
Ikusmira Berriak egonaldi-programara inoizko proposamen gehien egin dira aurten, 488 orotara, eta horien artean Ekain Albite, Roda Llaverias, Ines Nunes, Gala Hernandez, Kavich Neang eta Valeria Hofmanen proiektuak hautatu dira.
Programa Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak antolatzen dute eta, azaldu dutenez, gaien aldetik bero itogarria, agian hondamendi klimatikoaren seinale argi gisa, emakumeen gorputzak, familia-egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala ageri dira hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenetan. «Lanei forma aukera aberatsetik heldu zaie, eta generoak berrinterpretatu dituzte, hala nola beldurrezko gotikoa, road movie, drama psikologikoa edo body horror delakoa», zehaztu dute.
Elias Querejeta Zine Eskolaren kategorian, EQZEko ikasleek parte hartzen dute. Edizio honetan, ‘The Spirit Healer is Away for the Weekend’ lana aukeratu dute, Inês Nunesena (Tavira, 1993). Lana bi emakumeri buruzkoa da, eta beroak eta turismoak setiatutako Lisboan merkataritza-zentro batean babesten dira. «Leku horiek –zinemagilearen hitzetan– kontsolamendua eta kide izatearen sentimena ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate sakonenak kapitalizatzen dituzten tranpen antzerakoak dira».
Nest kategorian, Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2020-2024) aukeratutako zinemagileek parte hartu dezakete, eta edizio honetan ‘La Canícula’ lana aukeratu da, Rod Llaverias zinemagilearena (New York, 1989). Dominikar hiriburuko familia etxe goibelean bizi diren lau emakumeren bitartez, zaintza, dolua, traumak eta nortasuna aztertzen ditu.
Bi txatar-biltzaile Lemoizen
Euskal kategorian aukeratutako proiektua ‘Akira’ da, Ekain Albiterena (Zumaia, 1999). Albite ‘Negu hurbilak’ (2023) film kolektiboaren zuzendarikidea da. Hain zuzen, film horrek aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdiko Cineasti del Presente sailean. Albite EQZEko ikasle ohia da, eta bere banakako lehen film luzerako gauean igarotzen den «road movie espektral bat» proposatzen du. Bi txatar-biltzaile georgiar dira protagonistak, Lemoizeko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak.
‘Los animales magnéticos’ da Estatu espainiarraren markoan hautatutakoa, Gala Hernandez Lopezena (Murtzia, 1993). Zinemagileak misteriotsuki lotutako bi emakumeren istorioa kontatzen du: Berlin garaikideko zientzialari bat eta XVIII. mendearen amaierako aristokrata frantziar bat, amatasuna kudeatzen ari direnak; beldurrezko fikzio gotikoa da, eta doble femeninoaren ideia lantzen du.
Nazioarteko kategorian bi proiektu aukeratu dira. Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarrak (Santiago de Chile, 1988), ‘Daemon’ lanean, body-techno horror delakoaren bitartez, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi pertsonaren istorioa lantzen du: edukien moderatzaile bat eta telefono mugikorrak ekoizten dituen fabrikako langile bat.
Kavich Neang zuzendari kanbodiarrak (Phnom Penh, 1987), berriz, ‘Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy’ bere bigarren film luzearen proiektuarekin hartuko du parte programan, bi lagunen coming of age delakoa marraztu du, eta familiari eta testuinguru autoritarioari buruzko gogoeta ere egiten du.
Ikusmira Berriak egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta, eta denbora horretan proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, bakoitzaren premietan oinarrituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak bere egitasmoa garatzeko laguntza ekonomiko bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko. Fase horretan, beren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
