Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Palestinaren aldeko lanuztearekin bat egiteko burrunbak deitu ditu Gernika-Palestinak

Gernika-Palestina herri-ekimenak Euskal Herriko ehun herri baino gehiagotan mobilizatzera deitu du asteazken honetako lanuztearen deialdiarekin bat egiteko. Udaletxeen aurrean burrunbak egingo dituzte, 19.30ean. Su-etena gorabehera, «gaur inoiz baino gehiago» beharrezkoa ikusten dute mobilizazioa.

Gernika-Palestina herri-ekimenak Euskal Herriko ehun herri baino gehiagotan mobilizatzera deitu du asteazken honetako lanuztearen deialdiarekin bat egiteko.
Gernika-Palestina herri-ekimenak Euskal Herriko ehun herri baino gehiagotan mobilizatzera deitu du asteazken honetako lanuztearen deialdiarekin bat egiteko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Palestinako su-etenaren ostean «genozidioaren dimentsioak bere horretan jarraitzen duelako» eta asteazkenerako deitutako lanuztearekin bat egiteko, burrunbak deitu ditu Gernika-Palestina herri-ekimenak ehun herri baino gehiagotan. Nafarroan sindikatuek arratsaldean Iruñean, Lizarraldean eta Tuteran deitutako mobilizazioekin bat egingo dute.

Burrunbak udaletxeen atarietan egingo dituzte, 19.30ean. Zenbait eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute. Hain zuzen, LAB, CCOO, Etxalde, Hiru, UGT, EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza, Geroa Bai, Yala Nafarroa con Palestina, Gaz Sumud Flotilla EH, Ikama, Unadikum, Gerrarik EZ!, Gernika Memoriaren Lekuko eta Bilgune Feminista.

Astearte honetan Gernika-Palestinako eta bat egin duten eragileetako ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen mobilizazioen berri emateko. Gogorarazi dutenez, lekualdatutako pertsonak oraindik ere gosez hiltzeko arriskuan daude, Gazako eraikinen %80 eraitsita dago. «Zuhurtziaz esaten dugu, baina su-etena pozgarria da, orain umeek arrisku gutxiago duetelako hiltzeko edo senide bat hiltzen ikusteko», gaineratu dute.

Hala ere, «gaur inoiz baino indar gehiago egin behar da bake iraunkor baterako baldintzen alde», mobilizazioaren bitartez. Horretarako, bi oinarri nabarmendu dituzte. Alde batetik, «Palestinako etorkizuna erabakitzea palestinarrei dagokiela» eta, bestetik, «Israelgo estatuak kolonizatzeari utzi behar diola, apartheidarekin amaitzeko».