Kirolik azkarrena epaitzerakoan, teknologia berriak ere hankamotz
Aurreko astelehenean, Winter Seriesean, zazpi minutuz luzatu zen garailearen ebazpena. Lekerikaren xisteran punpa egin zuela baina horren aurretik Urreistik pilota ukitu zuela errebisatu zen zalantzen txokoan. Epaileekin elkartu gara polemika hura, irizpide eta bilakaera aztertzeko.

Epailerik gabe ez da jokorik. Kirol guztiek behar duten figura da, «itzaleko protagonistak» dira eta lehen lerrora igarotzen dira polemikek bultzatuta, ia beti. Aurreko astelehenean, Gernikako Jai Alai pilotalekuan bizi izan zenak zeresana eman du, partida bukatu eta zazpi minutuz garaipena norena izan zen argitu gabe egon zelako. Bertaratutako milaka zale elkarri galdetzen, zer gertatzen zen ulertu gabe... Azkenean, etxera iritsi eta telebistaz ikusi zuten partida, gertatutakoa konprenitzeko.
Azken urteetan, zesta-punta teknologia berrietara egokitzen joan da eta Winter Series txapelketaren kasuan, aurten, bigarren aldiz bideo arbitraje sistema dago –Canal+ frantziarrak instalatu zuen lehendabizi, Donibane Lohizunen–. Teknologiak teknologia, abiadura gehien hartzen duen kirola epaitzeko irizpidea, zailtasuna eta bilakaera ezagutzeko, zaildutako bi epailerekin egin du hitzordua NAIZek: Aitzol Galletebeitia (Mendexa, 1992) eta Beñat Markuerkiaga (Berriatua, 1979).
«Zenbat eta epaile gehiago, zenbat eta baliabide gehiago egon, orduan eta justizia egiteko aukera gehiago egongo da. Pertsonak gara, eta akatsa ez duzu kenduko; akats egiteko aukerak, bai. Nik uste dut jaitsi dela akats kopurua bideo arbitrajea dagoenetik, baina pertsonen begiak behar dira», iritzi du mendexarrak. «Zesta-puntako partida batean ez nahastea, kasik ezinezkoa da. Pilota oso arin dabil (200 km/h-tik gora). Epaile guztiek erratzen dute kirol guztietan, ba imajina pilota txikiena den eta azkarren mugitzen den batean... Baina lehen epaileak adierazten zuena zen, ez besterik. Orain bideo arbitrajearekin, teknologia berriak sartu dira eta halere, nahiko anbiguoa dela iruditzen zait», diosku berriatuarrak.
Galletebeitia: «Zenbat eta epaile gehiago, zenbat eta baliabide gehiago egon, justizia egiteko aukera gehiago egongo da. Pertsonak gara, eta akatsa ez duzu kenduko; akats egiteko aukerak, bai»
Bikote bakoitzak, set bakoitzean, aukera bana dauka berrikuspena eskatzeko; arrazoia izanez gero, aukera mantentzen du. Eraman Jai Alai enpresak mugatu egin du, jokoa ez moteltzeko eta edozein jokaldi berrikusteko tentazioa txikitu asmoz. Eta bideo arbitrajeko epailea ezin da ofizioz sartu.
Baliabide gehiago
Biak ala biak ados daude baliabide gehiago behar direla –iaztik hona hobetu dira, txapelketa nagusietan kantxan hiru epaile egoten dira–, bai eta irizpideak berrikusi eta gehiago zehaztu ahal direla. Galletebeitia aurten Gernika Winter Serieseko bideo arbitrajean dago estreinakoz –iaz Antxon Alberdi egon zen– eta berak,, esaterako, eskertuko luke «profesionalen partidetarako araudi bat idatzita egotea». Izan ere, araudiak betikoa izaten jarraitzen du baina, gero, enpresen arabera, moldaketa batzuk egon daitezke: Jai Alai Ligan, esaterako, aurrelari bakoitzak sakez bost pasa egin ditzake; seigarrenetik aurrera, falta adierazten da.

Legedia aldatu ez baina jokamoldea bai aldatu dela ñabartu du Markuerkiagak berak: «Zikintzen joan da». 30-40. hamarkadako pilotariek, pauso bakarra ematen zuten; 70-80. hamarkadan, bi pauso; orain, hiru edo lau... Kutsatzen joan da eta bilakaera bat eman da. Muga batzuk jartzea ere zaila da. Nire legedian jartzen zuen: pausoak eman ahal dira, pilota erretenitzeko mugimendua jarraitzen duzun bitartean. Pilota gelditu eta atxiki bitartean, zazpi pauso eman ahal dira? Bada landu beharreko gai bat. Federazioa, klubak, epaileok, entrenatzaileak... Denak batu eta irizpide batzuk gehiago argitu. Ze 2050. urtean oraindik eta zikinago jokatuko dute».
Markuerkiaga kantxan egoten da eta bideo arbitrajearekin zubi lanak egiteaz arduratzen da. 2003an atera zuen epaile lizentzia, AEBn azken dantza egin aurretik (2007. urtera arte jardun zuen profesional gisa), eta betidanik, zesta-punta epaitzeko irizpideak malguak izan direla aipatu du. Jokaldi askotarako «epailearen irizpidearen arabera epaituko da» jartzen du eta «hori horrela den heinean, ezinezkoa da beti berdin epaitzea».
Markuerkiaga: «Federazioa, klubak, epaileok, entrenatzaileak... Denak batu eta irizpide batzuk gehiago argitu. Ze 2050. urtean oraindik eta zikinago jokatuko dute»
Modu berean, kameren irudiak pilotaleku osoko angelu guztiak hartzen ez baditu, ezinezkoa da zalantzazko jokaldiak modu berean argitzea. «Kalitate gehiagoko kamarak behar dira, edo frame gehiago daukatenak edo... Oso zaila da. Batzuetan, barruan zaudela errazagoa da ze entzun egiten da. Entzuten baduzu, ukitu duela somatu dezakezu; gero pasatu ahal da, eta Urreisti horretaz kexatzen zen, agian pilotariak ezker horma ukitu duela zestarekin eta pentsatzen duzu pilota ukitu duela...», nabarmendu du berriatuarrak.
«ETBko errealizazioarekin harreman zuzena daukat, beraiek telebistarako hartzen dituzten irudiak dauzkagu eskura, ez besterik», azaldu du Galletebeitiak. «Gainera, epaileak ikusten duen unean bertan, pilotalekuan ere zaleei eskaintzen zaie, pantaila handian; hor hasten dira txistuak, murmurrak, protestak...», xehatu du Markuerkiagak, eta, era berean, «telebistarako produktu erakargarria» dela onartu.
Epaile gabezia
Pilota «futbolizatzen» ari delako kezka Nazioarteko Federaziora iritsi dela ere aipatu du Markuerkiagak. Zulo beltz batean egon da zesta-punta, pilotalekura ehun zale eskas bertaratzen zirela, asko eta asko jokalari ohiak, adituak, eta polemikak egon egoten baziren ere –artekariak zeuden, dirua jokatzen zen–, ez zen gehiegi hedatzen. Gainera, pilotaleku askotan zegoen «epailearen erabakia apelaezina da» kartela. Orain, asko zabaldu da pilotalekura joateko ohitura eta horrek, errespetu falta areagotu duela onartu du: «Hala ere, nik neuk, bizkar zabala daukat».

paileen lana sarri gutxietsia izan ohi da eta Markuerkiagak zein Galletebeitiak onartu dute beraiek «pilota maite dutelako» jarraitzen dutela. Nabarmendu dute gabezia handia dagoela, epaile oso gutxi direla –zesta-puntan espezializatuak are gutxiago– eta funtsezkoa dela gazteak lizentziak ateratzea. Lekeitioko zesta eskolan «17-18 urte betetzen dituztenean, lizentzia ateratzera bultzatzen ditugu», azaldu du Galletebeitiak, eta Bizkaiko Federaziotik erraztasunak ere eskaintzen dituzte. Klubek aurrera egiteko, pilota partidak antolatzeko, beharrezkoa dute epaileen figura eta gehienek hutsune horiek betetzeko ateratzen dute baimena.
Gutxiago dira profesionalen partidetara joaten direnak –izendapen horiek ere Federazioaren bitartez egiten dira– edo bidaia luzeak egitera animatzen direnak. Galletebeitiak lehentasuna jarri du herriko klubean baina gutxika-gutxika badabil maila handiagoetako partidak epaitzen. Azken asteburua guztiz konpletoa eduki du: ostiralean gazte mailako pare bat partida izan ditu eta larunbatean, beste hiru; gaur, Gernikan egongo da, zalantzaren txokotik argitasuna jarri nahian. Markuerkiagak, bestalde, ostiralean Berriatua Master Serieseko finalak izan zituen, gaur Gernikako kantxan egongo da eta laster, Euskadiko txapelketa hasiko dela-eta, asteburu guztietan edukiko du zerbait. «Lizentzia atera nuenetik, duela 18 urte, euroa sartu zenean, ordainpekoak izoztuta daude; ez dugu aberasteko egiten».

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

