«Oholtzatik jaitsita distirarik gabeko jardunean aritzea aitortu nahi diogu Lurdes Iriondori»
Klixeetatik harago, hezur-haragizko emakumearen argazki poliedrikoa osatu nahi izan dute Inge Mendiorozek eta Idoia Garzesek. ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumentalak ireki du aurten Zinemira saila.

Lurdes Iriondo Mujikaren (Donostia, 1937) figura bere osotasunean aldarrikatzen duten hainbat lanek ikusi dute argia azkenaldian. Jon Martinen liburuari Inge Mendiorozen filma gehitu zaio orain.
‘Beste esku batzuek jasoko dute gure lana,/ ez gera alferrik pasako./ Badu bizitzak etorkizun bat,/ ez da ametsik desegingo’, kantatu zuen Iriondok. Hortik filmaren izenburua.
Klixeetatik harago, hezur-haragizko emakumearen argazki poliedrikoa osatu nahi izan du Inge Mendiorozek (Andoain, 1973). Zuzendari eta muntatzaileak ondoan izan du prozesu osoan, bidelagun, Idoia Garzes (Lasarte-Oria, 1973) gidoilaria. Ostiral honetan ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumentalak irekiko du aurtengo Zinemira saila. Azaroaren 14an iritsiko da Hego Euskal Herriko Golem eta Sade aretoetara. Eta Ipar Euskal Herrian abendu aldera izatea espero dute.
«Neska liraina, gitarra eskuan eta minigona soinean agertokira igo zen emakume bezala ezagutu izan da. Garai hartan hori izango zen baina beste mila gauza izan zen eta gaur egun horrela irudikatzea nahiko etsigarria da, beste hitzen bat ez erabiltzeagatik», nabarmendu dute.
«Hedabideek badute ardura horretan, estereotipo horiek errepikatu izan dira beti. Eta ez bakarrik medioek, instituzioek ere berdin. Ezer egiten ez zuen musa, besteen jainkosa zena... Ba ez, ez zen horrelakoa. Uste dugu horrekin moztu egin behar dela», jarraitu dute.
Orain arte erakutsi zaigun argazkia osatu dute. «Lurdesen lana osorik hartu dugu. Ez bakarrik oholtza gainean egin zituenak, baizik eta kultur lan guztia jaso nahi izan dugu. Euskararen eta kultura berpiztu edo kultura berria sortzearen alde egin zituenak. Euskal kulturaren transmisioaren alde egin zuen, ikusi zuen frankismoaren pean transmisioaren alde era askotara egin zitekeela eta berak aukeratu zuen haur eta gazteen inguruan lan egitea, beraiek direlako lehenengo kate-begia. Hori aitortu nahi genion, ez zen izan abeslari bezalako lana bakarrik, oholtzatik jaitsi ondoren ere lanean jarraitu zuen, hainbesteko distirarik ez daukaten zereginetan. Bere lana ezinbestekoa izan zen euskal kulturaren alde. Hori aitortu eta eskertu nahi genion», kontatu dute. Izan ere, literatura eta antzerkia ere jorratu zituen donostiarra.
Euskara berreskuratu
Euskara etxean jaso izan arren galdu egin zuen eta gaztelera zuen eguneroko hizkuntza Iriondok. «Bere artikuluetatik hartutako hitzak erabili digugu. Mojen ikastetxera joan zenean galdu zuen euskara eta gero berreskuratu zuen. Pelikulan momentu batean esaten du ‘euskaldun sentitu nintzen’. Baita oholtza gainean euskaraz kantatzea ze garrantzitsua izan zen besteen erreferente bihurtzeko, gazteek edo gizarteak orohar ikus zezan oholtza gainean euskara erabili daitekeela; errebultsiboa izan zela gizartearentzat», diote.
Ez Dok Amairuren sorreran ibili zen –berak deitu zion telefonoz orduan oraindik ezagutzen ez zuen Xabier Leteri taldera batu zedin– eta taldea desagertu ondoren ere kantuan jarraitu zuen. Ondoren, bihotzeko eritasunak bultzatuta kantagintza utzi beharrean izan zen.
Leteren itzala handia izan zen. «Gizarteak bai, Xabierren itzalpean jarri du Lurdes, baina biak batera ikusi nahiko nituzke etxean edo beraien arteko hartu-emanean... Ez dut uste batak besteari itzal egingo zionik, eklipsatuko zuenik, baina badakigu nolakoa den gizartea eta nola jainkotu behar dituen pertsona batzuk; Xabier gogoratzen dugu eta Lurdes ez hainbeste. Guk ez dugu itzalpera kondenatu nahi Lurdes baina ez dugu Xabier gaiztotzat ipini nahi ere».
Gertutik ezagutu zutenek bere nortasuna nabarmendu dute dokumentalean. Goxo baina tinko defendatzen zituen bere ideiak. «Ze emakume puska zen! Oso argi zituen ideiak. Eta bisionarioa izan zen, ez bakarrik kultur transmisioaren ikuspegiari dagokionean, baita sortzailearen ofizioaren gainean zuen iritziarengatik. Ofizioa da eta aitortu ez ezik dirutan ordaindu egin behar da. Horrela erreibindikatu zuen 60ko hamardaren bukaeran ‘Zeruko Argia’ aldizkarian ‘Euskal Herriko eskaleak’ izeneko artikuluan. ‘Haizez egin behar al ditugu eskolak, irratiak ala lau ‘eroren’ [Lurdes eta Ez Dok Amairukoak] esku utzi behar al dugu? Lurdesek garbi zeukan haizetik ez dela inor elikatzen. Profesionalizazioan alde idatzi zuen, gaur egun Lanarteak defendatzen duena. Hori paperean idatzi ondoren entzungo zituen ederrak... Baina berak argi zeukan egin beharrekoa», adierazi dute.
«Garai hartan argitaratu ziren antzeko artikuluak, haiek gogoratu dira baina Lurdesena ez», gehitu dute.

Argazkiak bai, baina grabaziorik ez dute aurkitu Iriondorenak. Beste hainbat baliabide erabili dituzte, horien artean animazioa, kantariaren naif izaerarekin eta haurrekin izan zuen loturarekin bat eginda. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatu dituzte filma ontzeko.
Iriondoren profila osatuz Mariasun Landa, Agurtzane Intxaurraga, Jule Goikoetxea, Amagoia Mujika Tolaretxipi... ikus eta entzun daitezke. Iriondorekin batera garaiko beste hainbat emakumeri egin diote leku filman. «Bere belaunaldiko emakume batzuk aukeratu ditugu, Maite Idirin edo Patxika Erramuzpe bezala, Estitxu ere agertzen da. Eta hurrengo belaunaldia ere badago, Ana Guadalupe Fernandez, adibidez. Eta gure garaikideak, kulturgileak direnak ere. Maite Arroitajauregi Mursegok Iriondoren kantu baten egokitzapena egin du. Gauza estankatu batean utzi beharrean tradizioa hartu eta bere ekarpena egin dio. Folklorean geratu beharrean tradizioak aurrera jarraitzen du, katea eten gabe», diote.
Ezinbestean, emakumeon ikusgarritasun eza jarri dugu mahai gainean elkarrizketan. «Egunetik egunera ezagutzen ditugu ezkutatu dizkiguten emakumeak, alor guztietan. Oso pozgarria da baina era berean etsigarria ere bai. Gure aletxoa jarri nahi izan dugu honetan. Ezabatu egin dituzte. Erreferenteak izan baziren, ezkutatu dizkigute, ezabatuz edo isilaraziz».
Testuinguru historikoa garrantzitsua da ahalegina neurrian jartzeko. «Frankismo garaiaren kontestuan jarri gabe erabat galtzen da Ez Dok Amaiuren eta Lurdesen dimentsioa. Inportantea da emakume hauen lana balioan jartzea egin dutenagatik. Ez bakarrik abesten duten kalitateagatik. Garai hartan, gaztetan oholtza baten gainean herriz herri ibiltzeak gitarra batekin kristoren meritua daukalako. Garai hartan askorentzat emakume gaztea minigona jantzita euskaraz kantatzen ikustea estraterrestrea jaitsi izan balitz bezala izango zen», esan dute.
Erakusleiho handi baten barruko leiho txikia da Zinemira saila. Pozik daude aukeragatik. «Zinemaldian hartzen gintuztela esateko deitu gintuztenean izugarria izan zen. Eta orain gutxi jakin dugunean Zinemira zabaltzen genuela poza handiagoa... Lurdesek merezi du horrelako leihoa izatea eta Zinemaldia nazioartekoa izanik gure proietua erakustea primerakoa da», esanez amaitu dute.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

