
Urtetan egindako lan eskergaren lorpen gisa baloratu dute Euskal Herriko emakume* torturatuek Emaginek antolatuta Intxaurrondoko kultur etxean egin den ‘Tortura feminismotik erreparatu’ jardunaldia. Solasaldi ugari egin da eta horietako bat izan da emakume* torturatuen lekukotasunena. Esker ona, hunkidura, urduritasuna, lotsa eta beldurra eztarrian dituztela mintzatu dira Aniaiz Ariznabarreta, Ainara Gorostiaga, Kris Gete, Nekane Txapartegi eta Aiora Epelde, eta gitarraz lagunduta poesia bidez testigantza eman duen Miren Azkaraterekin batera ahots kolektibo bat osatu dute.
Ariznabarretak kontatu duenez, atxilotu zutenean bazuen torturen berri, atxiloketari aurre egiteko baliabideen berri, bazuen helduleku bat, balekoa izan ala ez, erreferentzia bat; torturen ondotik, ordea, hutsunea izan da nagusi. «Bide honetan betetzen ari gara isiltasun hori», baieztatu du. Itziarren semeari zer gertatu zitzaion galdetu du, eta prozesuan bere Itziarren semea erreskatatu zuela adierazi du.
«Erresilientziaren mandatuaren pisua» sentitu duela ere erran du. «Testuingurua aldatu da eta aurrera egin behar dugu. Mina egin ziguten, baina indartuta atera gara. Erresilientzia marko bat da, prozesu bat, eta gorabeherak ditu».
«Tortura ezin da erreparatu arlo pertsonalean, beti izango dugu zauri hori barnean. Min horrekin bizitzeko tresnak bilatu behar ditugu. Tresna horiek alde onak eta txarrak dituzte»
Torturaren Aurkako Taldeari (TAT) esker, espetxean zela hainbat gida iritsi zitzaizkiola oroitu du. «Torturaren erabileraren irakurketa politiko oso bat egiten zen. Hainbat elementu ulerterrazak ziren niretzat, elementu fisikoak, adibidez, zarata metalikoek asaldatuko nindutela. Besteak, ordea, oso abstraktuak egiten zitzaizkidan: nortasunaren eta konfiantzaren galera, erabakitzeko zailtasunak...».
Berarentzat «bilaketa bat» izan da erreparazioa. Hainbat espaziotara jo du, eta bertze batzuk antolatu ditu lagunekin batera. Kartzelan kideekin bidea egin zuela eta Estanbuleko protokoloarekin kontzientzia hartu zuela gogoratu du. Ez ditu ahazteko bi urtez egindako talde terapiak ere. Esperientziak partekatzeko aukera izan zuen hor, baina ikuspegi feminista falta zen eta hortik hainbat emakume feministak ekimena hartu zuten.
Bizitza berreraikitzeko tresnak
Ainara Gorostiagak aipamen berezia egin die kultur etxean bildu diren gazteei, erran duenez, zaila egiten baitzaie gai hauetara hurbiltzea. Mugimendu feministako gazte ugari batu da oraingoan belaunaldi ezberdinetako emakume* torturatuekin.
«Tortura ezin da erreparatu arlo pertsonalean, beti izango dugu zauri hori barnean. Min horrekin bizitzeko tresnak bilatu behar ditugu. Tresna horiek alde onak eta txarrak dituzte. Hitz egiten dugunean urduri egoten gara, lo faltan, haserre, sentibera, triste... Eta ez badugu hitz egiten harresi bat eraiki eta isolamenduan sar gaitezke», agertu du.

«Egun batean atxilo hartu ninduten. Emakume militantea nintzen, euskal preso politikoen elkartasunean lan egiten nuen. Ezustean harrapatu gintuen sarekada batean atxilotu ninduten. Bederatzi egun eman nituen inkomunikatuta, bost komisaldegian eta lau espetxean. Ateratzen zarenean ez zara pertsona bera, bizitza berreraiki behar duzu».
Gorostiagak deskribatu duenez, ezagutzen ez zituen bizipen aunitz bizi ditu: iluntasunak urduritzen du, ezin ditu oihuak jasan, mesfidantza eta segurtasun falta ditu, babesleku baten beharra, kontzentratzeko zailtasunak, tristura... «Onartu eta ulertu behar duzu gertatzen ari zaizuna. Normala da. Baimena eman behar diozu zure buruari hori bizitzeko».
Konpartitua
Bakardadean eraman zuen prozesua Gorostiagak, harik eta espetxetik atera eta 16 urtera torturatuen sarean parte hartzen hasi zen arte. Garrantzitsua izan da berarentzat, konturatu baita ez dela bakarra. «Babestuago eta zainduago nago. Gainera, egin zigutenarekin zerbait egiten ari direla jakiteak indarra ematen dit. Urte luzez esan digute gezurretan ari ginela. Gaur, egiten ari garen lanagatik, negazionismo hori amaitzen hasi da».
Torturaz solas egitea hagitz zaila dela azpimarratu du. «Ingurukoekin kosta egiten da. Ez diezu minik eman nahi, errua eta lotsa sentitzen dituzu, ulertua ez izateko beldur zara... Berdina pasa dutenekin errazagoa da». Adierazi duenez, tortura sarean dagoenetik izugarri baretu zaio minaren intentsitatea.
Hitz hartze bat bukatzen den aldiro elkar babesa ikusten da kideen artean. Muxuak, laztanak aurpegian, eskua ematen diote elkarri... Horrela doaz harilkatzen bizi historia gogor hauek.
Aitortzaren beharra
1998ko maiatzaren 2tik 3rako ordu txikietan eraman zuen gatibu Guardia Zibilak Kris Gete, gurasoen etxetik, 27 urterekin. «Lau gizonekin kotxe batean, estu, tapatuta. Badaude egun haietako hainbat objektu, oroimen eta sentsazio oraindik barrenak mugitzen dizkidatenak. Berriro beldurra sentiarazten didate eta txikitu egiten naiz. Hala izan zen 11 urteko espetxealdian, baita askatasunean ere».
Kartzelaldia zaintzarekin lotzen du, Carabancheleko moduluko 20 kideek emandako sostengu eta maitasuna berrosatzeko indarra izan baitzen behin eta berriz, txikitzen zen aldi ugarietan.
2005ean ama izan zen espetxean eta Zueran eman zuen haurdunaldi gehiena. Esku-burdinekin eramaten zuten ospitaleko errebisioetara, poliziaz inguratuta, eta erditu ere hala egin zen. 24 ordu baino lehen alta eskatu zuen semearengandik banandu nahi zutelako eta ezin zituelako bereganako eta haurrarenganako irainak gehiago jasan. «Zailak eta gogorrak bezain politak izan ziren elkarrekin eman genituen hiru urteak».
38 urterekin atera zen aske, baina beldur horiek guztiek preso atxikitzen dute oraindik. Askatasuna fisikoa da bakarrik. Gauza txiki ugaritan mugitzen zaizkio barrenak: «zakar poltsen kolorea ezin da beltza izan, inauterietan ezin dut aurpegi estaliekin, gizonen arteko eztabaidetako jarrerek txikitu egiten naute...».
Aitortza erabat beharrezkoa dela aldarrikatu du. «Bortizkeria bada. Erreparazioa, ordea, talderako bai, baina norberarentzat zaila da».
Erantzun feminista
Nekane Txapartegik bizitako errepresio guztietan continuum gisa ikusten du indarkeria matxista, baita erantzun feminista ere. «Kosta zaigu agendan jartzea emakumeen erasoak ez zirela albo kalteak, baizik eta eraso zuzenak, gu kolonizatzeko, konkistatzeko». Hain justu, bere testigantza eta salaketetan erresistentzia ikusarazten saiatzen da.
«Erasotutako gorputz hori zergatik eta nork torturatu zuen salatu eta ulertu beharra nuen. Baina eskatzen zitzaidana zen tortura metodoak deskribatzea eta biktima bezala gelditzea»
«1998an Tres Cantos komisaldegian nire gorputza inpunitate osoz gudu zelai bihurtu zuen Guardia Zibilak, militante izateagatik eta emakume izateagatik», azaldu du. Erran du orduan ez zegoela marko feministarik eta ez zuela babesik aurkitu. «Erasotutako gorputz hori zergatik eta nork torturatu zuen salatu eta ulertu beharra nuen. Baina eskatzen zitzaidana zen tortura metodoak deskribatzea eta biktima bezala gelditzea».
Bost egun egon zen Tres Cantosen inkomunikaturik eta bertze bost egun Soto del Realen. Burua eta gorputza banatzea izan zen bere defentsa mekanismoa, eta kideek salbatu zuten. «Haietako bat sentitu nintzen. Hori behar nuen».
Bederatzi hilabetez dispertsatuta egon eta aske atera zenean prentsaurreko batean bere kontakizuna egin zuen bortxatutako emakume gorputzetik, babes falta handiarekin, aholku juridiko eta feministarik gabe. «Gorputza publiko egitea erabaki nuen, horrek dakarren guztiarekin: intimitatea galtzea. Komunikabideek sentsazionalismoz betetako lerroak idatzi zituzten eta horrek errudun sentiarazi ninduen. Batzuengandik errukia jaso nuen; besteengandik, ‘merezi zenuen’».

TATen parte hartzen hasi zenean, oroitzen da beren artean ere ez zutela topatzen gertatu zitzaiena izendatzeko hitzik. «Desberdin» torturatu zituztela erraten zuten. «Gudariaren iruditeriak ez zuen laguntzen: gogorra izan beharra, aurrera jo beharra. Hautsi, erori eta altxatzeko ekite feminista eta jarrera iraultzailea hartu nituen. Asko ikasi dut nola babestu, non, zer kontatu. Tresnak feminismotik hartu ditut».
Hala azpimarratu du Txapartegik: «Torturatu gintuzten, ninduten. Erori nintzen, gara. Altxa gara, hemen gaude eta borrokan jarraitzen dugu».
Ongi akonpainatua
Aiora Epelde aitortza instituzionalak eman dionaz mintzatu da. «Nahiko pribilejiatua naiz, ongi akonpainatua egin dudalako bidea», adierazi du.
2005ean Kriminologiaren Euskal Institutuaren azterketan (IVAC-KREI) parte hartzea prozesu intentsoa izan zen, aunitz mugitu zuen, baina eutsia sentitu zen hor ere. «Saio kolektibo horiek ez ditut ahazteko, egiten ari ginenaren balio politiko eta humanoaren dimentsioa eman zidatelako».
Tortura sistematikoaren aitortzan urratsa egitea izan zen bere motibazioa. «Badakit prozesu honek ez duela berriro ez torturatzeko berme osorik emango, baina kontestua azaltzen du eta horrek bere balio politikoa du. Herri honetako instituzio nagusiek sistematikoki torturatu dela aitortzeak arrazoia ematen digu, demokrazia eza onartzen duelako».
Feminismoak erakutsi dio Epelderi «emakume izendatua izanda ere subjektu aldarrikatzen, ama eta alaba txarra izatea merezi duela eta iruditeria aldatu behar dela ikusten. Haserre ere bagaude gureekin, gurearekin. Horregatik joan nintzen Nafarroako Gobernuko komisiora ere. Han ere entzuna eta jasoa sentitu nintzen».
Aitortza kolektiboak eta pertsonalak, biek egin zioten on, eta eskertzearekin batera, gehiago eskatu zien, gela txiki batean onartutako hori jendartean azaltzea. «Hona heltzeko pareta batzuk bota behar izan ditugu, aitortza kolektiboa guk lortu dugu, eta horma gehiago jaurti beharko ditugu agertoki berrietara heltzeko», adierazi du.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza



