
Ernesto Prat Urzainki idazleak bere hirugarren eleberri beltza argitara eman berri du, Elkar argitaletxearen eskutik. ‘Muga hautsien hegalak’ honekin trilogia bat ixten du, berriozartarrak deritzon ‘Lurra, Larru, Larra’ eleberrien hirukoa, hain zuzen. Datorren astean Baztanen ospatzen den (H)ilbeltza euskarazko nobela beltza sustatzeko topaketan aurkeztuko du lan berria.
Honetan, Larrak –lehen Lurra eta gero Larru izandakoak– bizitza berri bat hasi du: drogak eta gehiegikeriak utzita, gaztak egiten ikasi du Pirinioan, eta artzaintzan dabil orain osaba Luzio eta Mirtaren Belzebenea baserrian, pandemia garai betean.
Bizimodu lasaia eraman nahi izanda ere, berez datoz arazoak, ordea: batetik, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak bolada batean gordetzeko eskatuko diete lagun batzuek; bestetik, Telleria urbanizazio-proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dute espekulatzaile eta agintariek; azkenik, Itoizko Solidarioen borroka zaharrak ere bere lorratza izango du hemen.
Ostegun honetan Xabier Mendiguren editorearekin batera egindako aurkezpenean azaldu duenez, hiru liburuetan zehar protagonista berberak «bere burua berrasmatu» eta izena aldatu badu ere, beste osagai batzuk bere horretan mantendu ditu. Esate baterako, hirurak «Baztan zehatz batean» gertatzen direla, «postal turistikotik ihesi doan Baztan batean», hain zuzen.
Azken atal hau idaztearekin batera, nobela beltzaren generoarekin adiskidetzea lortu du idazleak. Aurkezpenean adierazi duenez, 2017an ‘Telleria eta gero, zer?’ idaztea «traumatikoa» izan zen berarentzat. «Trama osatzea eta korapiloak sortzea erraza da, horietatik ateratzea da zaila dena», zehaztu du. Orduan genero beltzarekiko distantzia hartu zuen, 2024an bigarren atala, ‘Mendeku eskubidea’ etorri zen arte.
Txirikorda
Bestalde, eleberri berria hiru hari nagusien arteko «txirikordatzean» oinarritzen dela azaldu du. Lehenengoa migratzaileen pasoa da. Pandemiaren garaian kokatzen denez, orduan itxita zegoen Biriatuko mugatik igaro ezinik Baztanetik pasatzen ziren pertsonen errealitatea jaso du.
Bigarrena Telleria izeneko egitasmo urbanistikoa eta honen aurkako borroka da. Pratek azaldu duenez, Aroztegiaren, «Baztanen dagoen arazo handienetako baten», irudikapen bat da proiektu «espekulatzaile» hau.
Horrekin lotuta dago hirugarren haria, 20 urte lehenago lurraren defentsan egindako ekintza bat, alegia. Itoiz herria desalojatu ondoren hustear zeuden Artozki herrian 2003an hainbat artistek beraien artelanak eman eta erakusketa bat antolatu zen herri horretan. Idazleak azaldu duenez, gaur egun batzuk berreskuratu dira eta beste batzuk ez dira agertu.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

