
Bilboko Arriaga antzokiko jarduerak ez du etenik. Etorkizun hurbilak antzerkia dakar asteburu honetan ‘Filosofía mundana’-rekin, lied zikloaren itzulera datorren asteartean, eta antzerki gehiago urtarrila ixteko ‘Amour eta Kimu/La casa de todos’ antzezlanekin. Eta otsailaren 3an eta 4an (19.30ean), Tartean Teatroa konpainiaren euskarazko azken proiektuak, ‘Kandida’, irekiko du aurtengo antzerki estreinaldien denboraldia.
Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du, eta antzerkigile oparo honek berezko duen tonu tragikomikoan gai sakonak, are deserosoak, landu ditu ‘Kandida’ honetan. Aurrez aurre, bi emakume, adin eta jatorri desberdinetakoak; ondoan, gizon bat, arte munduren paternalismoaren adierazle. Erdian, kontraesanak eta gezurrak.
‘Ai gure juanteak’ lanarekin Pabiloi 6 aretoan egon ondoren eta ‘Kortxoaren dilema’-k herriz herri jarraitzen duten bitartean, Bilbon lan berria estreinatuko dute eta horren osterako hainbat hitzordu lotuta dituzte: Eibar (otsailak 18), Legazpi (martxoak 13)...
Arriagan ostegunean egindako agerraldian aurkeztu dute estreinaldia. Patxo Telleriak azken lanari buruz: «‘Kandidak’ bi emakumeren ibilbidea kontatzen du ; batetik, idazle gazte-gazte batena (Nerea Mazo) eta bestetik andre etxegabetu (Miren Gaztañaga) batena. Klarak bere lehenengo nobela argitaratu du, eta bertan kontatzen du nolabait autofikziotik abiatzen den istorio bat. Arrazoi batzuengatik etxegabetuen aldeko elkarte batean lan egitera behartuta egon zen, epaileak zigorra ezarri ziolako; nahiko galduta zebilen garai hartan, eta esperientzia horrek bere bizitza nolabait aldarazi zuen. Alde batetik, emakume berezi bat ezagutu zuelako, Kandida, eta bestetik, bere lehenengo nobelarako ideia handik hartu zuelako».
Emakume etxegabetu hori desagertu eta hiltzat eman dute, baina idazleak bere nobelan imajinatu zuen etxean hartu zuela eta bizimodu bat eta etorkizun bat bilatzen lagunduko ziola. «Esperantzaz, elkartasunez eta maitasunez beteriko nobela bat idatzi du Klarak –egileak–. Baina gertatzen dena da, nobela aurkezten den egun berean, emakume honek entzun duela, irrati batean-edo, nobela horren berri, eta halako batean konturatu da berari buruz hitz egiten ari direla. Hori bera dela. Eta orduan, nobela aurkezten den egun berean, agertzen da Klararen etxean eta esaten dio etorri dela nobelan egin zuena egitera; hau da, bere etxean har dezan».
Errealitatearen eta fikzioaren arteko kontraste latza plazaratu du egileak, baita hipokresiaz eta oportunismoz jositako mundu baten geruzak agertu ditu; artearen munduko oportunismoa ere bai, hirugarren pertsonaia baitago tartean: «Editorea (Mikel Martinez), Manuela etxean hartzera behartzen duena arrazoi materialengatik: ez badu onartzen eta hori jakiten bada, Klararen prestigioa eta bere nobelaren egiazkotasuna kolokan geratuko dira», dio egileak.
«Batzuetan ematen du oso eskuzabalak garela eta beste batzuetan sekulako zekenak gara»
Duela pare bat urte idatzitako ipuin batean du abiapuntua antzezlan bihurtu denak. Han, ‘mena’ bat zen gatazka sortzen zuena; ‘Kandida’-, emakume etxegabetu bat. Baina, kontuz, denok ditugu gure kontraesanak; inor ez da hain ona, inor ez da erabat txarra. «Gaur egun askotan artean oso inportantea da ez bakarrik produktua, baizik eta produktuaren inguruan doan hori guztia. Idazlea ere produktu bilakatu du editoreak. Nik esango nuke gu guztiok garela neurri batean oso borondate onekoak eta oso gure baitakoak aldi berean, batzuk seguru aski gehiago izango dute batetik edo bestetik. Gizarteak askotan elkartasun erakustaldiak egiten ditu, eta askotan baita bidegabekeria eta egoismoaren erakustaldi latzak ere. Batzuetan ematen dugu oso eskuzabalak garela eta beste batzuetan sekulako zekenak gara», azaldu du Patxo Telleriak.
Nerea Mazo sartu da buelta asko ematen dituen pertsonai honen azalean: «Kontraesanez josia dago eta gero editoreak ere kontradikzio horiek eragiten dizkio, nolabait», esan du. Miren Gaztañagaz, berriz, batuera (Kandidak hitz egiten duena) eta bizkaieraren artean dantzan ari da.
«Agian lehenengo aldia da autore-zuzendari batekin lan egiten dudala. Ofizio handiko dramaturgo, gidoilari eta zuzendaria da»
«Nik esango nuke Patxo hemen, Euskal Herrian, daukagun harribitxia dela. Oso ondo idazten du, sentsibilitate eta inteligentzia handiarekin», erantzun du Mikel Martinezek Patxo Telleriaren antzerkigintaz galdetuta.
«Niretzako plazer handia izaten ari da –Miren Gaztañagak–, agian lehen aldia delako autore-zuzendari batekin lan egiten dudala. Ofizio handiko dramaturgo, gidoilari eta zuzendaria da eta hori asko nabari da. Oso polita da ikustea bere lan egiteko modua, berak oso presente duelako nola eraiki duen bere bidaia guztia eta nola idatzi duen esaldi bakoitza, eta zein ñabardura dauden».
‘Kandida’-ren ekoizpenean euskal artista ospetsuek eta hainbat arlotako espezialistek hartu dute parte. Eszenografia eta jantzien diseinua Ikerne Gimenez eta Igone Tesorena da, eta jatorrizko musika Adrian Garcia de los Ojosena. Ikus-entzunezko elementuak Buffalo Produkzioak-eko Jone Novorenak dira.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

