Gure orainaren ispilu gordin eta gupidagabea
‘ORWELL: 2+2= 5’
Estatu frantsesa, 2025. 99’. Zuzendaria: Raoul Peck. Musika: Alexei Aigui. Argazkia: Ben Bloodwell, Stuart Luck, Julian Schwanitz.

Victoria Eugenia Antzokiko belusezko eserleku gorriak dardarka utzi ditu Raoul Peck zinegileak, ‘Orwell: 2+2=5’ dokumentalaren bidez. Lanak George Orwellen azken urteak aztertzen ditu, eta bere obra –batez ere ‘1984– irudi, bideo, adierazpen eta pasarte ugarirekin batera orainarekin elkarrizketan jarri du. Emaitza: gure orainaren ispilu gordin eta gupidagabearen aurrean kokatzen gaitu.
‘2+2=5’, botereak ezarritako gezurraren sinbolorik indartsuena dela azpimarratzen da filmaren hasieran; absurdoa eta zentzugabea den zerbait sinestera behartzen gaituzten politikari, enpresaburu eta agintarien menpe bizi garela gogorarazten digu.
Gai mardul horri forma emateko, Peckek egitura ausarta eta aldi berean zinez arriskutsua hautatu du. Elkarrizketarik ez du erabiltzen, ez behintzat lan honetarako espresuki grabatutako adierazpenik; horren ordez, Orwellen testuetara jotzen du kontakizuna eraikitzeko. Erabaki indartsu eta irmoa da Orwellen ahotsa pertsonaia nagusi gisa errespetatzea. Damien Lewis aktoreari egokitu zaio ahots hori jartzea; haren ahots sarkor eta indartsua da narrazioaren gidaria, azalpen guztiak irmoki josten dituen haria.
Muntaia-lana eta bildutako materiala itzela da: testuak, gutunak, Orwellen beraren saiakerak, gaiarekin lotura duten filmetako pasarteak, artxiboko irudiak, albisteetako bideoak eta abar. Elementu horien guztien bidez azaltzen du hizkuntzaren manipulazioa, propaganda eta errealitatearen ukazioa bezalako kontzeptuak jada ez direla fikzio distopikoak, gaur egungo fenomenoak baizik. Kapitalismo basatia, hizkuntzaren manipulazioa, pentsamenduaren kontrola, albiste faltsuak, askatasunetan murrizketak ustezko segurtasuna justifikatzeko, polizia basakeria, autoritarismoa eta propaganda… gai sakon horiek dantzan jarri ditu, ikusleari, munduaren egitura bidegabea eta mingarria erakutsiz.
Bikainki lotzen ditu iragana eta oraina, fikzioa eta errealitatea, literatura eta politika. Jaurtitzen dituen aldarri eta kritikak, zuzenak, gordinak eta zorrotzak dira, baina ikusleari modu nahasi samarrean heltzen zaizkio. Hainbeste gai eta adibide biltzen direnez, zenbait unetan guztia gehiegi lausotzen da.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

