
Amezketako Larrunarri pilotalekuan, eta Jokin Altuna edo Ekaitz Saralegi bezalako luxuzko ikusleekin jokatu da igande eguerdi honetan Emakume Master Cup Zirkuituko Binakako Txapelketaren seigarren jardunaldia eta lehen faseko sailkapena are gehiago estutu da, Ibarrola-Erasun eta Ruiz de Infante-Mendizabalek euren lehen puntuak batuta.
Nabarmendu, gainera, jaialdiari hasiera eman dion partidan, gazteen mailakoan, Maria Balerdi amezketarrak etxekoen aurrean jokatu duela. Ezin izan du, ordea, etxekoen aurrean garaipenik lortu, Intza Arrutiren laguntzarekin, 6-18 galdu baitu June Zabala eta Itsasne Lizarralderen aurka.
Elite mailako partidei dagokionez, behar larrian ziren bi bikote aritu dira elkarren aurka gaur Amezketan, Etxegarai-Capellan eta Ibarrola-Erasun aurretik jokatutako bi partidak galduta heldu baitira. Aurrelari uhartearra eta Zizurkilgo atzelaria izan dira presio hori hobekien kudeatu duten pilotariak eta arnasa eman dieten garaipena eskuratu dute (22-11). Etxegarai-Capellani gauzak asko zaildu zaizkie finalerdietan egongo diren lau onenen artean egoteko.
Borroka horretan egoteko oso garrantzitsua izango duten puntua eskuratu dute, halaber, Ruiz de Infante eta Mendizabalek, Zabaleta-Bertizi 22-10 gailenduta. Emaitza honekin, bi bikoteak sailkapen nagusian berdinduta geratzen dira, partida bat irabazi eta bestea galduta.
Binakako txapelketa Nagusiaren hurrengo jardunaldia otsailaren 1ean jokatuko da Durangoko Ezkurdi pilotaleku ederrean.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
