NAIZ

Gipuzkoako 40 enpresa eta erakunde itsasoan berrikuntzak sustatzearen alde elkartu dira

Gipuzkoako 40 gizarte-eragile, enpresa, zienzia-eragile eta erakunde baino gehiagok ‘GK Kantauri Itsasoa’ aliantza sortu dute, Foru Aldundiarekin batera. Helburua itsasoan egiten den jardueran, ekintzailetza, berrikuntza eta parte-hartzea sustatzea da.

‘GK Kantauri Itsasoa’ izeneko aliantza osatu dute.
‘GK Kantauri Itsasoa’ izeneko aliantza osatu dute. (Gipuzkoako Aldundia)

‘GK Kantauri Itsasoa’ izeneko aliantza osatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, 40 gizarte-eragile, enpresa, zienzia-eragile eta erakunde baino gehiagok, itsasoko jarduera ekonomikoan ekintzailetza, berrikuntza eta parte-hartzea sustatzeko asmoarekin.

Aliantza hau Gipuzkoako ekosistema urdineko 40 eragile baino gehiagoren inplikazio aktiboarekin hasi da, enpresa industrialak, kooperatibak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, ingurumeneko GKEak eta erakundeetako ordezkariak barne.

Zehazki, xedea «itsasoa eraldaketarako motor bihurtzea» da. Asteazken honetan Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak adierazi duenez, «ez dugu ideia bat aurkezten. Elkarlanerako tresna bat aktibatzen dugu. Ikuspegiarekin, metodoarekin eta etorkizunerako bokazioarekin».

Beraz, aliantzaren ibilbide-orriak hiru ardatz ditu. Batetik, itsas plastikoa balorizatzeko teknologia berriak, soluzio zirkularrak eta I+Gko trakzio-proiektuak bultzatzea. Bestetik, inkubazio-platafomak, inbertsio arduratsua erakartzea eta itsasoari lotutako profil profesional berriak sortzea. Azkenik, erabaki partekatuko gune irekiak, adimen kolektiboaren aktibazioa eta erakundeen erreplikagarritasuna beste eskualde batzuetan.

«GK Kantauri Itsasoa diagnostiko partekatu batetik abiatzen den apustu tekniko eta politikoa da. Komunitate anitza eta prestatua entzun, mapatu eta aktibatu dugu. Gaur egun martxan jartzen dena ez da egitura sinboliko bat, herritarren zerbitzura dagoen azpiegitura erreal bat baizik. Gipuzkoa itsasotik trantsizio ekologikorako Europako erreferente bihurtzeko egin behar genuen urratsa», azpimarratu du Asensiok.

Foru Aldundiak azpimarratu duenez, prozesu horretan Jasangarritasun Departamentuak garatutako metodologia —ekodiseinuan, berrikuntza irekian eta parte-hartzean oinarritua— BluePoint proiektu europarrak baliozkotu du, Interreg Atlantic Area programaren barruan, Gipuzkoa trantsizio urdineko lurralde pilotu gisa kokatuz eta Galizia, Portugal iparraldea edo Irlanda bezalako eskualdeen interesa piztuz.