
Araban «beste zaintza eredu baten alde borrokatzeko» eta aldaketa «errealak» lortzeko Arabako Herri Akordioa sortu dute. Oraindik atxikimendu fasean dago baina dagoeneko 124 dira bat egin duten eragileak.
Ostegun honetan aurkeztu dute ekimena Gasteizen, Foru Aldundian akordioa erroldatu aurretik. Bertan zehaztu dutenez, 27 aldarrikapen bildu dituzte, «azken hilabete hauetan sektore ezberdinetan lanean dauden eragile ezberdinekin partekatu eta landu» dituztenak.
Gogorarazi dutenez, prozesua duela bi urte abiatu zen, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ‘Denon bizitzak erdigunean’ dinamikaren bueltan. 2023ko azaroaren 30eko greba orokorraren ondoren, Lakuako zein Nafarroako gobernuei negoziatzeko aukera eskatu zitzaiela azaldu dute, baina «oraindik ere ez dugu erantzunik jaso».
Erakundeekin egoera gorabehera, «lanean jarraitzea erabaki genuen» eta aurreko ikasturtean kolektibo eta eragile desberdinen arteko sare bat sortu, sektoreka zeuden beharrak aztertu eta prozesu «kolektibo eta anitz» bat aurrera eraman zuten. Arabako ezaugarri eta bereizgarritasunetan oinarrituta, aldarrikapenak bildu eta aurtengo ekainean aurkeztu zituzten.
Eragileetako batzuk Lumagorri HAT, Arabako Mugimendu Feminista, Zaintza Araba, Pentsionistak Araba, Ernai Araba, LAB, ESK, Steilas, Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz, Baratza Aretoa, Gasteizko zenbait auzo elkarte, Gure Esku Gasteiz, Indar Baskonia Hintxa Taldea, Aiaraldeko Greba Batozrdea, Auzolana Pilotalekua, Gaztedi Rugby Taldea, RASDeko Lagunen Elkartea, Etxerat, Arabako Sare eta Aiaraldea Ekintzen Faktoria dira, beste askoren artean.
Mobilizazioa
Orain, Herri Akordioa osatuta, ‘Zaintzak gureak publikoak komunitarioak eta guztionak, zuena pribatizatua eta negozioa’ lelopean manifestazioa deitu dute, abenduaren 13an 12.20ean Gasteizko Plaza Berritik abiatuko dena.
Azaldu dutenez, Herri Akordioaren zein mobilizazio honen helburua «eragile ezberdinen arteko aliantzak sortzea eta zaintzaren problematika sozializatzeaz gain, instituzioak seinalatu eta presionatzea da», zaintzaren sektoreko baliabideak «pribatizatzea eta horiekin negozioa egitea» hautatzen duten erakundeen aurrean.
«Agerian geratu da instituzioen arduragabekeria eta konpromiso falta. Hori dela eta beraiengana zuzentzen gara erantzukizuna har dezaten», laburbildu dute Arabako Herri Akordioko eragileek.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

