
Bizkaiko txapeldunak badu burua: Aitor Etxebarriazarraga. Lehia estua izan ohi da Bertsolari Txapelketetan, larunbat arratsalde honetakoa horren erakusgarri izan da, puntu erdira geratu baita txapeldunordea, Onintza Enbeita. Ezereza da alde hori, baina aldea markatzen du. Halere, hilabete gutxi barru eraistekoak diren Casilla pozez lehertu da.
Etxebarrezarragari Arantza Plazak jantzi dio txapela, eta transmisioaren garrantzia azpimarratu zuen oholtzan. Txapeldunak, berriz, mundu hobe baten alde lan egiten dutenei eskaini die txapela, eta ekiteko deia zabaldu du lau haizetara: «...Behingoz sortzeko mundu/ bat danon neurrira/ hori ez da lortuko/ egonda begira/ ta soilik ametsak ez/ heltzeko utopira/ ekiteko unea/ hau dala argi da/ biharrak marrazteko/gaurrak behar dira».
Bero zegoen Casilla, eta behin baino gehiagotan lortu dute plaza lehertzea. Buruz burukora giroa ezin beroago iritsi da, Etxebarriazarraga eta Enbeitaren izenek lehertu dute ordea, eskualdekoak eta gertukoak izanik eman duten besarkada beroa gogoratzekoa izango da. Zortziko txikian umorez aritu ostean iritsi da seiko motza, eta bertsoaldi ederra osatu dute. Idoia Anzorandiak jarri die gaia: «Pertsona bera zarete, Aitorrek 18 urte ditu eta Onintzak 40, Aitor, Onintzari esan diozu kritikatu izan duen guztia egiten ari dela». Koherentzia gainbaloratuez aritu ostean, Enbeitak esan dio teoriatik praktikara bide bat dagoela, «gehiengoaren barruan bide /hori adina da». Etxebarriazarragak errebeldia eskatu dio: «Buruaz joten pareta/ galdu zenduan oreka/ ta gazteoi kritikau guran/ zabiltza zer gerta/ baserria ez, txaleta/ ta hedabidetan beteta/ errebeldia apur bat ere/ atara tarteka». Enbeitak berak ekarri ditu bere kontraesanak oholtzara, dotore: «Feminismoa ta zera/ klase borroka topera/ gaur familia nuklear baten/ bizi naz ostera/ jan dodaz hainbeste berba/ jan dodaz danak batera/ bihotzerrea gainditu neban/ ta orain, aurrera».
Onena zara
Handik gutxira iritsi da ohiko tentsiozko isiltasuna eta ganbarako gaia: Begietara begiratu eta horrela esan dizu: onena zara. Etxebarriazarragak maitasun istorio bat kontatu du, nola pertsona batekin elkartzen den, eta berak esan dion onena dela, baina beti dela bigarrena, izatez beste bikote bat baitu, garden azaldu du lehen bertsoan: «...gaur onena zara esanez/ laztandu deustazu azala/ guzurra dala jakinda/ ta egia balitz bezala». Bigarrenean, beraien harremana deskribatu du: «Bikotea euki dozu/ urte honetan barrena/ ez, edonolako be/ ahalik ta estandarrena/ eta guk ondo dakigu/ zer dan horrek dakarrena:/ ni nazela noizbehinkako/ bera doala aurrena/ neronek onartua da/ eroan dodan kondena/ gaur be zirriak amaitu/ ta esan dozu zeu onena/ nahiz jakin begiek bere/ guzurra esaten dabena/ hemen ni naz begi horie/ sinistu gura deutsena». Hirugarrenean harreman hori utzi eta bere burua maitatzen ikasi behar duela kantatu du.
Enbeitak txapelketan ere eusten dionari kantatu dio, lehen bertsoan beraien harremana hasi zenetik atzo goizera artekoak kontatu ditu: «Bost urte dira Tinder bitartez/ ezagutu zintudala/ ta zenbat aldiz uleak puntan/ jarri deustazun azala/ goizean oso estu egon naz/ badakit normala dala/ ‘onena zara’ esan deustazu/ zuretzako naturala/ badakit lehen bertsolaritza/ urruti xarmar zeunkala/ ta orain toma, txapelketa bat/ udagoienero hala/ nahiz eta jakin zu ez zarela/ nigazko inpartziala/ igarri dozu momentu hortan/ horixe behar nebala». Eta azkenekoan, oholtza gainera igotzen direnei ingurukoek eusten dietela gogoratu du: «...bakardadeak edonor hilko/ leuke hemen aldiz aldi/ gura ez arren sarri besteek/ ein behar deuskue argi/ eta holantxik hoba begitu/ gure txikitasunari/ esan nahi deutsut jende aurrean/ ta esan deutsut garbi/ ingurukoek eutsi ezean/ inork be ez da hain handi».
Hausnarketak zein umorea
Hirugarren Txaber Altubek egin du, fin aritu da hasieratik abadinoarra, bakarkako esanguratsua osatu du torturak jasan dituen kide baten azalean, eta zortziko txikian Enbeitarekin batera, umore eta ironiatik txalo zaparrada ere jaso du. Mundu osoan bidaiatutako lagunak izan dira, aurtengoan Euskal Herria aldez alde zeharkatzea erabaki dutenak. Casillako aulkietan eserita zeharkatu ditugu Larhun, Karrantza eta Zintruenigo, Altuberen bigarren bertsoak lehertu du ofizioa, topikoak muturrera eramanez: «Eta zeinen ederrak/ mugaz gaindikoak/ nahiz ez diren bizitza/ ritmo bizikoak/ euskaldun sudur luze/ prototipikoak/ ta beraien hizkuntzak/ ze exotikoak».
Aitor Bizkarrak eskuratu du laugarren postua, bere bakarkakoa izan da lan puntuatuena ariketa horretan. Familia aberats batean jaio zen, eta herentziari uko egitea erabaki du. Betelan ederrak egin ditu, bere estiloan, lehen kolpean aitaren enpresa jaso zuela kontatu du, eta bigarrenean uko egingo diola, «...diruak badu nahiko delitu/ bultzatzen ditu, mantentzen ditu/ behean daudenak berantz/ ta aberatsak aberats». Senideei jakinarazi die azkenekoan: «...Guztia eman behar dut aizue/ badakit zuek ez daukazue/ printzipio aldagaitzik/ ez jainkorik, sosa baizik».
Galleteibitia eta Uria puntutan pare geratu dira, akaso ez dute egun borobilena izan, baina beti bezala, beren marka utzi dute larunbat honetan ere. Galletebeitia ohi bezain zehatz ibili da bakarkakoan, sare sozialetan bere unibertsitateko irakaslearen mezu transfoboak irakurri dituen gaztearen gorputzetik. Lehenengoan, EHUn gertatu dela gogorarazi du, eta bigarrenean sakondu: «...egun batetik harago baina/ faxismoaren zingira/ osatzen duten modu mordoan/ ta era horren homofoboan/ ez zaitez joan urrutira/ geutarikoak baitira».
Fizkioan errealitatea
Uriarentzat bakarkako gaiak horrelaxe zioen: «Gernikako bonbardaketako biktima zara, gaur Gernikara etorri da Alemaniako presidentea, besteak beste barkamena eskatzera, oraingoan ere ez zaituzte gonbidatu». Hiru kolpe eman ditu, lehenean bizitakoak gogoratu ditu eta berak ez zuela deirik jaso kantatu du, bigarrenean nor zegoen azaldu du: «...Enautela gonbidatu/ eta mina eman dit, ai/ ta gainera pentsatu dut/ gero ikustean, karai/ ni enaute gonbidatu/ ta Espainako errega bai». Hirugarrenarekin lehertu du plaza: «... protesta egin nahi nuke/ ahal dudan gisan hemendik/ nahiz eta adin honekin/ ia ez dudan kemenik/ orduan egin zenutenak/ berez ez dauka izenik/ ta gaur egin duzuenak/ ere ez du barkamenik».
Zazpigarren egin du Oihana Bartrak, eta zortzigan Gorka Pagonabarragak. Elkarrekin aritu dira hamarreko txikian, politikagintzan aritutakoak izan dira biak, Pagonabarragak kargua utzi berritan Bartrak enpresa bateko administrazio kontseiluan lana topatzen lagunduko diola esan dio. Durangoarrak beraien lehengo bizitza definitu du lehen bertsoan: «Nola gu alderdiko/ konbentzitu garen/ etorkizuna beti/ daukagu hain garden/ Parlamentuan lehen/ ahalik gustoren/ baina bertako lanak/ ahaztu ondoren/ Oihana zure mezu/ honen zain nengoen». Eta Bartrak errealitatera ekarri eta zehaztu du nor zen kantukidea: «... Bueno hor daude Petronor/ BBK zein nonahi/ horrexegatik trankil/ egon zaitez Unai/ Josu Jon sartu gendun/ eta zu ere bai».
Transmisioa aipatu du oholtzan Plazak, eta gaurkoan ere argi geratu da bertsogintzak eskaintzen duela hori, publikoari begiratu besterik ez dago.
Saikapena
1. Aitor Etxebarriazarraga 1.163 puntu
2. Onintza Enbeita 1162,5 puntu
3. Txaber Altube 698,5 puntu
4. Aitor Bizkarra 694,5 puntu
5. Xabat Galletebeitia 691 puntu
6. Jone Uria 691 puntu
7. Oihana Bartra 689 puntu
8. Gorka Pagonabarraga 671puntu

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

