‘Sorginak, putak, terroristak’, tortura politikoaren azterketa ikuspegi feministatik

‘Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa’ saiakera liburua aurkeztu du Olatz Dañobeitiak, gatazka politikoaren baitan emakumeek pairatutako bortxa berezituaren azterketa, ikuspegi feministatik helduta. 

Olatz Dañobeitia, ‘Sorginak, putak, terroristak’ liburuarekin.
Olatz Dañobeitia, ‘Sorginak, putak, terroristak’ liburuarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa’ liburua Olatz Dañobeitia Ceballos EHUko irakasle eta ikerlariak sinatu du, baina ariketa kolektibo baten ondorioa da, hainbat eragilek parte hartu baitute saiakera honetan: Emagin elkarteak, torturak jasan dituzten emakumeak eta torturaren aurkako eragileak, besteak beste. Ostiral honetan aurkeztu dute Donostian, egileak berak, Iratxe Retolaza Emagineko editoreak eta Iñigo Satrustegi Txalapartako editoreak.

Saiakera honek Olatz Dañobeitiak 1990ean egin zuen tesia du oinarri, zeinetan ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta emakume haiek sufritu zuten errepresioa –berak ere bai– aztertu zuen. Tortura ere «praktika matxista bat» dela baieztapenetik abiatuta, torturaren gaiaren ertz ugariri erreparatu diete liburu honetan. Lehenik eta behin, marko bat kokatu dute –«nola sexu tortura politikoa finenan indarkeria politikoa eta indarkeria matxista gurutzatzen diren bidegurutzea den»; tortura ere definitu dute –nork erabili duen, zertarako erabili izan den, nola...–, irakurketa feminista bat egin dute –«Estatuen beste tresna bat izan da sexu tortura ezartzeko eta emakumeen militantzia politikoa geldiarazteko»–, eta torturak emakumeengan izan duen eragina ere xehatu dute. Berregitea, erreparazioa, osatzea... ere izan dituzte aztergai.

Dañobeitiak hartu du lan hori egiteko ardura eta ahots asko bildu ditu, baina ez da torturen testigantza bilduma bat, baizik eta «marko bat ezartzeko liburu bat», eta irakurketa ere hortik ulertu behar da. «Ez genuen lekukotzetara eraman nahi, interpretazio marko kolektibo bat nahi genuelako», argitu du Iratxe Retolazak.

Azaldu duenez, Nafarroako Torturatuen Sareko emakumeak Emagin elkartearengana joan zirenean heldu zioten gaiari. «Beharra sentitzen zuten tortura feminismotik ere pentsatzezko, izendatzeko eta ulertzeko. Emagineko kideok sentitu genuen guk ere ardura bat bagenuela, torturari zein markotik helduko diogun iragana, oraina eta etorkizuna ulertzeko eta eraikitzeko».

Dañobeitiak bere tesian egin zuen bildumatik abiatuta, interpretazio hori zabaltzeko beste gune kolektibo batzuen beharra ikusi zuten eta elkarrekin pentsatzeko gogoeta gune eta mintegiak sortu zituzten, torturaren errepresio esperientzietan sostengu izan ziren psikologo, abokatu, errepresioaren kontrako mugimenduko kide eta miltante feministei ahotsa emanda. 

Mugimendu feminista indarkeria matxistaren barruan dauden biolentzia espezifikoak izendatzen ari den une honetan, «tortura politikoa ere indarkeria matxistaren barruan kokatzen dugu; horrek interpretazio marko berezitu bat behar zuen, ulertzeko, izendatzeko, erantzutegi, estrategiak bilatzeko eta ikusgarri egiteko», hausnartu du Retolazak. «Nik sinesten zaitut esateaz gain, ulertzen dugu, izendatzen dugu eta aurrera egiteko estrategiak garatzen ditugu», laburbildu du.

«Eraldaketarako harimuturra»

Dañobeitiaren hitzetan, liburu honek «eraldaketarako harimutur bat» izan nahi du, «gure herrian tortura leku ezberdinetatik bizi izan dugun pertsonen arteko elkarrizketak nola eraldatu gaituen» islatzen duelako. 

«Mende erdiz baino gehiagoz Euskal Herrian aplikatu den tortura espezifikoari, motibazio politikoengatik erabili den torturari begiratu diogu eta interpretazio eta azterketa feminista bat egin nahi izan dugu, premia hori zegoelako eta iruditzen zitzaigulako gertatu den hori interpretatzeko orduan marko hori osatu edo aldatu egin behar zela», azaldu du. Hala, «euskal gizartearen arrakala indibidual askoz osatutako arrakala kolektiboari begiratu behar geniola iruditu zitzaigun».

Horrenbestez, saiakeran torturaren egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aztertu dituzte, begirada feministatik: «Tortura osteko berregite intimo, pertsonala eta soziala», zehaztu du Dañobeitiak.

Aitortza, bilaketa eta proposamena

Kontatu duenez, liburuak «aitortza» egin nahi dio «tortura feminismotik pentsatu eta tortura desegiteko bidean bere hondar alea eman duten kide askori, bereziki Eva Foresti», baita «lurzoru hori arrakalatu zutenei». Iragan udan hil zen Arantza Arruti eta Guardia Zibilaren esku zegoela hil zen Gurutze Iantzi izan ditu gogoan.

Bilaketa bat ere badela esan du, «biolentzia politikoa eta biolentzia matxista nola elkar besarkatu eta elikatu diren, nola sostengatu diren». «Botere egitura ezberdinetatik mehatxu bat diren komunitate torturagarri bat eraikitzen da. Bere garaian sorginak izan ziren, putak etengabe, azken etapan terroristak. Komunitate torturagarri hori eraikitzea beharrezkoa da tortura ezarri ahal izateko», sakondu du.

Liburuak proposamen bat ere egiten duela iradoki du, «indarkeria kontzeptua, bai matxistaren bai politikoarena, zabaltzeko eta tortura bera birdefintzeko saiakera ere badelako». 

Azkenik, «ulermenerako leiho bat» ere bada, «funtsezkoa delako ulertzea pertsona torturatuak, senideak eta hurkoak, zer den gertatu zaiguna, egin digutena, min hori nola eraldatu eta indar eraldatzaile kolektibo bihurtu, ez norberarena baizik eta herri honena».

Hitzaurrea Emagineko kideek egin dute eta narrazio labur bat ere badago hasieran, Leire Ibargurenek egina, urteetan jasotako testigantza horietan oinarritutakoa, baina fikzionatua.

Txalapartako editoreak nabarmendu duenez, liburuaren ekarpena «oso handia» da. «Urteetan isildutako gauza asko esaten dira liburu honetan, testigantzez harago. Emakume torturatuek barruan gorde izan dutena partekatu dutenean ikusi dute: ‘Ni ere hemendik pasa naiz’».