arren, Anatek irabazi du gaur.
Gizonen multzoan, hirugarren
Gizonezkoen multzoan, Adur Amatriain, QS-ko rankingean seigarren postuan zegoena, 64 onenen zerrendan sartu zen uretan, atzean utziz serieko lehen postuan igarota (16.27), Uri Uziel argentinarra (11.26), Elijah Chort frantziarra (8.03) eta Guy Turner israeldarra (6.57).
Gauza bera gertatu zen 32 onenen kanporaketan; izan ere, Adur Amatriainek hurrengo faserako txartela lortu zuen, txandako onena izanik, 13.90eko guztizko puntuazioarekin. Horrela, Noa Dupoy (10.93) eta Paul Cesar Distinguin (10.40) frantziarrak eta Joaquim Chaves portugaldarra (8.22) gainditu zituen.
Final-zortzirenetan Adurrek beste euskaldun baten aurka jokatu behar izan zuen, Hans Odriozolaren aurka, baina zorionez biek lortu zuten final-laurdenetarako txartela. Hansek 11.83 puntu lortu zituen eta Adurrek 11.10. Uri Uziel eta Leonardo Apreda kanporatuak izan ziren.
Final-laurdenetan Odriozola donostiarrak agur esan zion txapelketari baina Adur Amatriainek jarraitzea lortu zuen. Zarauztarrak finalerdietarako txartela erdietsi zuen Jacobo Trigo kantabriarra azpiratuz. Amatriainek 12.10eko puntuazioa lortu zuen Trigoren 11.83arekin alderatuta. Finalerdietan, ordea, Adur gainditu du Tiago Carriquek. Frantziarraren seigarren olatua, 7.50eko balorazioarekin, azken finean, gaindiezina izan da gipuzkoarrarentzat.
Gaurko txapelketa bukatu, eta ez dago atseden hartzeko astirik gure surflarientzat, Kaliforniara eramango dituen Challenger Serieetako hurrengo hitzordua gainean dute eta. Uztailaren 26tik abuztuaren 3ra Lexus US Opena jokatuko dute Huntingtonen.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
