
Bilboko Udalak esleitzen duen Unamuno Saria eskuratuta idatzi du Mitxelko Urangak ‘Emognosia’ (Erein), baina ez da berariaz sariketa horretarako sortutako testua. Joseba Gabilondo, Eduardo Apodaka eta hirurek ‘Globalizazioaren ondorenaz: apokalipsia, egia-ostea eta subjektuaren autonomia’ proiektuarekin Juan San Martin beka eskuratu eta hiru liburu mardul idatzi zituzten, bakoitzak gaiaren alor banari helduta, eta ‘Emognosia’-k lan horren zati bat, egiaren trataerari dagokiona, hartu du erreferentziatzat.
«Funtsean, egiari buruzkoa da», azaldu du Urangak liburuaren aurkezpenean, baina ñabardura garrantzitsu bat erantsi dio: «Egiaz hitz egiten dugunean beste gauza askotaz hitz egiten dugu». Hala, konspiranoiaz eta negazionismoaz hausnartzeko bidea ere hartu du, eta horien ‘sintoma’ diren zenbaitzuk zerrendatu ditu liburuaren aurkezpenean.
Hasteko, Marina Yers izan du hizpide, orain urte batzuk urak «deshidratatu» egiten zuela baieztatzera iritsi zen influencerra. «Bere argudioa zen urak hidratatuko balu botilan jarriko lukeela», ekarri du gogora, eta nabarmendu du Tik Token 3,5 milioi jarraitzaile dituela Yersek, horrek atzetik dakarren ardurarekin. «Giltzurrunean harriak agertu zitzaizkionean ura edatea gomendatu zioten, eta oker zegoela onartu behar izan zuen bere zuzeneko kanalean. Yersena hausnartu gabeko eta arrazoia kontuan hartu gabeko mezua da, baina mezu hori 3,5 milioi pertsonari heltzen zaio», jarri du azpimarra Urangak, eta mezu horiek, eta tankerako beste hainbat influencer eta youtuberrenak, nerabeengan duten eraginaz jardun da: «Gazteek ez dute irakurtzen eta ez dituzte berriak ikusten, beraien informazio iturria sarea da, eta sareetan badakigu zer dagoen: besteak beste, Marina Yers», ohartarazi du.
Bigarren sintoma gisa populismoa aurkeztu du. «Trump da adibide argiena», nabarmendu du segidan, eta AEBetako presidenteak «denbora laburrenean gezur gehien» esan izanaren errekorra duela aipatu du. Baina, Urangaren hitzetan, badago alde bat ohiko gezurtiaren eta Trumpen artean: azken honi egia ez zaio inporta. «Aznarrek esan zuenean Iraken armak zeudela bazekien ez zeudela; gezurrak ondo diseinatutako plan bat behar du, eta egia ezagutzea. Trumpek argi eta garbi agertzen du berari bost axola zaiola egia, berak soilik botatzen du bere helburua lortzeko behar duen gezurra».
Joxe Agustin Arrieta ekarri du gogora ostean, beste sintoma bati buruz hausnartzeko: konspiranoia. Gogora ekarri du nola Arrietak kontatzen zuen ezagun batekin topatu eta galdegin ziola «nola jarraitu dezake jendeak egiari buruz hitz egiten, egiarik ez dagoenean?», eta erantzun ziola: «Eta zuk diozun hori egia al da?». «Tontakeria gutxiago...», erantzun zion ezagunak. «Pertsona horrek jaurtitzen du airean dagoen susmo bat, oso ondo jakin gabe zer esan nahi duen, eta ez du argudiorik elkarrizketa horretan aurrera egiteko. Konspiranoiko bat ez dugu sekula konbentzituko bere ustea paranoian oinarritua dagoenaz», ondorioztatu du.
Google ‘unibertsitatea’
Azken sintomaz, negazionismoaz, jarduteko Oprah Winfrey talk show aurkezle ezaguna ekarri du hizpidera. Pandemia garaian txertoen gaineko eztabaida saio batera hainbat zientzialarirekin batera Jenny McCarthy modelo negazionista gonbidatu zuenekoa ekarri du gogora: «Txertoek autismoa sortzen zutela esan zuen 2 milioi jarraitzaile dituen pertsona honek». Zientzialariek euren azalpen eta argudioak aurkeztu ostean, McCarthyk «nire zientzia Evan da» bota zuen, autismoa duen bere semeari erreferentzia eginez. Urangaren hitzetan, horrek adierazten du «minduta dagoen emakume horrek bere burua zuritzeko edo arazoak ekiditeko beste bati botatzen diola errua, baina bere egia oinarrian emozionala da», nabarmendu du, eta gogora ekarri du eztabaida amaitzean Winfreyk esandakoa ere: ‘Eskerrak Jainkoari Google daukagula’, esan zuen, nolabait arrazoia emanez McCarthyri, eta honek ‘bai, eskerrak, ze nik Googleko unibertsitatean atera dut titulua’ erantsi zuen.
Horren aurrean, Urangak ohartarazi du «egia interneten» dagoela badiote ere, interneten «egia asko» dagoela, eta nor berak topa dezakeela bere neurrira egindakoa: «Zuk hauta dezakezu zeurea. Feminismoaren aurkako eduki bat hautatzen baduzu algoritmoak horrelako edukiak bideratuko dizkizu, eta bukle batean sartzen dira egungo gazteak, ze ez zaizkie kontrako argudioak dituzten edukiak iristen. Eta hor daude gazteak, informazio saturazio horretan, algoritmoen menpe. Bada, horri deitzen diote Google unibertsitatea», gaztigatu du.
Ondorio modura, Urangak baieztatu du «egia asko» daudela «maila berean», baina negazionistak ez duela sekula errespetatuko besteen egia, «berea baita egia bakarra». Haserako ideiara, emognosira, itzuliz, hausnartu du «emozioen bidezko ezagutza edo bestela emozioen bidez lortzen dugun ezagutza» bezala uler daitekeela kontzeptu hori, eta «erresumina eta mina» direla emozioen errege edo erreginak. Hau da –jarraitu du azalpena–, nik mina sufritzen dut eta min hori kapitalizatu egiten da, autismoaren kasuan adibidez emakumea minduta dago eta minak zilegitzen du bere egia, mina bihurtzen da emozio gorena».
Gauzak hala, emozioak arrazoiari gaina hartua diola ebatzi du: «Informazioa filtratzea ez da erraza abiadura izugarrian doan hipermodernitate honetan; errazena ez da arrazoia erabiltzea, ez dago espiritu kritikorik, eta zuzenean emozionalki gurekin bat datorrena hautatzen dugu, gustoko duguna».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

