NAIZ

Korrikaren amaiera festan NAIZ gune erraldoia egongo da Bilboko Areatzan

Urteak dira AEK-k eta NAIZek Korrikaren aldeko akordioa sinatzen dutela, eta 24. Korrikaren ediziorako berretsi egin da hitzarmena. Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta 29an Bilbon bukatuko da edizio berria eta amaiera festan NAIZ gune erraldoia egongo da Areatzan.

Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak eta Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak hizarmena berretsi zuten.
Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak eta Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak hizarmena berretsi zuten. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2026a Korrikaren urtea izango da. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak 24. edizioa beteko du, martxoaren 19tik 29ra bitartean, eta beste behin ere Euskal Herria mutur batetik bestera zeharkatuko du, milaka herritar euskararen alde mobilizatuz. Edizio honetan, ‘Euskara gara’ lemapean, Atharratzen izango du abiapuntua eta Bilbon amaiera, lurralde osoan zehar euskararen aldeko aldarria zabalduz. Ibilbide zehatza urte hasieran jakinaraziko dute antolatzaileek.

Urte luzez, AEK-k eta NAIZek elkarlanean jardun dute Korrikaren bueltan, eta 24. edizio honetan ere hitzarmena berritu dute. Akordio horri esker, Korrikaren petoak kioskoetan eskuragarri egongo dira GARA egunkariarekin batera, eta harpidedunek aurrez etxean jasotzeko aukera izango dute.

Halaber, azken urteetan sendotutako dinamikari eutsiz, NAIZek presentzia nabarmena izango du Korrikaren amaiera festan ere. Aurten, Bilboko Areatzan kokatuko da NAIZ gune erraldoia, eta milaka euskaltzaleren topaleku izango da. Egun horretarako prestatzen ari diren egitarau zabalaren xehetasunak aurrerago emango dira ezagutzera.

Jarraipen berezia

Martxoaren 19tik 29ra bitartean, hamaika egunez, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du etengabe, euskararen aldeko mezua herriz herri eta auzoz auzo zabalduz. NAIZek, ohi bezala, jarraipen berezia eskainiko dio ekimenari.

Egunero konexio bereziak egingo dira NAIZ Irratian, eta Korrikak ematen duen guztiaren berri jasoko da webgunean, kroniken, irudien eta eduki digitalen bidez. Horrez gain, une esanguratsuenak zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko da, Korrikaren taupada etengabea Euskal Herriko txoko guztietara irits dadin. Horiek guztiak ‘Korrika 24’ atarian bilduko dira.