Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Edinburgoko Hogmanay jaialdiak euskaraz kantari agurtu du urte berria

Euskal musika ohorezko gonbidatua izan da ostegun honetan Edinburgoko Hogmanay ospakizun entzutetsuan. Maren, Mikel Urdangarin eta Olaia Intziartek kontzertu bana eskaini dute, zenbait talde eskoziarrek lagunduta. Ospakizunean nazioarteko kultura batek parte hartu duen lehen aldia izan da.

Olaia Inziarteren kontzertua Greyfriarsko elizan.
Olaia Inziarteren kontzertua Greyfriarsko elizan. (Fair Saturday)

Edinburgok euskaraz kantari agurtu du urte berria gaur ostegunean. Hiri horretako urte berriko Hogmanay ospakizun entzutetsuan nazioarteko gonbidatuak izan dira lehen aldiz, Euskal Herrikoak, hain zuzen. Hogmanay Eskoziako jairik garantzitsuenetakotzat jotzen da, eta ostegun honetan Mikel Urdangarin, Maren eta Olaia Inziarte izan dira Eskoziako hiriburuan, euskal kulturaren enbaxadore.

Ekimena Fair Saturday fundazioaren eta Unique Events Hogmanayko ospakizunen antolatzailearen lankidetzaren ondorio da, eta Eskoziako gobernuaren eta Edinburgo hiriaren babesa dauka. Euskal ordezkariek Greyfriars eliza ikonikoan eskaini dituzte beren kontzertuak, 14:00etatik 18:00ak arte, milatik gora ikusleren aurrean. Zenbait eskoziar artistak lagundu diete, hala nola Valtos taldeak.

Antolatzen dituen ekitaldi kulturalak modu nabarmenean oihartzun soziala izan dezaten ahalegintzen da Fair Saturday fundazioa, asmo horrekin egiten ditu proiektu asko, hala nola Ura Bere Bidean, euskal artista garaikide eta garai ezberdinetakoen elkargunea. Edo Bilbo Kultura Sozial Forum, bioesklusioan dauden neska-mutilen mezenasgo sare bat, ikasketa artistikoak izan ditzaten laguntzeko. Ekimen asko egiten dituzte, eta hau da horietako bat, Euskal Herritik bultzatua.

Unique Events, bere aldetik, Edinburgon urteko ekitaldirik nabarmenenak antolatzen dituen erakundea, eta Eskozian Fair Saturday fundazioarekin elkarlanean jarduten duena.

«Edinburgok egiten dituen ospakizunen barnean –abuztuko jaialdiak eta– oso berezia da urte bukaerakoa, Hogmanay», azaldu dio Jordi Albareda fundazioko arduradunak NAIZi. Astelehenean, esate baterako, Eskoziako iparraldean zuzi prozesio bat izan zen, «oso bikingoa», 15.000 pertsona bildu zituena.

Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko lotura sendotzeko 

Orain dela bizpahiru urte, Unique Events-eko arduradun Alan Thompsonekin harremana dutenez, pentsatu zuten Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko loturak sendotzea kulturaren bidez, modu iraunkorrean. Asmo horri joan den udazkenean eman zioten lehen bultzada Ura Bere Bidean ekimenean, eta Valtos banda eskoziarreko kideak artista gonbidatuak izan ziren, Bizkaian ceidlih edo eskoziar musika ekitaldi tradizional berezi bat islatu zutenak. 

«Pentsatu genuen zein polita izango litzatekeen Ura Bere Bidean elkargunean artista eskoziar bat egotea», dio Albaredak, «eta hortik etorri zen Valtosen emanaldia, eta bisita itzultza, gaurko ekitaldietan lehen aldiz euskal artistak izatea». Eskoziako Gobernuari «ideia bikaina» iruditu zitzaion eta aurrera egin zuten. Zer artista aukeratu nahi zituzten erabaki zuten, musika motaren arabera: Mikel Urangarin, Maren eta Olaia Inziarte, «baina honek aurrera egin dezan bokazioarekin. Konfiantzan oinarritutako lana da, eta gizarte zibiletik egina ere, esango nizuke». 

Alan Thomson Unique Eventseko arduradunak dioenez, lankidetza honek «Eskoziaren eta Euskadiren arteko loturak ospatzen ditu, nortasun kultural propioa eta musika tradizio sakonak dituzten bi lurralderen arteko lotura». Eta Albaredak uste du horrela sortzen direla tradizioak, «ekimen txiki gutxi gorabehera anekdotikoetatik, baina sendotzen baditugu, azkenean zerbait handiagoaren parte bihurtzen dira, ezta? Kontakizun handiago baten parte».

«Pentsatu genuen zein polita izango litzatekeen Ura Bere Bidean elkargunean artista eskoziar bat egotea», dio Albaredak, «eta hortik etorri zen Valtosen emanaldia, eta bisita itzultza, gaurko ekitaldietan lehen aldiz euskal artistak izatea»

Hogei euskal musikari inguru daude Edinburgon, ohorezko gonbidatu gisa egun hauetako ospakizunetan, ohiko zuzien prozesiotik hasi eta Gabon Zaharreko kontzertura eta atzo gaueko ikus-entzunezko eta su artifizialen ikuskizunetara. Izan ere, ohorezko gonbidatu gisa izanb ziren astelehenean aurkezpen ekitaldian.

Jordi Albaredak dioenez, hau lankidetza sakonago baten abiapuntua da; «espero dugu datorren urtean beste euskal artista batzuk egotea Urte Berriko ospakizunetan, eta lankidetza horrekin jarraitu ahal izatea hurrengo bi urteetan; gainera, lanean ari gara Eskozian Ura Bere Bidean 2026an edo 2027an egin ahal izateko. Oso eskertuta gaude Unique Eventsi, Eskoziako Gobernuari eta Edinburgo hiriari horretan sinesteagatik eta posible egiteagatik». 

Gobernuaren eta Edinburgoko Udalaren ordezkariek, Unique Events erakundeko ordezkariekin batera euskal artistei harrera egin zietenean esan zutenez, ospakizun horietan lehen aldiz izan zen nazioarteko lankidetza bat, Euskal Herriarena. Jane Meagher Edinburgoko Udaleko bozeramaileak esan zuen Hogmanay aukera ona dela Edinburgok ospatzen badakiela erakusteko; hori dela-eta, «benetan pozik gaude hirian euskal kantariei ongietorria egiteaz».

 

Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda. (Fair Saturday)


Euskal musika leku berezian

Hiriko 18 lekuk jaso dituzte kontzertuak, baina Albaredak dioenez, badira lauzpabost oso ikonikoak, hala nola Edinburgoko katedrala eta Greyfriarseko eliza, hirigunean, euskal musikariek jo duten lekua. 14:00etan, Maren aritu da; 15:00etan, Mikel Urdaingarin, eta 16:00etan Olaia Inziarte. 17:00etatik aurrera, artista eskoziarren txanda izan da, tartean Valtos taldea, zeinekin euskal kantariek kolaborazioren bat egiteko asmoa zuten.

Egun hauetan Edinburgon izan diren ekitaldiak aurkezten dituen liburuan “EH Sounds from Scotland and the Bass Country” izenburupean azaltzen dira euskaldunen kontzertuak. «Hiru artista gonbidatzetik harago doa, merkataritza-industria edo datorren musika-industria baino gehiago. Badago alde kultural bat, errekonozimenduarena, ohorearena, harremanak estutzeko nahiarena, harrotasun handia eragiten diguna, ezta?», iritzi dio Albaredak. Jaialdiaren kartelak daude hiri osoan, «eta harro gaude artista guztien izenak haietan sartzeaz, hor kartelburu gisa Mikel Urdangarin, Maren eta Olaia Inziarte agertzen baitira, oso hunkigarria». 

Pozik eta esker oneko agertzen da Albareda, besteak beste, Eskoziako Gobernuaren eta Edinburgo hiriaren babesagatik, «eskerrak eman nahi nizkieke emandako laguntzagatik», pozik eta esker oneko Unique Eventsekin egindako lankidetzagatik. 

«Esan dizudan bezala, jaialdi batek ez dakit non parte hartzetik haratago doalako, ezta? Eta lehen aldia izatea Eskozian, Edinburgon, Urteberriko ospakizunetan kultura bati parte-hartzea eskaintzen zaiona, eskoziarraz bestelako kultura bati ongietorria ematen zaiona, euskal kultura izatea...», jarraitu du Albaredak. «Baina izan bedi euskal kultura xamurtasunarekin, maitasunarekin, ohorearekin, tratatzen ari diren onespenarekin tratatzen ari diren maitasuna, maiuskulaz esateko da». 

Euskal artistei ere eskerrak eman nahi dizkie. Nabarmendu nahiko nituzke. Oso polita da hemen kantatzea, baina ez dezagun ahaztu urtarrilaren batean Maren, Olaya, Mikel eta beren taldeak ahalegin bikoitza egiten ari direla, Gabon zahar gaua eta Urteberri eguna etxean emango ez dutelako». 

Euskal artistek Eskozian eman dituzten kontzertuetara joan direnek beren haien errepertorioko abesti onenen aukeraketa bat entzun dute. Martyn Macdonald, Valtos taldeko kantariak kontzertuen bezperan adierazi zuen pozik daudela «gure lagun euskaldunekin aritu ahal izango garelako. Edinburgok euskal musikaren inguruan festa on bat ospatzea nahi dugu».

Maren kontzertuan. (Fair Saturday)


Euskal musikariak, hunkituta

Eskoziara iritsi berritan, Marenek esan zuen benetan hunkituta zegoela Edinburgon lehen aldiz bidaiatzeko eta bertan jotzeko aukerarekin. «Oso garrantzitsua da kulturak musikaren bidez lotzea eta, jakina, agertokia Mikel eta Olaiarekin partekatzea. Ziur nago esperientzia ahaztezina izango dela». Olaia Intziartek adierazi zuenez, 2026an Edinburgon jotzen hasteko ilusioa zuen, are gehiago Hogmanay bezalako testuinguru berezi batean; «asko motibatzen nau nire musika hara eramateak eta Eskoziako artistekin agertokia partekatzeak, asko gustatzen zait musika ulertzeko kulturak eta moduak nahasteko ideia. Ospakizun polita eta oroitzeko kontzertua izango ahal da, bai publikoarentzat bai guretzat». Eta halaxe izan dela ematen du.

Mikel Urdangarin Edinburgon bizi izan zen duela hainbat urte, eta iritsi zenean Albaredari esan zionez, oso hunkigarria da beretzat. «Luze hitz egin genuen, eta hiru euskal artistontzat oso berezia da, baina Mikelentzat, pentsa. Honen guztiaren garrantzia ikusten genuen, eta gure txikitasuna. ‘Aizu, zer unetan, nola egin dugu aurrera hemen?’. Umiltasunetik diot gure txikitasuna», buklkatu du Albaredak.

Hogmanay ospakizun berezia bizi du Edinburgok euskal kantarien presentziarekin. Hogmanay ahaztezina euskal musikarentzat.