Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

Hunkigarria eta indartsua izan da Mikel Zabalza gogoan egin duten memoriaren autobusaren ibilbidearen amaiera. Guardia zibilen torturek hildako Orbaitzetako gaztearen gorpuak duela 40 urte egindako bide bera egin dute Donostian, Dbuseko langileekin, familia eta lagunekin, jendetzaren babesa jasoz.

Mikel Zabalza oroitzeko autobusa, Bulebarrera iristen, jendetzaren babesarekin.
Mikel Zabalza oroitzeko autobusa, Bulebarrera iristen, jendetzaren babesarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Bulebarreko errepidearen bi bazterrak herritarrez beteta zeuden, pasillo bat osatuz, Mikel Zabalza Garate gogoan Dbuseko langileek erakusketa gisa atondutako autobusari harrera beroa egiteko. 12.30ak pasatxoan, lore sorta bat gidariaren lekuan eta txalo zaparrada artean iritsi da memoriaren autobusa, azken hogei egunetan Orbaizeta, Agoitz, Iruñea, Lesaka, Bera, Altza eta Errenteria bisitatu ondotik. Autobusaren ondotik doaz Dbuseko langileak, laneko arropa soinean, batzuk Mikelen lankide izan zirenak eta orain erretiratuta daudenak, Mikelek egon behar zuen bezalaxe.

Orbaizetako gaztearen argazki handi bat jarri dute Bulebarreko plazatxoan. Bertan bildu da jende guzia 40 urte eta gero Mikelekin gertatu zenaren egia osoa exijitzeko, justizia eta erreparazioarekin batera.

Jarraitzeko beharra

Dbuseko langileak izan dira lehenak oholtzara goititzen. Haietako batek baieztatu duenez, arrakasta handia izan du erretiratzear zen autobus bat moldatuz hasi zuten ekimen honek. «Harrera oso beroa egin digute herriz herri, eskertuz. Adineko jende ugari ere hurbildu zaigu, gertatu zena ondo gogoratzen duen jendea».

Langileak kontatu du Mikelen zortzi anai-arrebak ezagutzeko aukera izan duela eta handia dela Orbaizetako Olako familia. Mikel eta haren aita artzainak zirela oroitu du. Oihu berezi batekin komunikatzen ziren eta ez zuten mugarik Donibane Garazira gasna saltzera joaten zirenean. Azaldu duenez, duela 40 urte, ordea, mugak jarri zizkieten, eta sufrimendu handia eragin. Mikel bezala haren bi anaia ere torturatu zituzten eta mina isilik eta bakardadean eraman behar izan zuten, bertze torturatu aunitzen gisan.

Erran du autobusaren erakusketa ezin dela bira bukatu eta gero gelditu. «Akatsa litzateke; memoriak eta torturaren aurkako salaketak ibilbide luzeagoa eskatzen dute. Beraz, lanean jarraitu beharra dugu, erakusketa honek heziketa zentro, kulturgune eta enparauak bisitatzen jarrai dezan eta belaunaldi berriek gertatutakoaren berri ukan dezaten. Izan dadila gaurko ekitaldi hau etorkizuneko transmisio ardura eta zeregin horren urratsa».

Gertaeren ondorioak

Ainhoa Aierbe aktoreak hartu du gero hitza, eta eskerrak eman dizkie Dbuseko langile guziei. Adierazi duenez, hagitz garrantzitsua da egunotako ekimena, ezinbertzekoa baita orain dela 40 urte gertatu zena ez ahanztea. «Asko gara atzera begira jarri eta non geunden gogoratu dugunak. Nik 11 urte nituen eta etxean dena hankaz gora jarri zen aitak kutuna zuen lehengusina, Idoia Aierbe, atxilotu zutenean».

«Egun oso gogorrak» izan zirela kontatu du; ez egun haiek bakarrik, gerora ere urte latzak pasatu dituzte. «Gertaerek ondorioak dituzte eta horregatik da garrantzitsua ez ahaztea. Jasotako elkartasunak eta babesak mina aritzen lagundu digute, baina oraindik erantzunak falta zaizkigu. Ez dugu memoria galdu behar. Milesker, bihotzez».

Basoilarrak kantatzen dizu

Poesiaren bidez, gertaeren kontakizun gogorra eta ederra egin du jarraian Jon Maia bertsolariak, musikaz lagunduta. «Basoilarrak kantatzen dizu Iratiko basoan. Orbaizeta kantu batengatik ezagutzen genuen askok. Bere arma olagatik eta inguratzen duen Iratiko oihanagatik (...) Orain, Orbaizeta zugatik ere ezagutzen dugu, Mikel».

«Zure hiletaren isiltasun mingarriaren ostean, Ariben traktore eta autoekin antolatu ziren zure herritarrak, eta zure etxe ondotik pasatzean oihuka oihaneratu zen barne mina. Zure lankideek ere berehala eman zuten zure ausentziaren berri, eta esaten da gidaririk gabeko autobus batek zeharkatu zuela Donostia».

«Berehala Euskal Herri osoan zuk ezagutu ere egiten ez zenituen milaka eta milaka herritar aterako ziren kalera, etxeetatik zure izena esatera: Mikel Zabalza».

«Iratiko basoan ere mezua zuhaitzetik zuhaitzera pasa zen. Ez dago haizea geratzerik. Harpeako leizetik belatz bat aireratu zen Aezkoako mendi gainetara, Goi eta Behe Nafarroako zerua josiz, Olaren arkupeetaraino, uretan goiti iritsi omen ziren izokinak, behetik zekartenaren berri ematera».

«Hasieran, soilik amorruz esaten genuen zure izena. Malkoz busti genituen zure abizenak, eta segidan erabiltzen genituen hitzak ere ez ziren nolanahikoak: tortura, mina, desagerpena, Intxaurrondo, Perote, Gonzalez. Humanitatearengan esperantza kenduarazten dizuten pertsonak, lekuak eta praktikak. Baina ordurako hasia zen, hasia zen zauriaren transformazioa. Zu, Mikel Zabalza, torturatuaren eta desagertuaren izen-abizen zinena, bertso berri eta eder askoren errima bihurtzen hasi zinen».

«Zu pelikula, zu kantu, zu horma-irudi, zu poema, zu etorkizuneko torturatuentzat babes harresi. Zer ez zara bihurtu, Mikel? Nork esango zien zure borreroei, horrenbeste edertasun bihurtuko zinenik? Eta hala ere, bai, noski, lortutako guztia aldatuko genuke zu gurekin izatearen truke».

«Baina zuk sortu dituzu milaka eta milaka memoria zaintzaile, aparteko kontzientzia eman diezu hainbat belaunaldiri. Mikel, sinesten duzu? Zuri esker bihurtu da amorrua antolakuntza, isiltasuna oihu, tortura besarkada, asfixia biderako arnas. Zu eta milaka torturatuei esker dugu hobeak egiten gaituen justizia gose hau».

«Mikel Zabalza handia, Mikel Zabalza ederra, Mikel Zabalza Orbaizetako semea, Endarlatsako lorea, egiaren izen eta abizen, Euskal Herri berriaren zimendu, zuri zor dizugu Pirinioetatik itsasoraino zabaltzen den elkartasunezko, maitasunezko Irati hau. Endarlatsa, Altza, esperantza, Mikel Zabalza, maitea. Gaur ere Bidasoa iritsi da itsasora, eta basoilarrak kantatzen dizu Iratiko basoan».

«Eutsiko diogu, zuen indarrez»

Mikel desagertu eta hogei egunera hilik agertu zenetik hona gauza aunitz gertatu direla oroitu du familiak. Mikelekin batera atxilotu zituzten Idoia Aierbe eta Ion Arretxe joan zaizkigu, baita kasuan erantzukizuna izan zuten batzuk ere. Mehatxuak, mespretxuak eta irainak jasan dituztela azaldu du. Atsekabea, amorrua, ezintasuna eta etsipena sentitu dituzte bide luze honetan.

Mikel Zabalza Gogoan plataformak bultzatutako ekimenei esker, kasua puri-purian dagoela erran du. Nafarroako eta Lakuako gobernuek Mikel Estatu espainolaren biktima deklaratu izana txalotu du.

Mikel tortura kasu guztien isla dela azpimarratu du, «modu batera edo bestera hilik ateratzen direlako torturatu guztiak». «Ilea urdintzen ari zaigu jakin gabe ea inoiz egia eta justizia lortuko ditugun, baina eutsiko diogu, zuen indarrez. Mila-mila, hamaika aldiz mila esker», adierazi du irribarre batekin sendiaren ordezkariak.

Memoriaren haria, memoriaren herria

Kantu baten ondoren, oholtzara igo dira memoriaren autobusaren ekimeneko kideak, eta hitz-hartzea egin dute haietako bik, Aezkoako herri ekimeneko Ainhoa Buenok eta Altzako herri ekimeneko Garazi Castañok.

«Etenik ez duen hariz josten ari gara etorkizuna», nabarmendu dute. «Memoriaren haria gara. Memoriaren herria. Egin digutena ahaztu nahi ez duen herria. Ezkutuan mantendu nahi dutena argitara eramango duena». Agertu dutenez, horretarako egin dute ibilbide hau guztia autobusarekin. Mikel Zabalzaren, harekin batera atxilotutako Idoia Aierbe, Ion Arretxe, Manolo Bizkai, Aitor Zabalza eta Patxi Zabalzaren eta tortura pairatu duten herritar guztien «egia bizirik mantentzeko eta aldarrikatzeko-exijitzeko egia osoa jakiteko garaia dela».

Azpimarratu dutenez, «espainiar Estatuak zor bat du auzi honekin eta herri honekin«. Izan ere, bere «inpunitatea dago auzi honen eta Euskal Herrian tortura pairatu duten milaka herritarren kasuen oinarrian».

«Oroimenaren gidari izatea dagokigu», erran dute, eta Nafarroako eta Lakuako gobernuei eta parlamentuei zuzendu zaizkie, herri honen ordezkari gisa, espainiar Estatuari urratsak egiteko unea dela erreklamatzeko eskatzeko.