
Urresti-Letamendi familiak frankismo betean zein ostean izan zituen bizipen gogorrek ardazten duten filma da ‘Karmele’, Asier Altunak zuzendua eta Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (Susa, 2016) eleberrian oinarritua. Mimoz egindako filma, prentsaurrean ziurtatu dutenez, ontzen urteak eman ostean eta zinematografikoki erabaki ugari hartu ondoren iritsi dena Zinemaldiko Sail Ofizialera (lehiaz kanpo).
Altunak gogoratu du filma egiteko lehen bulkada aipatu liburua irakurri zuen une berean etorri zitzaiola, Uribek bertan bildutakoa «oso gertukoa» suertatu baitzitzaion. «Etxean betidanik entzun izan ditugu gerrako istorioak», azaldu du, baina Txomin Letamendi eta Karmele Urrestirenak bazuen berezitasun bat: «Bidaia asko dago, musika asko, eta estatu kolpeak lapurtu zien askatasuna berreskuratzeko konpromisoa hartu zuten bi pertsonaia. Abentura gehiegi ere bai, agian. Filma irudikatzen hasi nintzen eta asko kosta zait pelikula osatzea, kenduz ondutako lana delako, pertsonaien bidez kontatu nahi nuena».
Uriberen hitzetan, ahozko literaturara garamatza kontakizunak, «belaunaldiz belaunaldi kontatu diren ipuin horien antzerakoa da». Idazle ondarroarrak azaldu du umetatik ezagutzen duela familia protagonista eta beti eduki zuela buruan eleberri batera eramatea, «baina hirugarren eleberriraino itxaron behar izan nuen ausartzeko. Iraganeko istorio bat da, baina oso orainaldikoa: desplazamenduak daude, familia apurtuak eta erbestea, eta hori da orain munduan gertatzen ari dena. Baina bada esperantzaren eta duintasunaren gaineko istorio bat ere», hausnartu du.
Filmaren zuzendariarekin izandako harremanaz, azaldu du harreman profesionalaz gainera laguntasunezkoa ere badagoela euren artean, «eta horrek asko lagundu du gure artean konektatzeko orduan. Irakurketa ederra egin du, eleberria eruditoagoa baita, saiakera eta fikzioaren artekoa, eta bera pertsonen bila joan da, Karmele eta Txominen barnera, euren beldur eta poz txikietara».
«Erabaki oso garrantzitsuak»
Izan ere, gerra giroak, Eresoinkak nazioartean euskal komunitatea ezagutzeko egin zuen lanak eta erbesteak osatzen duten eszenatoki horietan ikuslea pertsonaien barnera darama Altunak. Hala bizi izan zuen filmaketa Jone Laspiurrek ere, Karmeleren larruan sartzea bere ibilbide profesionaleko erronka «handienetakoa» izan dela onartzeraino. «Pertsonaia oso potentea da, emakume honen hamar urte kontatzen dira, 20 urtetatik 30era, laister nik beteko ditudan berberak, eta erabaki oso garrantzitsuak hartu behar izan zituen denbora horretan, bere bizitzaren norabidea aldatuko zutenak. Ama ere bilakatuko da urte horietan, familia eusten duen zutabea. Nire ingurukoak ama izaten ari diren sasoian nago, lagun askok beren bizitza aldatu dute eta hori bizitzea testuinguru historiko konplexu horretan, horrenbeste sufrimendu zegoenean...», jarri du balioan.
Pertsonaia prestatzeko orduan gogoan bere bi amonak izan zituela ere aitortu du. «Nire amama Amaia alargun geratu zen 7 seme-alabekin eta bere gurasoen zaindari; eta beste amonak ikasketak alboratu zituen familia enpresa aurrera ateratzeko, aita hil zitzaiolako eta amak ezin izan zuen. Ariketa garrantzitsua da, gure amonek guk ezagutu dugunetik harago bizitza bat izan zutela erakusten dizulako, borroka egin zutela, euren desira eta idealak zituztela».
Hutsunea betetzera
Zentzu horretan, Eneko Sagardoyk (Txomin Letamendi) filma hutsune bat betetzera datorrela esan du, gerra garaian gizonen itzalpean egon ziren emakumeena. «Gizon gudari tronpetista birtuoso baten pelikula litzateke orain urte batzuk. Uste dut Asierrek, eta baita Kirmenek ere, genero ikuspuntutik lupa eta argia eman nahi izan diotela Karmeleren pertsonaiari, hain zuzen ere espero ez zen hori egin zuelako. Gizonen papera izan da kontatu dena eta gustatzen zait ikustea badela nahikoa eta sobera Karmelek egin zuen hori berea kontatu eta gainerakoak lekuko bezala aurkezteko. Orain urte batzuk, hori ez zen posible izango», hausnartu du.
Ados agertu da Laspiur ere, «oso konziente naizelako gaur egun ni naizena naizela emakume horiek hor egon zirelako, gizonek hartu ahal izan zituztela erabaki politikoak emakumeek sostengatu zituztelako. Txominek egiten duen guztia ahalbidetzen duen pertsona da Karmele», esan du.
Era berean, garrantzizkotzat jo du filmean Karmele Urrestik, gizonezkoen bilkura batean, aldaketa hezkuntzatik etorri litekeela proposatu izana. «Hori ez zuten ikusten gizonek. Ikastoletan lanean emakumeak egon ziren, nire amama Eibarko ikastolaren sortzaileetako bat izan zen, beste emakume batzuekin batera material didaktikoa sortu zuen, ipuinak, abestiak. Funtsezkoa da hau guztia begiratzen hastea, ez daudelako inon», ebatzi du.
Nazioartetik filmak izan dezakeen harrerari begira, baikor azaldu da Altuna. Istorio lokala bada ere unibertsaltasun bat baduela uste du, eta euskal folklorea askori «erakargarri» suerta dakiokeela ere esan du. Musika eszenek duten garrantzia nabarmendu nahi izan du horrela: «Musikarena erronka bat izan zen, pieza guztien hautaketatik hasita musika guztia filmaketara grabatuta eramateraino».
Aitor Etxebarria soinu bandaren zuzendariarekin egindako lana nabarmendu du, filme honetan musikak «osagarri emozional» gisa funtzionatzen duela onartuz. «Tiroak eta bonbak dauden eszena batetik abesbatza bat ikustera pasatzen gara, eta horri indar handia eman behar genion. Musikak euren emozioak lagundu egiten ditu, ikusten ari zaren hori, eta bizitzen ari diren egoera zailetik atera eta Caracasera iristen direnean, argi horrekin, familia bat sortzeko leku bat... Behar nuen hori irudikatu gero, Txomin atxilotua dagoenean, egoera horretaz gogora zaitezen».
Etxebarria eta Altunaren erabakia izan da musika ez erabiltzea une hunkigarriak indartzeko. «Estilo erabaki bat izan da. Ez horrenbeste erakusten saiatu gara, lagundu bai baina dena kontatu gabe. Muntaian ere horregatik daude elipsi horiek», argitu du.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena



