Joseba Salbador Goikoetxea

Sagardo Foruma, ekoizleen eta adituen nazioarteko elkargunea

Azaroan egindako VI. Sagardo Forumeko jardunaldiek sagarra, sagardoa eta horien inguruko kultura, ondarea eta turismoa izan zituzten ardatz. Nazioarteko lehiaketan, Weidmann & Groh alemaniarra izan zen irabazle nagusia eta, euskaldunen artean, Zapiainek eta Kuartangok txapel bana lortu zuten.

Nazioarteko lehiaketako irabazleak, tartean Zapiain eta Kuartango sagardotegietako ordezkariak.
Nazioarteko lehiaketako irabazleak, tartean Zapiain eta Kuartango sagardotegietako ordezkariak. (SAGARDOAREN LURRALDEA)

Sagar urteekin gertatzen den bezala, Sagardo Foruma ere bi urtetik behin antolatzen den nazioarteko ekitaldia da. Sagardoaren Lurraldeak antolatua (babesle eta laguntzaile ugari tartean: Astigarragako Udala, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Fruitel sagargile elkartea, Fraisoro laborategia…), hiru zutabe ditu oinarri: jardunaldi teknikoak, sagardo lehiaketa eta azoka. Lehenengo aldiz, lehiaketa eta azoka Donostiako Basque Culinary Centerren egin ziren.

Guztira, mundu osoko 17 herrialdetako ekoizleek parte hartu zuten, eta 204 sagardo aurkeztu ziren. Epaimahaia ere ez zen nolanahikoa izan, nazioarteko 30 dastatzailek osatu baitzuten, tartean ziurtagiridun adituak, jatetxe garrantzitsuetako sommelierrak, enologoak eta ekoizleak.

Aurkeztutako berrehun sagardoak bederatzi kategoriatan sailkatu ziren. Sagardo naturalaren kategorian Astigarragako Zapiain izan zen puntuazio altuena lortu zuena, “Zapiain Euskal Sagardoa Premium 2024” produktuarekin. Euskal Herritik kanpoko beste sagardo naturalekin lehiatu zen, hala nola Asturiastik, AEBtik, Galestik eta Kanarietatik etorritakoekin.

Beste euskal upategi batek ere lortu zuen txapela, kasu honetan kategoria irekian, non Kuartango sagardotegiaren “Bermuta sagardoarekin” produktuak lortu zuen puntuaziorik altuena.

Lehiaketako sari nagusia, ordea, Alemaniara joan zen, zehazki Frankfurt eskualdean dagoen Friedberg hiriko Weidmann & Groh upategira, bertan eginiko “Cydonia” sagardoak lortu baitzuen “Best of show” sari nagusia, mistoen edo zaporetakoen kategorian irabazita. Produktu hori eskualde hartako sagar tradizionalekin eta irasagar birrinduarekin egina dago.

Gainontzeko kategorietan, upategi hauek izan ziren irabazleak: Letoniako Mr. Plume Cidery, garraztasuna nagusi kategorian; AEBko South Hill Cider, mikaztasuna nagusi eta Premium sagardo aparduna kategorietan; Alemaniako Gutshof Kraatz, udardoak kategorian; Asturiasko Sidra el Gaitero, sagardo modernoenean; eta Gironako Mooma Obrador, postrerako sagardoak kategorian.

Jardunaldi teknikoetan, lehen aldiz kultura eta ondarea ere izan zituzten hizpide, Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko kudeatzaile berriak azaldu digunez: «Argi daukagu sagardoaren kultura ez dela produktua bakarrik, baita horren inguruan dagoen guztia ere: kultura, ondarea, arkitektura, tradizioa… Hala, museo eredu berriak ezagutu ditugu, gure Sagardoetxean ere aplikatzeko eta kultur transmisioa bide horretatik gauzatzeko».

MERKATUAREN ERRONKAK

Sagardoaren merkaturatzeak ere garrantzi berezia izan zuen jardunaldietan. Upategiak enpresa familiarrak izanik, beste sektoreetako esperientziak ere ekarri zituzten Forumera, Martiko, Goenaga eta Artadi enpresetako ordezkariekin.

Azokari dagokionez, ekitaldi hori ere Basque Culinary Centerren egin zen lehen aldiz. Publiko orokorrari nahiz profesionalari zabalik egon zen eta 23 ekoizlek parte hartu zuten. Sagardoaren Lurraldeko kudeatzailearen esanetan, «egoitza berria oso aproposa da, ez bakarrik Culinaryrekin sortzen dituen sinergiengatik, baita bertako ikasleen formakuntzan sagardoaren gaia lantzen dutelako ere».

Azokaren beste alderdi garrantzitsu bat, Leire Alkortaren iritziz, ekoizleak berak Euskal Herrian elkartzea da: «Egunerokoan ez dugu izaten mundu osoko sagardoak ezagutzeko aukerarik, baina, kasu honetan, ekoizleak berak ere bertan egoteak produktuaren atzean dagoen prozesu eta historia guztia ezagutzeko aukera ezin hobea ematen digu».

Foruma bi urtez behin egiten bada ere, datorren urtean sagardoaz mintzatzeko aukera ere izango da, “Cider Week” ekimenaren bitartez. «Gure helburua da azaroan beti egon dadila sagardoarekin lotutako hitzordu bat», azaldu digu Alkortak. Hain zuzen, ekimen horren barruan, hainbat bazkari antolatzen dira jatetxe desberdinetako menuak sagardoarekin dastatzeko.

Horren aurretik, apirilaren 16tik 18ra, “Ciderworld’26” nazioarteko azoka egingo da Alemaniako Frankfurt hirian eta bertan Euskal Herria izango da herrialde gonbidatua.