
Europako Junior itzuliko laugarren txapelketa irailaren 27an amaitu zen Galiziako Razo hondartzan. Olatuak txikiak izan ziren, baina 20 urtetik azpiko surflariek maila handia erakutsi zuten. Nesken kategorian Carla Morera De La Vall kanariarra nagusitu zen, eta mutilen kategorian, ostera, Francisco Ordonhas portugaldarra izan zen garailea.
Guztira, 96 mutil eta 48 neska lehiatu ziren Razon, eta haien artean surflari euskaldunak izan ziren. Eder Fuentes algortarra izan zen ikurrina ordezkatuz emaitza hoberena lortu zuena, hirugarren postuan geratu baitzen. Sara Romeo donostiarra ere bikain aritu zen, baina ez zuen finalerdietako langa gainditzea lortu. Bestalde, bandera espainiar edo frantsesarekin lehiatu ziren beste hainbat euskal hiritarrek ere emaitza onak eskuratu zituzten; esate baterako, Enara Palacios donostiarra hirugarren postuan geratu zen, eta Lilou Rumiel angeluarra laugarren postuan.
Gaur bertan hasiko da Portugalen Challenger Series itzuliko laugarren txapelketa, eta lehiakideen artean sei euskal ordezkari izango dira: Nadia Erostarbe, Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri, Keoni Lasa, Adur Amatriain eta Yago Dominguez.
Junior rankinga
Lehia gogorra izan zen Galiziako Razo hondartza famatuan egin zen Europako Junior itzuliko laugarren txapelketan. Olatuak txikiak izan ziren, eta, ondorioz, lehiakideek olatuaren indarguneak ahalik ongien baliatzen saiatu ziren. Sekulako maila erakutsi zuten surflariek. Olatu laburretan ariketa indartsuak egiteko gai zirela erakutsi zuten.
Carla Morera de La Vall kanariarra nagusitu zen nesken mailan, eta bere atzetik, 0’14 puntuko alde txikiarekin, Maria Dias surflari portugaldarrak bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren postuan, ostera, Enara Palacios espainiarra geratu zen, eta laugarren postua Lilou Rumiel frantsesarentzat izan zen.
Razon eskuratutako garaipenari esker, Carla rankingeko lehen postuan da egun. Bigarren tokian Maria Salgado portugaldarra aurkitzen da. Hirugarrenean, Naïa Monte frantsesa, eta laugarrenean, Clemence Schorsch, frantsesa hau ere.
Aipagarria izan zen baita ere, ikurrina ordezkatuz lehiatu ziren Sara Romeo eta Laine Fernandez donostiarrek erakutsi zuten maila ona. Solik 18 eta 17 urte dituzten bi lagunek pixkanaka emaitza gero eta hobeak lortzen dituzte, eta egun 8. eta 16. postuan dira nesken Europako Junior rankingean. Haien artean da, baita ere ikurrinarekin, Saioa Ortega 18 urteko sopelarra; 11. postuan dago.
Mutilen kategorian txapela Francisco Ordonhas portugaldarrak irabazi zuen Galizian. Bigarren postuan Alfonso Suarez espainiarra geratu zen. Hirugarrenean, Eder Fuentes euskalduna, eta laugarrenean, Conor Donegan Dos Santos, espainiarra.
Kontuak honela, egun rankingeko buru Alfonso Suarez da, eta bigarren postuan Dylan Donegan Dos Santos aurkitzen da. Hirugarren postuan, ostera, Francisco Ordonhas portugaldarra, eta laugarren postuan, Conor Donegan Dos Santos. Hortaz, espainiarrak nagusi dira mutilen Europako Junior rankingean.
Euskal ordezkariei dagokienez, Eder Fuentes da hiru emaitza hoberenak kontuan hartuta postu hoberenean dagoena; 8. postuan da 18 urteko algortarra. Jarraian, Peru Zuñiga, 20 urteko bakiotarra, 13. postuan da. Xan Atchoarena, 17 urteko sopelarra, 24. postuan. Oinatz Orteg,a 16 urteko sopelarra, 27. postuan. Eta Oxel Oregi, 16 urteko markinarra, 45. postuan.
Edonola ere, oraindik beste aukera bat dute Marokon egingo den txapelketan emaitza on bat eskuratu eta denboraldia postu onean amaitzeko. Azaroaren 5etik 9ra egingo da Taghazouteko olatu ederretan aurtengo Junior denboraldiari amaiera emango dion txapelketa. Eta, horren ostean, nesken zein mutilen rankingeko lehen bi postuetan diren lehiakideak munduko Junior txapelketarako sailkatuko dira.
Munduko Junior txapelketa 2026ko urtarrilean egingo da Filipinetan, Urbiztondo izena duen hondartza batean, eta han izango dira munduko zazpi eskualdeetan (Europa, Afrika, Asia, Australia / Ozeania, Hawaii / Tahiti, Hego Amerika eta Ipar Amerika) sailkatu diren 20 urtetik azpiko surflari hoberenak.
CS LEHIAKETA PORTUGALEN
Gaur hasiko da Portugalgo Ribeira de Ilhas hondartzan CS itzuliko laugarren txapelketa. Gehienez urriaren 5era arte luzatuko den lehiaketan lehen mailara igotzeko deman ari diren 80 mutil eta 48 neska izango dira. Haien artean sei euskal ordezkari izango dira: Adur Amatriain, Keoni Lasa eta Nadia Erostarbe zarauztarrak, Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarrak, eta Yago Dominguez algortarra.
Nesken kategorian Erostarbe da postu hoberenean dagoena, rankingeko laugarrena baita. Mutiletan, ostera, Amatriain da postu hoberenean aurkitzen den euskal ordezkaria, 40. postuan.
Aurtengo CS denboraldia apirilean hasi zen, eta 2026ko apirilean amaituko da, hasi zen leku berean, New Castlen (Australia). Guztira, 7 txapelketek osatuko dute denboraldia, tartean, lehen aldiz CS mailako lehiakideak Pipelineko olatu beldurgarrietan lehiatuko direla. Eta amaieran lehiakide bakoitzaren bost emaitza hoberenak kontuan hartuko dituzte, lehen mailara nor igoko diren erabakitzeko. Horrela, CS rankingeko lehen 10 mutilak eta lehen 7 neskak igoko dira CT mailara 2026an.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
