
‘Negoziazioaren eta pribatizazioaren aurrean zaintza sistema publiko komunitarioa’ eskatu du Denon Bizitzak Erdigunean dinamikaren mobilizazio jendetsuak larunbat honetan Gasteizen. Kaleak hartu eta interpelazio eta aldarrikapenak egin dituzte hainbat puntutan.
Udaletxean, denon errolda eskubidea aldarrikatu dute. Olagibelen, aldiz, atzerritartasun legearen abolizioa eta erregularizazioa pertsona migratuentzat.
Foru kalean Arabako zortzi kuadrilletako landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta deszentralizatzea galdegin dute; eta San prudentzio kalean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean, zaintza langileentzako lan baldintza duinak eskatu dituzte. Aurrerago, Hezkuntza Sailean, eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, eskola-zaintza eta eskola-laguntza publikoak eta doakoak izatea exijitu dute, baita gizarte arrakalarik gabekoak izatea ere.
Arka plazan, gizonei interpelazio zuzena egin diete, zaintzea beraien ardura ere badela esanez; Legebiltzarrean, pentsio duinak gutxieneko soldatarekin parekatzea exijitu dute; eta Loma generalaren plazan, cis-hetero norman zentratu gabeko zaintzarantz pausoak ematearen alde egin dute.
Martxa Arabako Foru Aldundian bukatu da. Bertan, instituzioei exijitu diete ardura hartzeko.
Lehen Greba Feminista Orokorra
Ekitaldian, duela bi urte Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzak iraultzeko mobilizazio prozesu bati hasiera eman ziola oroitu dute. «Zaintza erregimen kapitalista arrazista eta patriarkala eraldatzeko asmoz; etxeetan, harremanetan eta lantokietan langile klaseko emakumeak* (eta gero eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuak) zaintza sostengatzen dugunak izaten jarraitzen dugula jakitun; eta pertsona guztiak zainduak izateko eskubidea bermatuta ez dugula kontuan izanda, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu genuen 2023ko azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean».
Azaldu dutenez, urrats hori eginda, beharrezkoa ikusi zuten herrialde mailako lanketa eta prozesu bat martxan jartzea, eta Arabako Herri akordio propio bat egitea erabaki zuten. «Oso argi genuen prozesu hau ezin zela Mugimendu Feministatik bakarrik aurrera eraman, jendarte guztiari dagokion gaia baita. Hortaz, grebaren prozesuan parte hartu zuten hainbat eragile eta zaintza sistema aldatzeko lanean urteak dabiltzan beste hainbat kolektibo eta sindikatu batu ginen», kontatu dute.
Asanbladak egin zituzten herri eta auzoetan, sektoreka bildu ziren ekarpenak egiteko eta harremanak egin zituzten gaiarekin lotura izan zezaketen kolektiboekin. Lanketa horren ondorio izan da Arabako Herri Akordioa, zaintza publiko eta komunitarioaren aldeko borrokako bide-orri kolektiboa. Ordutik borrokarako tresna hori herrialdean zehar ezagutzera ematen ibili dira, eta duela hilabete eskas aldarrikapen taulari atxikimendua eman dieten 130 kolektibo aurkeztu zituzten.
Foru Aldundiari interpelazioa
Instituzio guztietan elkarrizketak emateko benetako espazioak behar direla defendatu dute, zaintzarekin harremana duten eragile eta pertsona ugarik diagnostikoak egin eta erabakiak har ditzaten. Arabaren kasuan, Foru Aldundiak erantzukizun berezia daukala azpimarratu dute, bera baita zaintzaren arloan eskumen gehien dituena. Horregatik, azaroan Arabako Herri Akordioa erregistratu zuten.
«Instituzio horretan, Jaurlaritzan bezala, PNVk eta PSEk gobernatzen dute, eta borroka ziklo hau hasi genuenetik ez diete gure aldarriei inolako arretarik jarri. Zaintza pribatizatzen jarraitzen dute, zaintza lanean diharduten emakume langileen muturreko esplotazio egoerak baimentzen dituzte eta pertsona guztiok zainduak izateko dugun eskubidea betetzeko ez dute neurririk hartzen», deitoratu dute.
Badakite borroka dela euskal zaintza publikoa eta komunitarioa izateko indar baliotsuena. Horren adibide dira CARMEko langileak, hilabeteetako borrokaren ostean zerbitzuan Aldundiak eman nahi zituen murrizketak bertan behera gelditzea lortu dute eta. Eredugarritzat jo dute Arabako erresidentzia pribatuetako langileek azken sei urteetan aurrera eraman duten borroka ere, 60 greba egun bizkarrean borrokak merezi duela erakutsi dutelako.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari

