Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Anbiguotasun moralaren erretratua

UN SIMPLE ACCIDENT
Iran, 2025. 105’. Zuzen eta gidoia: Jafar Panahi. Aktoreak: Ebrahim Azizi, Madjid Panahi, Vahid Mobasseri, Mariam Afshari. Argazkia: Amin Jaferi.

‘Un simple accident’ filmeko protagonistak.
‘Un simple accident’ filmeko protagonistak. (Jafar Panahi Film Productions, Pio & Co, arte France Cinéma)

Canneseko Zinemaldian Urrezko Film Onenaren Palmorria irabazi eta Donostia Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu ostean, Jafar Panahi zinegile irandarrak bere film berria estreinatuko du zinemetan: ‘Un simple accident’ (gazteleraz ‘Un simple accidente’), Iranen bertan modu klandestinoan filmatua. Filmatzeko keinua bera erresistentzia-ekintza gisa uler daitekeen arren, harrigarriena da Panahik nola lortzen duen baldintza zail horiek gainditzea eta horietatik indar estetiko eta etiko handiko obra sortzea. Ikuslea anbiguotasun moraleko eremu batera eramaten du, deserosoa bezain liluragarria. 

Istripu txiki baten ondorioz, Irango familia batek autoa tailer batera eraman beharko du. Han, mekanikariak gidaria iraganeko figura ilun eta mingarri batekin lotzen du, tortura eta espetxealdiaren oroitzapenekin. Premisa xume horretatik abiatuta, Panahik Irango erregimenaren aurkako salaketa argi eta sendoa aurkezteko du. 

Jafar Panahi

Irango zinemaren olatu berriaren parte da, eta korronte horretan eragin handia izan du. Bere lanek laudorio ugari jaso dituzte zinema kritikari eta teorikoen artean, eta film askok sari garrantzitsuak irabazi dituzte, hala nola Urrezko Leoia Veneziako Zinemaldian eta Urrezko Artza Berlinen. Panahi, irandar zinema zuzendari eta gidoilaria, 2010ean kartzelaratu zuten Irango erregimenaren kontrako jarrera publikoa agertu ondoren; ordurako, herrialdeko zinemagilerik garrantzitsuenetakoa zen. Bere zigorraren aurrean, nazioarteko kanpaina sendoa abiatu zen haren askatasuna eskatzeko, eta zinema munduko kide ezagun ugari elkartu ziren, Irango gobernua presiopean jarriz. 

Sarritan klandestinoki grabatzen ditu bere filmak, Irango agintarien debeku eta kontrol zorrotzak direla eta. Hori bere estiloaren ezaugarri nagusietako bat bihurtu da: ekipamendu txikia, lekualdatze diskretuak, pertsonaia eta egoera errealetan oinarritzea, gidoi malgua eta inprobisatua, eta abar. Horri lotuta badago bitxikeria bat: ‘This Is Not a Film’ filma pendrive batean eta tarta batean ezkutatuta atera omen zuen Irandik.